Onintza Enbeita.
BIRA

Gure minak

2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Ez gaude inoren mina sendatzera behartuta. Maite dugun jendeak bere arazoak kontatzen dizkigu, eta guk entzun egiten dizkiogu; edo ez. Bakoitzak daki zer egin entzun duenarekin. Jende batek erraz kontatzen du bere barruan, ustez oso barruan, daukan hori. Beste batzuk, ordea, ikusi egiten dituzu zuloan eta zulorago eta zulorago erortzen, eta halako batean, eztanda egin dutela entzuten duzu. Batzuetan zaila izaten da hala nahita ere norbaiti laguntzea. Batzuek emozioei kasu egiten diete beti, eta beste batzuek nahiago izaten dute buruarekin bakarrik pentsatu. Ez dut uste berez hain bereizita daudenik, baina hala erakusten digute. Nik pentsatzen dut emozioei ez begiratu nahi izateak zeure burua modu konkretu batean funtzionatzera eramaten duela. Ariketa gogorra baita zure barruan gertatzen den hori guztia etengabe ukatzea, gertatuko ez balitz bezala jarraitzea aurrera. Izan ere, zure barruan gertatzen den hori guztia gertatu egiten da: zugandik kanpora gertatzen diren gauzen moduan. Egingo diogu kasu edo ez, baina emozio horiek benetan gertatzen dira. Guk badakigu noiz egiten diegun min besteei eta noiz geure buruari. Ez gaude behartuta besteen mina sendatzera, baina geure minak sendatzeak on egiten digu. Bestela besteengan proiektatzen dira etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.