Eusko Jaurlaritzak %0,6ko defizit muga izango du hurrengo urtean

jokin sagarzazu
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak %0,6ko defizit muga izango du 2023an —iazkoa baino hiru hamarren txikiagoa—; hau da, zor bidez 493 milioi euro gehiago erabili ahal izango ditu datorren urteko aurrekontuetan; horrekin batera, %13,5eko zorpetze publikorako gaitasuna izango du, eta, beraz, 11.075 milioi euroraino iritsi ahal izango da bere zorra. Foru aldundien kasuan, %0,1ekoa izango da defizit muga: 82 milioi eurokoa.

Akordio horretara iritsi dira Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saila eta Espainiako Ogasun Ministerioa. Gainerako erkidegoek %0,3ko defizit muga izango dute. Nafarroako Gobernuak berea adostu behar du oraindik, baina iaz Eusko Jaurlaritzaren berbera izan zuen.

Pandemiaren ondorioei aurre egiteko, 2020an Bruselak finantza egonkortasunerako neurriak alde batera uzteko baimena eman zien estatu kideei, zorpetzeko eta defiziterako askatasuna emanez, 2023ra arte. Neurri horri esker, Jaurlaritzak 1.716 milioi lortu zituen 2020an; 1.617 milioi 2021ean, eta 707 milioi aurten. Jaurlaritzak superabitarekin amaitu ditu azkenengo urteak.

1.800 milioi gastatu gabe

Horiek hala, Jaurlaritzak aurreko urteetako aurrekontuetatik gastatu gabeko 1.800 milioi euro ditu oraindik, eta foru ogasunen zerga bilketa %10 handitu da aurten. Diru horrekin 2023rako bere historiako aurrekonturik handiena egitea aurreikusi du, 13.600 milioi eurotik gorakoa. Azpiazuk herenegun adierazi zuenez, Jaurlaritzak asmo horri eutsiko dio, nahiz eta aurreikusi ekonomia motelduko dela datozen hilabeteetan.

Ohar batean, Ekonomia eta Ogasun Sailak azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zor publikoa 10.860 milioi eurokoa izango dela urte amaieran, hau da, BPGaren %14 inguru. Azpimarratu duenez, gutxien zorpetutako erkidegoetako bat da EAE; soilik Nafarroa du gainetik, eta zehaztu du Espainiako gainerako erkidegoen batezbestekoa baino 10 puntu txikiagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.