Ahozkotasuna eta motibazioa

Esther Mugertzak eta Yolanda Olasagarrek Nafarroako ikastetxeetan euskararen irakaskuntzan izandako esperientziak azaldu dituzte EHUko Udako Ikastaroetan.
Ahozkotasuna sustatzeko Interneten jarri duten webgunea.
Ahozkotasuna sustatzeko Interneten jarri duten webgunea. BERRIA

Lorea Segurola -

2015eko uztailak 4
Euskararen erabilera bultzatu nahi badugu, biak modu bateratuan lantzea beharrezkoa da: motibazioa eta ahozkotasuna». Horrela azaldu zuten atzo Esther Mugertza Nafarroako Gobernuko euskara teknikariak eta Yolanda Olasagarre Nafarroako euskararen irakaskuntzaren baliabide zentroko langileak Nafarroako dozena bat ikastetxetan baino gehiagotan euskararen inguruan bildu duten esperientzia. Euskara sustatzeko «baliabide garrantzitsuena» ikastetxeak direlakoan, abian jarri dituzte motibazioa sustatzeko bloga eta ahozko hizkuntza irakasteko gunea, Nafarroako irakasle solteei zein ikastetxe bateko talde handiei prestakuntza eskaintzeko. EHUren Udako Ikastaroetan mintzatu ziren atzo.

Nafarroako Gobernutik irakasleei prestakuntza eskaintzea egokitu zitzaienean erabaki zuten Mugertzak eta Olasagarrek egoera aldatzeko zerbait egitea, «halako etsipen puntu bat» nabaritu baitzuten irakasleengan: «Ikasleek ez zuten irakasleek nahi bezain beste hitz egiten euskaraz, eta hitz egiten zutena ez zen kalitate onekoa, irakasleen esanetan», azaldu dute. Irakasleek ahozkotasuna eta motibazioa gelatik kanpo lantzen zituztela ikusirik, ez ziren horrekin bat etorri Mugertza eta Olasagarre, «irakaslearen eremua gela barrukoa» delakoan eta «ahozkotasuna modu planifikatuan» landu beharra dagoelakoan. Ideia hori abiapuntutzat hartuta, duela lau urte ahozkotasunaren lanketari eta prestakuntzari heldu zioten, betiere ahozkotasuna eta motibazioa «eskutik» doazela aintzat hartuz.

Irakasleei hausnarketarako baliabideak eskaintzen hasi ziren, haien portaerak ezagutu, eta «kutsu negatiboa» duten jokabide orokortu batzuk baztertu nahian: ikaslea ez epaitzea, erantzun positiboak ematea eta euskaraz egitera ez behartzea, esate baterako. «Ikasleak gelan behartuz gero, hortik kanpo inoiz ez dutelako euskaraz hitz egingo», argudiatu dute. «Traketsak» izan ahal izan daitezen, «tarteko fase bat» uztea beharrezkoa dela uste du euskara teknikariak: «Euskaraz hitz egiten hastean etengabe zuzenduz gero, zer gogo izango dute gero euskaraz aritzeko?».

Motibazioa eta inplikazioa

«Gurean ez dago euskaraz hitz egiteko beharrik; beraz, edo ikasleak erakartzen ditugu, edo ez dute euskaraz hitz egingo », azaldu dute. Motibazioa sustatzeko blog bat jarri dute martxan bi lankideek, baliabide anitzekin: ariketak, komikiak, bideoak... Irakasleentzat gida bat ere badute. «Irakasle taldeei ikastetxerako aholkuak adostu eta klaustroan onartzeko eskatzen diegu, guztiek jarrera positiboak barnera ditzaten».

Ahozkotasuna planifikatuz

Behin irakasleak ohartuta ikasleak motibatzearen garrantziaz, hurrengo ideia txertatzen dute ikastaroetan: «Sistema planifikatu baten faltan, nekez egingo dugu aurrera».

Ahozkotasunaren planifikazioa martxan jartzeko, ahozko hizkuntza irakasteko gunea martxan jarri berri dute bi hezitzaileek. Bertan, ikasgelan sortutako eta irakasleak grabatutako bideoak jartzen dituzte, «ikasle guztien parte hartzearekin».

Webgune horrek ikasleei materiala beren kabuz lantzea ahalbidetzen badie ere, bi hezitzaileek uste dute beharrezkoa dela hori «aurrez aurreko prestakuntzarekin uztartzea», «ahalegina herren geldi ez dadin». Irakasleei prestakuntza eskaintzeko beste baldintzetako bat da prestakuntza hori ikasleengana heltzea. Hau da, irakasleak martxan jartzea bere ikasgelan.

Lan egiteko modua «aldatu beharra» dagoelakoan, etorkizunean egitasmoa «ahalik eta gehien orokortzea» nahi dute Mugertzak eta Olasagarrek: «Ahal bada, euskaraz irakasten den Nafarroako ikastetxe orotara».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: