Arrauna

Erlojuaren aurka ariko dira gaur ETE eta KAE1 ligetako traineruak

Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Espainia aldean izango dira gaur ETE ligakoak, Colindresen dutelako bederatzigarren jardunaldia [12:30]. Erlojuaren aurka jokatuko dute hamaika taldeek, eta garaileak azkena aterako diren traineruen artean behar luke. Zumaia da lider, eta hiru punturen koska du Hibaikarekiko, eta bien artean banatu dituzte orain arteko bandera ia guztiak: Hibaikak lau dauzka eta Zumaiak hiru. Bestea Deustuk du, ligako hirugarrenak.

Lehia estua iragartzen da, erlojuaren aurka hala gertatzen delako ia beti, eta liga honetan talde asko dabiltzalako denbora gutxian. Orain arteko bi erlojupekoetan, Hibaika nagusitu zen: Pasaian eta Baionan.

KAE 1-en, ur gutxirekin

Santoñan (Espainia), lau begiak irekita izan beharko dituzte KAE 1 ligako taldeek, hamargarren jardunaldian, nahiz eta erlojua izan epaile. Zaleak dira hangoak edozein trikimailu erabiltzen etxeko taldearen aldeko baldintzak sortzeko [iaz, esaterako, irteerako ordua atzeratu egin zuten eremuan ontzi bat sartuta]. Dena dela, Santoña azken-hirugarrena da, eta zail du jaitsierako kanporaketa ez jokatzea.

Beste lehia batean dira goikoak, eta Zarautz da nagusi, sei banderaren jabe. Hiru utzi ditu irabazi gabe, Getariak eta Deustuk [bitan] lorturikoak. Ura behera heltzear dela jokatuko dute, ur gutxirekin, eta talderik indartsuenek aukera izango dute ahala erakusteko; Arkotek esaterako, Baionako erlojupekoan, bigarren egin zuen. Erlojuaren aurkako bestea Deustuk dauka irabazia, aurreko igandean, Pasaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.