Boeing da aurtengo garailea

Hegazkin handien merkatuak bizpahiru mugarri garrantzizko izaten ditu urtean, eta horietako bat urtarrilean iristen da, duopolioko bi lehiakideek entregatutako hegazkinen kopuruen eta lortutako eskaeren berri ematen dutenean. 2018ko urte oparoan ez da ustekaberik izan, eta berretsi egin dira azken aurreikuspenak.
Farnborough-eko azokan jada agerian gelditu zen Boeing eskari gehiago ari zela lortzen.
Farnborough-eko azokan jada agerian gelditu zen Boeing eskari gehiago ari zela lortzen. ANDY RAIN / EFE

Irune Lasa -

2019ko urtarrilak 12
Amaitu berri den urtea ona izan da hegazkin komertzial handien ekoizleentzat: Airbusen eta Boeingen artean 1.608 hegazkin berri entregatu dituzte 2018an, aurreko urteko 1.481 airekoen kopurua aise gaindituz. Kopurua are adierazgarriagoa bihurtzen da 2011. urteko 1.000 hegazkinei erreparatuta, eta argi erakusten du halako hegazkinen ekoizpena nola doan gorantz indartsu eta etengabe.

Airbusek eta Boeingek, biek ala biek hobetu dituzte euren errekorrak, eta inoiz baino hegazkin komertzial gehiago ekoitzita. Baina lehian irabazlerik izan bada, Boeing izan da, bai bezeroei entregatutako hegazkinetan —806 Boeingek, 800 Airbusek— baita iazko urtean lortutako eskarietan ere —893 hegazkin Boeingek, 747 Airbusek—.

Hori bai, entregatan hazkunde handiena Airbusena izan da %11ko hazkundearekin, Boeingen entregak %6 bakarrik handitu direnean. Gero, ez da ahaztu behar ere eskariei dagokienean aurreko bost urteetan Airbus izan dela irabazle.

Azkenean, Ana Villate Hegan Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Klusterreko zuzendariak dioen bezala, «orokorrean bi konpainiek, eta betiere hegazkingintza komertzialaz ari garenean, urteak daramatzate parez pare, kopuru oso antzekoekin». Horregatik, eta beste hainbat aldagai aintzat ere hartu beharko liratekeela uste duelako, Villatek ez du irabazlerik izendatu nahi.

Parez pare ibili arren, bi handien arteko norgehiagokaren emaitzak jakin-min handia piztu ohi du urtero, eta aurten ere hala gertatu da, nahiz eta urteak aurrera egin ahala gero eta argiago zegoen Boeing zihoala aurretik batez ere bezeroei entregatutako hegazkinen kopuruan. Urrian, jada, Airbusek bere entregen urteko helburua hogei airekotan murriztu zuen, 800 hegazkinetara.

Eskarietan ere, urte osoan nahiko argi zegoen Boeing aurretik zihoala. Azken asteetan Txinako konpainia batzuekin akordioa lotzen saiatu da Airbus, baina ez ditu erabat itxi. Posible da, ondorioz, eskari horiek urte hasiera honetan iristea.

Ekoizpena areagotzen

Inoiz baino gehiago ekoitzi arren, bi konpainiek produkzio arazoak izan dituzte urtean zehar, batez ere, zenbait osagaien hornikuntzan izandako arazoengatik. Boeingek, esaterako, atzerapenez jaso ditu zenbait hegazkin ereduren fuselajeak. Airbusek, berriz, ekoizpen arazo propioak ditu bere lantegiren batean.

Hala ere, hornitzaileei dagokienez, aurten ere motorren hornikuntza izan dituzte bi konpainiek arazo handienak. Adibidez, iazko urtearen hasieran Pratt & Whitneyk arazoak izan zituen Airbusen A320neo hegazkinetarako motorrekin. Bazirudien irail-urrian Airbus gai izango zela, atzerapen horri buelta emateko, baina motor berean arazo gehiago azaldu zirenez, hegazkingile europarrak bere ekoizpen helburuak murriztu behar izan zituen.

Boeingek berak ere izan ditu arazoak motor hornitzaileekin, eta era berean, motorgile horiek euren metal hornitzaileekin. Azkenean Airbusek eta Boeingek euren ekoizpena areagotu nahi izateak esan nahi du haien hornitzaileek ere ahaleginak eta bat egin behar dituztela eskariak betetzeko eta ekoizpen kate osoa dagoela lanean jo eta su.

«Egia da urteroko eskarien hazkundeen ondorioz, bi konpainiek euren esfortzuak biderkatu egin behar izan dituztela bezeroak asetzeko eta entregak aurreikusitako epean egiteko», azaldu du Heganeko zuzendariak. «Lan karga handiago horrek bi fabrikatzaileetan izan du eragina, baina agertoki berri horretara egokitzeko profesionaltasuna erakutsi dute eta azaldutako edozein arazo konpontzen ari dira; bermeekin aurre egiten azken aldi honetako ekoizpenaren areagotzeak dakarren erronkari».

Hazkunde handia bistan

Ez dirudi, gainera, moteltzerik izango denik ekoizpenean. Hori uste du Ana Villatek. «Aurreikuspenak oso positiboak dira sektorearentzat. 2035. urterako 30.000 hegazkin gehiago beharko direla iragarri da. Inoiz baino hegaldi gehiago egin dira 2018an. Aire konpainiek 4.300 milioi bidaiari garraiatu zituztela jakinarazi du abenduaren 31n NAZE, Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak. Beraz, aurreko urtean baino %6,1 gehiago eta %5eko hazkunde aurreikuspena gaindituz. Horrek esan nahi du ekoizpenaren areagotzeek goranzko joera positibo eta konstantea dutela».

IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak ere aurreikusi du hegaldi trafikoa bikoitza izango dela hemendik hogei urtera. Boeingek eta Airbusek 2018an egindako 1.600 hegazkinen %30 dira soilik zaharkitutako hegazkinak ordezkatzeko.

Hori bai, sektoreko euskal enpresei dagokionez, Heganeko zuzendariaren arabera, «bezeroen prezio eskakizunek, programa berrien faltak eta ekoizpena hazkunde handieneko merkatuetara —Txina, Ekialde Hurbila, AEB— lekuz aldatzearen eraginez, egungo programetan ez dauden enpresek ahalegin berezia egin beharko dute estrategikoki kokatzeko edota euren lehiakortasun hobetzeko». Programa berriak militarren arloan etorriko direla dio Villatek, hegazkin zaharrenak ordezkatzeko eta hor aukera handituko direla. «Hala ere euskal sektorea programa eta garapen zibiletan dago kokatua batez ere».