Ipar eta Hego Korea apirilean batzartuko dira

Bi buruzagiak eremu desmilitarizatu batean elkartuko dira, 11 urtean lehen aldiz. AEBekin mintzatzeko ere prest agertu da Piongiang

Chung Eui-yong eta Kim Jong-un, Piongiangen, astelehenean. KCNA / EFE.
ander perez zala
2018ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ipar Koreak eta Hego Koreak goi bilera bat egingo dute datorren hilabetearen amaieran, mugako Panmunjom herri desmilitarizatuan. Seulek egunotan Piongiangera bidalitako ordezkaritzaren buru eta Hego Koreako Segurtasun Nazionalerako kontseilari Chung Eui-yongek eman zuen atzo hitzorduaren berri, eta, planak aldatu ezean, 11 urtean lehenengoz batzartuko dira bi herrialdeetako buruzagiak, historian hirugarrenez.

1953an sinatu zuten menia Ipar Koreak eta Hego Koreak, Panmunjomen, hiru urteko gudaren ostean, baina egun teknikoki gerran jarraitzen dute bi herrialdeek —baita AEBek ere—. «Hegoaldeak eta Iparraldeak adostu dute bi liderren arteko komunikazio linea zuzen bat sortzea, tentsio militarrak apaltzeko eta kontsultak egiteko. Hirugarren goi bilera baino lehen, bi buruzagiak elkarrekin mintzatuko dira», azaldu zuen Chungek.

Otsailean Pyeongchangen (Hego Korean) egindako Neguko Olinpiar Jokoen harira hasi zen bi Koreen arteko azken hartu-emana. Ipar Koreak eta Hego Koreak batera desfilatu zuten inaugurazio ekitaldian, eta hockey talde bateratua osatu zuten, emakumeen kategorian; testuinguru horretan, Ipar Koreako lider gorenaren arreba Kim Yo-yongek Piongiangera bidaiatzeko gonbita helarazi zion Moon Jae-in Hego Koreako presidenteari, eta horren ondorio izan da egunotan Ipar Korean egindako bilera erronda. Badirudi bi gobernuen arteko tentsioa apaldu egin dela hilabeteotan, baina zuhurtziaz hartu behar da egungo egoera, iraganean izandako saiakerek ez baitute ekarri emaitza positiborik.

Betiere Hego Korearen ordezkaritzaren arabera, Kimek bertan behera utziko lituzke misil nuklearren probak apirileko negoziazioetan; azkena iazko azaroan egin zuen.«Iparraldeak berretsi egin du Koreako penintsula desnuklearizatzeko konpromisoa, eta adierazi du ez lukeela arma nuklearrik edukitzeko arrazoirik izango baldin eta bere erregimenaren segurtasuna bermatuko balitz eta herrialdearen aurkako mehatxu militarrak desagertuko balira», gaineratu zuen. Ipar Koreak, bere berri agentziaren bidez, baieztatu zuen «akordio gogobetegarri bat» egin zutela egunotan.

Washingtonen rola

Donald Trump AEBetako presidenteak, ohi bezala, Twitterretik erantzun zien Kimen asmoei. Chungen arabera, Piongiang prest dago Washingtonekin ere negoziatzeko, desnuklearizazioa eta harremanen bideratzea helburu. «Litekeena da Ipar Korearekin aurrerapausoak egin izana. Hainbat urtean lehenengoz, benetako ahaleginak egiten ari dira alde guztiak. Mundua ikusten eta itxoiten ari da! Itxaropen faltsua izan daiteke, baina AEBak prest daude bide zuzenetik joateko», txiokatu zuen Trumpek.

AEBek 28.500 soldadu inguru dituzte Hego Korean, eta egoera hori herrialdearentzako mehatxutzat du Ipar Koreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.