Euskaraz eta naziogintzaz ari da 'Jakin'

'Herria, nazioa, estatua... eta euskararekin zer?' zenbakia kaleratu du aldizkariak.Jardunaldi bat ere eginen du gai beraz, UEUrekin batera

Lorea Agirre eta Xabier Eizagirre, atzo, Iruñean egindako aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hamalau pertsonak osatutako talde berri batek hartu zuen Jakin aldizkariaren ardura duela urtebete. «Intuizioa genuen eztabaida sortzen zuten gaiak harrapatzeko gai izango ginela, eztabaida horiek gizarteratu ahal izateko gero». Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek erran zituen hitzok, atzo, Iruñean, aldizkariaren azken zenbakiaren aurkezpenean. Lantaldearen intuizioa bete, eta azken urteotan pil-pilean dagoen eztabaida bati eskaini dio aldizkariak azken zenbaki hori: euskaraz eta naziogintzaz ari dira argitalpen horretan hainbat egile, Herria, nazioa, estatua... eta euskarekin zer? izenburupean.

«Zenbaki indartsua da», erran zuen Xabier Eizagirre Jakin aldizkariko erredakzio buruak, atzoko agerraldian. Alaitz Aizpuruk, Haritz Garmendiak, Koldo Izagirrek, Unai Apaolazak, Joxe Manuel Odriozolak, Jule Goikoetxeak, Eduardo Apodakak eta Idurre Eskisabelek hartu dute hitza Jakin-en azkenekoan; bai eta Unai Iturriagak ere, bere artikulu grafikoaren bidez. «Erronka jarri genien egileei: bestearen esparrutik eustea gaiari; eta urrats hori egin dutela uste dut», nabarmendu du Agirrek.

Galdera nagusi bati erantzun diote egileek aldizkarian. «Txillardegiren ondoren, zer?». Gako hori jarri zuen mahai gainean Jakin-eko zuzendariak atzo. «Txillardegirekin eta bertze hainbat egilerekin, ordura arteko ideia bat bazter gelditu zen: abertzaletasuna arrazarekin edo odolarekin lotzen zuen ideia, alegia». Txillardegik euskara jarri zuen ordura arte arraza zegoen tokian. Eta euskararekin lotu zituen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna.

Orain, premisa hori zalantzan jartzen duten bertze hainbat badira. «Abertzaletasunak eta euskarak elkarri oztopo egiten diotela dio oraingo premisa horietako batek, banandu behar dutela. Beste premisa batek dio independentismoa eta abertzaletasuna ere banandu behar ditugula. Ideia zaharrak dira, berez, baina formulazio berriak sortu dira», azaldu du Agirrek.

Ideien eta premisen arteko eztabaida hori jaso du Jakin aldizkariaren azken zenbakiak bere orrietan. «Iritzi ezberdinak daude; elkarri kontra egiten diote hainbatek, baina egile guztiek bat egin dute helburuetan; herri gogoari eta hizkuntzari etorkizuna eman behar zaiela, estrategia ezberdinak izan arren», nabarmendu du aldizkariko zuzendariak.

«Txillardegiren ondoren, zer?» galderari erantzuteko hainbat modu gelditu dira agerian Jakin aldizkarian. «Txillardegik zehaztutako bidetik jarrai dezakegu aurrera; Txillardegi berrikusi edo gaurkotu dezakegu; edo bide berriak jorra ditzakegu».

Egile bakoitzak bere ekarpena egin du. Alaitz Aizpuruk, adibidez, Txillardegiren teoria aztertu du aldizkarian. Tesia egiten ari da hari buruz, hain zuzen ere. «Txillardegiren teoria aztertu, eta gaur egunera ekarri du», azaldu du Agirrek. Haritz Garmendiak euskararen eta boto abertzalearen arteko harremana jorratu du, bertzetik, eta lotura hori badela agerian utzi du. «Joxe Manuel Odriozolak, berriz, estatugintzan eta euskal nazioaren eraikuntzan euskararen balioa gutxiesteak krisi latza ekar dezakeela ohartarazi du».

Paperaz harago

Jakin aldizkarian hitza hartu duten hainbat egilek argitalpen horretako orrietan egindako lanean urrats gehiago ere eginen dituzte, datorren astean jardunaldiak eginen baitituzte, Iruñean, eztabaida beraren inguruan. Jakin aldizkariak berak antolatu ditu, UEU Udako Euskal Unibertsitatearekin batera. Hitzaldiak eta mahai inguruak eginen dituzte, Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian izenburupean. Katakrak espazioan izanen dira, hilaren 25ean eta 26an.

«Gai berari eutsi nahi izan diogu jardunaldi horietan, baina beste euskarri baten bidez», azaldu zuen Agirrek, atzoko aurkezpenean. Beste bat ere izanen dela iragarri zuen aldizkariko zuzendariak, dokumental bat prestatu baitute. Hilaren amaieran aurkeztuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.