Wikipediako 1.600 artikulu ikasleentzat

Euskarazko Wikipedia indartzeko egitasmo bat aurkeztu dute Jaurlaritzak eta Wikilari elkarteak. Ikasleek artikuluak egingo dituzte ikasleentzat

Gonzalez elkarteko kidea eta Zupiria sailburua, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Ikasleentzat tresna garrantzitsua da, eta euskarazko eskaintza sendotu egin nahi dute. Wikipedian euskarazko artikulu gehiago sortzeko eta jada badaudenak hobetzeko, akordio bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Elkarteak. DBHko ikasleek behar izaten dituzten artikuluak osatu nahi dituzte, eta, horretarako, goragoko ikasleek jardutea: haiek egiten dituzten lanen bidez elikatzea Wikipedia, irakasleen gainbegiradapean. Horrela, euskarazko sorkuntza ez ezik, kalitatea bermatu nahi dute. Zerrenda bat osatu dute DBHko curriculuma oinarri hartuta. Hiru urtean 1.600 artikulu taxutu nahi dituzte.

Hizkuntza gutxitua izanda ere, euskarak leku nabarmena dauka Wikipedian. Denera 300 bat hizkuntzatan dago, eta, kopuruari erreparatuta, 31. tokian dago euskara, 284.000 artikulurekin baino gehiagorekin. Kontsumoari begiratuta, berriz, batez beste egunean 70.000 artikulu ikusten dituzte, eta, azken urteko zenbakiak hartuta, ia 26 milioi artikulu. «Munduan gehien irakurtzen den entziklopedia», Bingen Zupiria Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez.

Ikasleek baliatzen dute gehien Wikipedia. «Hezkuntzarako tresna da. Ikasleek euskaraz aurkitzen ez dutena beste hizkuntza batean aurkituko dute», ohartarazi du Zupiriak. Nabarmendu du ezinbestekoa dela Wikipedian euskaraz eskaintzea edukiak. Bide beretik aritu da wikilarien elkarteko kide Galder Gonzalez: «Ikasleek erabiltzen dute euskarazko Wikipedia, baina ez dute aurkitzen bilatzen duten guztia».

Kalitatezko edukiak

Euskal Wikilarien Elkartearekin sinatu dute ituna, baina ez dituzte haiek sortuko edukiak. Ez baita hori Wikipediaren funtsa. «Auzolanean» osatu nahi dute. Hezkuntza eta gazteak dituztenez bereziki jomugan, Wikipedia haiek elikatzea nahi dute. Horretarako, 1.600 bat kontzeptuko zerrenda osatu dute, DBHko curriculumetan oinarrituta, Berritzegune Nagusiarekin elkarlanean. «Proiektua aurrera joan ahala, gehiago izan daitezke», azaldu du Gonzalezek. Lista hori eskuan, unibertsitatera eta institutuetara joko dute, ikasleek egiten dituzten lanen bidez Wikipedia sendotzeko. Kalitatea bermatze aldera, proposatu dute irakasleek begiratzea ikasleek egindako artikulu horiek.

Izatez, gisa horretako proiektu batean sartuta daude EHUren Gipuzkoako campusean, Donostia 2016ren bueltan hasitako egitasmo batean: ehun bat ikasle ari dira Wikipedian edukiak sartzen.

Hamabost esparrutako artikuluak bultzatuko dituzte proiektu horren bitartez. Arlo hauetakoak: matematika; biologia eta geologia; fisika eta kimika; geografia eta historia; literatura; informazioa eta komunikazio teknologiak; hizkuntzak; kultura zientifikoa; ekonomia eta ekintzailetza; kultura klasikoa; filosofia; plastika eta ikus-entzunezkoak; musika, dantza eta antzerkia; gorputz hezkuntza; eta emakumea eta generoa. Gai horietan garrantzia eman diote «genero ikuspegia» txertatzeari, Zupiriaren esanetan.

Jaurlaritzak 600.000 euro jarriko ditu hiru urtean egitasmoa bultzatzeko. Handik kanpo, hala ere, gogorarazi dute edozein herritarrek daukala aukera euskarazko edukiekin Wikipedia sendotzeko. «Auzolan erraldoi bat» baita entziklopedia egiteko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.