Beste 45 milioi euro Sidenorrentzat

Instalazio berriak inauguratu dituzte, 40 milioi euroko lehen inbertsioaren ostean. Basauriko enpresak 50. urteurrena bete du

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Sidenorreko plantan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
Xabier Martin - Irune Lasa
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Jose Antonio Jainagaren proiektua aurrera doa, sendo; orain arte egindako inbertsioaren emaitza erakusteko eguna izan zuen atzo: Sidenorrek instalazio berriak dauzka jadanik, 40 milioi eurokoinbertsioaren fruitu, eta datorren urterako altzairu enpresan beste 45 milioi euroko inbertsioa egingo dutela iragarri zuen Sidenorreko presidenteak.

Ospakizunetarako eguna zuten atzo Basauriko (Bizkaia) fabrika berrituan. 50 urte bete ditu altzairutegiak, eta Jainagak gidatzen duen proiektuak eman duen hauspoaren fruitua erakusteko baliatu zuten urteurrena. Taldearen beste lantegietako zenbaiten geroa argitu gabe dago, baina Basaurin etorkizunera begirako inbertsioak egin dituzte aurten, guztira 40 milioi euro ingururenak. Hurrengo urterako ere fabrika bereko ekipamendua hobetzen beste 45 milioi euro gastatuko dituzte. Horietatik hamar milioi euro altzairutegirako izango dira, eta gainerako 35 milioiak ijezte trenaren modernizaziorako bigarren faserako. Instalazio berri horiekin Sidenor taldeari merkatu berriak zabalduko zaizkiola uste du Jainagak.

Aurten erositako xaflak ekoizteko tren berria eta labe berria inauguratzen izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia. Erakundeotako kargudunez gain, EAJko presidente Andoni Ortuzar eta alderdiko Bizkaiko Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa ere han izan ziren, Sidenorrek gonbidatuta. Urkulluk txalotu egin zuen altzairuaren sektoreak garai zaila duen aro honetan Sidenorrek inbertsioetan egindako «ahalegina» eta taldearen «abangoardiako espiritua». Era berean, bere erabakigunea Euskal Herrian mantendu izana goraipatu zuen. Hain zuzen, aste honetan bertan ezagut daiteke Siemens Gamesak iragarritako kaleratzeetako zenbat izango diren Euskal Herrian, eta, Urkulluk auziari aipamen zuzena egin ez zion arren, erraza izan zen Gamesaren salmentarekin gogoratzea.

Sidenorren erabakigunea Euskal Herrian jarrai dezan laguntza eskatu zuen Jainagak. Energia prezioarekin lotu zuen eskaera.Energia garestiak eragiten dizkion lehiakortasun arazoei aurre egiteko esan zion Gasteizko gobernuari. «Hainbat krisi eta birmoldaketa igaro ditugu, eta fabrika inoiz baino biziago dago. Baina energiaren prezioak arrisku bizian jartzen du gure geroa». Iñigo Urkulluk erantzun zion lanean jarraituko duela energia kostu «mesedegarriagoak» lortzeko. «Sidenorrek euskal ekonomiaren ekosisteman duen garrantzia handia da», esan zuen lehendakariak. «Sidenor eredu oso ona da enpresa txiki eta ertainentzat, hornitzaileen sarearentzat, teknologian inbertitzea etorkizuneko lehiakortasunean inbertitzea delako».

Oharra sindikatuei

Sindikatuentzako hitzak ere izan zituen Sidenorreko presidenteak, haiei kargu hartzeko; ijezte trenaren abiatzea hilabete atzeratu dela eta «langileek hilabete etxean egin behar izan dutela» azaldu zuen. Jainagak ez du ulertzen «herri eraikuntzaz hitz egiten duten sindikatuak» egutegien moldaketen kontra egotea, eta lan egindakotzat jo nahi izatea galdutako asteak. «Ez dut ulertzen, eta ez dut sekula ulertuko».

Duela 50 urte, jardunean hasi zenean, Basauriko Sidenorrek 90.000 tona altzairu ekoizten zituen urtero. Gaur egun, 300.000 tona altzairu prozesatu eta bukatu ditzake, eta altzairutegiaren ekoizpen ahalmena hamar aldiz handiagoa da, 900.000 tonakoa. Basauriko altzairutegian 900 behargin ditu Sidenorrek jardunean; 1967an, abiatu zenean, 150 behargin zeuden. Sidenor taldeak 671 milioi euroko fakturazioa izan zuen aurreko urtean, eta, aurten, 710 milioikoa egiteko aurreikuspena egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.