Oharkabean pasatuko da Korsika

Frantziako Konstituzioaren erreforma eztabaidatzen hasi dira Asanblean. Ajaccioren aldarrikapen bat soilik hartzen du aintzat
LUDOVIC MARIN / POOL / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 11
Bastia (Korsika), iragan otsailaren 7a. Korsikako presidente Gilles Simeonirekin eta Korsikako Asanbleako presidente Jean-Guy Talamonirekin batzartu ostean, irlan ikusmin handia sortu duen diskurtsoa ematear da Emmanuel Macron Frantziako presidentea. 2017ko abenduko Korsikako bozetan Pe a Corsica koalizioak gehiengo osoa lortu zuenetik, Talamonik eta Simeonik euren aldarrikapen historikoak lau haizeetara zabaldu dituzte, eta, Frantziako presidente hautatu zutenetik lehenengoz, Macron Korsikan da auzi horiei buruzko iritzia jakinarazteko. Erantzuna ezagutarazi zuen egun hartan: nazionalisten aldarrikapen ia guztiei ezezkoa eman zien. Bakar baten alde agertu zen soilik, Korsika hitza konstituzioan sartzearen alde, Mediterraneoko irlaren «berezitasuna» aitortzeko. Bost hilabete igaro dira egun horretaz geroztik, eta Frantziako Asanblea atzo hasi zen konstituzioaren erreforma proposamenaren lehen zatia eztabaidatzen. Frantziako presidentearentzat, 2017ko hauteskunde kanpainan hitzemandako neurri batzuk indarrean jartzeko aukera da; korsikarrentzat, garrantzitsua izan zitekeen unea ia ezerezean geratu da, eta Korsikako auzia oharkabean pasatuko da.

Hilabeteotan hainbatetan izan dira bi buruzagi korsikarrak Parisen, baina ez dira inoiz pozik atera Macronen gobernuarekin izan dituzten bileretatik. Horren adibide, Talamonik hilaren 2ko bilerara ez joatea erabaki izana; egun horretan, Simeoni izan zen soilik Matignonen, eta ezohiko irudia izan zen. Macronen bisitaren aurretik ere biak izan ziren Parisen, eta, negoziazioak ez aurrera ez atzera zihoazela oharturik, Frantziako presidentea jo zuten «egoera desblokeatzeko» giltzatzat. Baina Frantziako estatuburuak ez zituen aurreikuspenak bete.

Bastiako diskurtsoan, Macronek baiezko bakarra eman zion Korsika hitza konstituzioan sartzeari, eta onartu zuen Korsikak berezitasunak dituela. Bada, ideia horiek aintzat hartu ditu konstituzioaren erreformarako lege proiektuan. Zehazki, Frantziako presidenteak 72-5 artikulua sartu nahi du konstituzioan; honako hau dio: «Korsika estatus berezia duen kolektibitate bat da, 72. artikuluko lehen paragrafoaren araberakoa. Legeek eta araudiek irla izatearen arabera egokituriko arauak izan ditzakete, baita bere ezaugarri geografiko, ekonomiko edo sozialen araberakoak ere. Eskubide konstituzional baten edo askatasun publiko baten jarduna oztopatzen ez duten kasuan, egokitzapen horiek Korsikako kolektibitateak erabaki ditzake, betiere bere eskumenak kontuan harturik».

Bi esaldi horietan zehaztu du Macronek, beraz, Korsikaren «aitortza konstituzionala». Eduki horren arabera, eta Macronen txostenean azaldutakoa kontuan harturik, lege moldaketa horiek ahalbidetuko lukete Korsikan «zerga lokalak» sortzea eta «zerga nazionalak [Korsikara] egokitzea, beharrezkoa balitz». Eskaintza horietara mugatu da, hortaz, Parisen jarrera.

Gainontzeko aldarrikapenei buruz, ezezkoak nagusitu ziren Macronen Bastiako diskurtsoan: hizkuntzaren koofizialtasunik ez, egoiliar estatusik ez —«ez da irtenbide egokia»—, eta autonomia estatutua adosteko keinurik ere ez. Presoen hurbiltzea eta amnistia ez zituen aipatu ere egin. Eskari horiei baiezkoa emanez gero, argi dago Korsikako auziak erreforman egun duena baino garrantzi handiagoa izango lukeela, aitzindaria izango baitzen.

Protagonismoa dutenak

Korsikakoa ez ezik, beste hainbat erreforma politiko ere aurkeztu ditu Macronek. Argudiatu du beharrezkoa dela erakunde «eraginkorragoak» izatea, eta, beraz, aurkezturiko neurriek, onartuak izanez gero, helburu hori beteko dutela; ordea, oposizioarentzat, neurriek botere legegilea ahulduko lukete, gobernuaren mesederako. Besteak beste, Frantziako presidenteak nahi du «malgutasun handiagoa» ganberetako eztabaidetan —testuak aztertzeko denbora murriztuz—; exekutiboko kideentzako auzitegia kendu —Errepublikako Justiziaren Gortea—; ganberetako ordezkari kopurua murriztu, eta hauteskundeetako boto sistema aldatu, besteak beste. Neurri horiek dira, gaur-gaurkoz, eztabaidan protagonismo handiena hartu dutenak.

Argi dagoena da prozesuak luze iraungo duela. Atzo abiaturikoa, Asanbleako egutegiaren arabera, hilaren 24an bukatuko da, eta, ondoren, Senatuan eztabaidatuko dute. Beste bi txostenek bide bera egingo dute irailetik aurrera, baina horien kasuan eztabaidak gehiago iraungo du, eduki aldetik pisu handiena dutelako —nahiz eta neurri gutxiago dituzten—, eta diputatuek denera mila zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkietelako Macronen lege proiektuei.

Eztabaidak amaitu ostean, aldaketak 2019rako nahi ditu indarrean gobernuak. Hori lortzeko, Macronek bi aukera ditu: Frantziako Kongresuko hiru bostenaren babesarekin —Asanbleako eta Senatuko ordezkariak elkartzen dira han—, edo erreferendum bidez herritarren babesarekin. 2008az geroztik egindako konstituzioaren lehen erreforma da atzo abiaturikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna