Bake iraunkor baterako beste azterketa bat

Ukraina ekialdean menia beste behin ezarri arren, urraketak salatu dituzte.

Errusiak gas emaria ireki du Kievek zorrak kitatu ondotik
Lehen su-etena indarrean sartu zenetik borrokak izan dira ia egunero. Irudian, armadaren kontrol bat.
Lehen su-etena indarrean sartu zenetik borrokak izan dira ia egunero. Irudian, armadaren kontrol bat. ROMAN PILIPEY / EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 10
Ez da Ukraina ekialdean ezarritako lehen su-etena. Aurretik ezarritako beste guztiak ezerezean gelditu dira, eta ia egunero izan dira borrokak. Horregatik, epe laburrera begira gatazka eremuan menia iraunkorrik ezar daitekeen neurtuko du. Aurreko astean negoziatu zuten Kievek eta matxinoek su-etena, bake elkarrizketei bultzada bat ematearren. Ondorioz, bi aldeek operazio militarrak bertan behera uzteko agindu dute, eta «isiltasunaren eguna» ezarri zuten atzo. Halere, eguna ez da espero bezain isila izan, gerra hotsak entzun baitira borroka lerroetan.

Donetsk hiriburuan, Reuters agentziako berriemaileak noizbehinkako tiro hotsak entzun ditu 09:00etatik aurrera, menia indarrean sartu denetik. Ukrainako armadak kaleratutako oharraren arabera, matxinoek sei bider urratu dute tregoa 13:00era arte, armadaren posizioen aurka granadak jaurtikiz. Beste ohar batean, militarrek salatu dute 64 eraso egin dituztela matxinoek, eta, ondorioz, bi zibil hil eta beste hamar zauritu dituztela. Halere, Ukrainako armadak jakinarazi du soldaduek ez dietela erantzun erasoei. «Ukrainako indarrek, unearen garrantziaz jakitun, ausardiaz jokatu dute, eta ez dute surik egin».

Baina Ukrainako armadak ere ez du guztiz errespetatu menia. Matxinoek Ria Novosti agentziari esan diotenez, Donetskeko aireportutik gertu erasoak egin dituzte soldaduek.

Borroka eremuan armak pixkanaka isilaraztearekin batera, beste bilera bat egitekoak dira bi aldeak aste honetan, Minsken, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen eta Errusiaren bitartekaritzarekin.

Minskeko protokoloa nola ezarri negoziatu behar dute. Irailaren 5ean sinatu zuten, baina borrokak ez dira eten. Armadak onartu duenez, laurehun soldadu hil dira ordutik. Irailaren 19an beste memorandum bat sinatu zuten, arma astunak borroka lerrotik atzeratu eta 30 kilometroko zabalerako segurtasun eremu desmilitarizatu bat sortzeko.

Minskeko elkarrizketak

Errusiaren arabera, su-etenaren arrakasta bi aldeen arteko banatze eremua ezartzean datza. Sergei Lavrov Atzerri ministroa baikor agertu da, su-etena «ongi prestatu» dutelakoan. «Su-eten iraunkorra negoziatuko dute egunotan».

Baina, eremu desmilitarizatua sortzeaz gain, matxinoek Kievi eskatu diote blokeo ekonomikoa altxatzeko eta onartutako autonomia legeak indarrean jartzeko. Izan ere, matxinoen kontrolpeko eremuetan behera utzi ditu banku zerbitzuak bertan gobernuak, eta aurrezkiak erabili ezinik daude herritarrak.

Gatibu trukea adostea izango da beste zereginetako bat Minsken. Donetskeko Herri Errepublikako parlamentari Denis Puxilinek Errusiako hedabideei jakinarazi dienez, gatibuen truke handi baterako prestatzen ari dira. «Ukrainak 223 laguneko zerrenda bat aurkeztu du. Guk, berriz, 152koa». Ukrainako Segurtasun Zerbitzuak azaldu duenez, bi aldeek preso hartutako guztiak trukatu nahi dituzte, Minskeko protokoloan hitzartu bezala.

Bestalde, Ukrainak eta Errusiak beren arteko harremana normaltzeko beste urrats bat egin dute. Bruselan urriaren 30ean erdietsitako akordioarekin, Kievek zorrak kitatu ditu; 1.450 milioi dolar —1.170 milioi euro—. Horrez gain, hilaren hasieran abenduko gasarengatik ordaindu zion, 304 milioi euro. Hortaz, Moskuk gas emaria ireki du, —ekainean itxi zuen—, eta egunean 43,5 milioi metro kubiko gas banatuko dizkio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna