Armak utzi ditu Korsikako FLNCk

Uhartean sortutako baldintza politiko berrien ondorioz, desmilitarizazio prozesu bat hasteko erabakia hartu du erakunde armatuak
FLNCko kideak, 1995ean eginiko agerraldi batean.
FLNCko kideak, 1995ean eginiko agerraldi batean. PIERRE MURATI

Iñaki Petxarroman -

2014ko ekainak 26
FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak iragarri du armak utziko dituela, atzo ezagutarazitako agiri baten bidez. Eztabaida prozesu luze baten ostean, gaur egungo baldintza politikoek eraman dute erakunde armatua erabaki hori hartzera, FLNCk berak agirian azaldu duenez.

Izan ere, nazio askapena lortzeko Korsikak «urrats historiko bat» egiteko aukera duelakoan da FLNC: «Egungo eztabaidagai politiko nagusiak, korsikera, ogasuna, aireportuak, Korsikako itsas konpainia, egoiliarren estatutua, konstituzioaren berrazterketa, garapen ekonomiko eta soziala, oso garrantzitsuak dira gure herriaren etorkizunerako. Mugimendu nazionalak, gure erakundeak, hain zuzen ere, herriaren burujabetza berreskuratzeko xedearekin aurrera eramandako aldarrikapenak dira horiek guztiak».

Egoera politikoa hala izanda, «aurrebaldintzarik eta zalantzarik gabe, klandestinitatetik irteteko eta desmilitarizazio prozesu bati ekiteko» erabakia hartu du.

Bide armatua uzteko erabaki historikoa aitortuta ere, bideak jarraitzen duela gaineratu du: «Ez da historiaren amaiera, kontrakoa baizik; keinu honekin aukera berriak eskaini nahi ditugu burujabetzarako bidean». Hain zuzen ere, prozesu historiko berrian herrialdea gobernatu eta independentziara eramango duen indar politikoa sortu behar delakoan da FLNC.

Erakundeak baikortzat jo ditu Korsikako Lurralde Asanblean hilabeteotan eztabaidatu diren gaiak. Bereziki azpimarratu dute Korsikako ordezkari politikoek egoiliar estatutuaren alde bozkatu izana. Horren arabera, Korsikan etxe baten jabe izateko, bertan gutxienez bost urtez bizi izana justifikatu beharko da. «Neurri ausarta da hori, gure herriaren etorkizunerako itxaropen eta konfiantza handikoa».

Militanteei oharra

Aldi berean, agirian FLNCk dei egin die bere militante guztiei, armak uzteaz gain, bide politikoan ardurak hartzeko, erakunde politiko eta sindikaletan. Ildo horretan, Frantziako Gobernuari eskatu dio preso eta iheslari politikoen auziari irtenbide bat emateko, «askatasuna berreskuratu» ahal izan dezaten.

Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea 1976an sortu zuten, eta Korsikako independentziaren alde jarduten duen erakunde armatu nagusia da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna