Euskal Herriko Itzulia

Gosea asetzeko, oturuntza

Honorek ihesean irabazi du Ondarroan, Cerny taldekidearekin batera helmugaratuta. Aldaketarik ez da izan sailkapen nagusian; McNulty iritsiko da lider azken etapara, Roglic 23 segundora duela

Tropela Zarautzetik Getariarako bidean. JON URBE / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Otso taldea bezala da ezaguna Deceuninck. Tropeleko harrapakaririk onenetakoak daude bertan. 50 garaipen inguru lortzen dituzte urtero. Beti daude gosez. Tripa zorriak areagotu egiten zaizkie irabazten ez duten etapa bakoitzeko, eta Itzulian, lau egun zeramaten ezertxo ere ahoratu gabe. Bada, oturuntza izan zuten atzo, Hondarribia eta Ondarroa artean jokatu zen etapan. Izan ere, helmugara elkarri helduta iritsi ziren Mikkel Honore eta Josef Cerny, lasterketako lehen ihesaldi arrakastatsuan erakustaldia egin ondoren. Urkaregin eman zuten lehen hozkada tropeletik ihes egin zuen seikotean, eta bakarrik gelditu ziren Mutrikun, helmugarako bost kilometrora. Liderrentzat, berriz, trantsizio eguna izan zen, eta inongo arazorik gabe eutsi zion lidergoari Brandon McNultyk (UAE). Gaur, aldiz, baliteke komeriak izatea, Arratera bidean.

Atzokoa etaparik aproposena zen ehiztarientzat, eta lasterketa hasi berritan, maila handiko ihesaldia osatu zuten Honorek, Cernyk, Ide Schellingek (Bora), Julien Bernardek (Trek) eta Andrey Amadorrek (Ineos). Zarautz inguruan Andreas Leknessund (DSM) batu zitzaien. Gonbidatutako taldeek ezin izan zuten ordezkaririk sartu aurrean, edo ez zuten nahi izan. Caja Ruralek eta Euskaltel-Euskadik, adibidez, esprintaren alde egin zuten apustu, Mikel Aristi eta Jon Aberasturi garaipenaren lehian sar zitezkeelakoan. Hartara, bi taldeek agerraldiak egin zituzten tropel buruan, jazarpenean beren alea jartzeko.

Hasieran, Bike Exchangek, Israelek eta Education Firstek hartu zuten ekimena, Dion Smith, Daryl Impey eta Magnus Cort Nielsen esprinterren aukerak jorratze aldera. Astana ere lanean hasi zen azken 50 kilometroetan sartzean. Jakitun ziren denak aurreko seikotearen ahalmenaz, eta ez zioten utzi hiru minututik gorako aldea hartzen. Ihesaldia, edonola, borrokarako prest zegoen: 1.30eko errentari eusten zion Hirugarren Mailako Mendexa eta Gontzagaraigana igaro ostean. Nekez hurbiltzen zitzaizkion.

Urkaregira bidean hasi zen benetako sokatira. Haize asko jan zuen Euskaltelek. Eskuzabal aritu zen. Ordea, aurrekoen erreleboak bizi-biziak ziren ordekan, eta handitu egin zuten zuloa. Igoeran, berriz, soka beren aldera eraman zuten esprinterren taldeek, minutuko langa apurtuta. Egoera horretan, beren kabuz aurrera egiten saiatu ziren Deceuninckeko bi iheskideak, eta ahalegin agonikoa egin ondoren, haien gurpilera iritsi zen Bernard. Erdibitu egin zen, hortaz, aurreko multzoa.

Aranburu eta Fraile, erasora

Beherakoan, tximista batean irten ziren tropeletik Alex Aranburu eta Omar Fraile (Astana). Ez zuten balizko esprint baten zain gelditu nahi. Bertigozko abiaduran jaitsi ziren, eta tartea zabaldu zuten. Haatik, ordekara iristean, apenas lortu zuten lasterketa burura hurbiltzea. Hirukotea hegan zihoan aldeko haizearekin. Deceuninckeko txirrindulariak indar handiz ari ziren tira egiten gurditik. Astanako bikoteari, aldiz, agortuz joan zitzaion erregaia. Bost kilometroren faltan harrapatu zuen multzo nagusiak.

Etapa aurrean zegoen. Minutu bateko aldearekin iritsi ziren iheslariak Mutrikura. Han erasoa jo zuen Honorek, malda baliatuz, eta gero Cerny batu zitzaion, Bernard atzean utzita. Batera iritsi zen Ondarroara Deceuninckeko bikotea, eta Honorek zeharkatu zuen helmuga lehen postuan. Hamazazpi segundora iritsi zen Bernard, eta 28ra tropela, Impey buru. Ez zen euskal herritarrik izan etapako aurreneko hamar sailkatuen artean, lasterketa hasi zenetik lehendabizikoz. Aberasturik lortu zuen posturik onena: 22. sartu zen helmugan.

Lasai hartu zuten eguna Itzulia irabazteko hautagaiek; gaur, ordea, karta guztiak mahai gainean jarri beharko dituzte, lasterketa erabakiko duen etapan. Zazpi mendate igoko dituzte Ondarroa eta Arrateko santutegia lotuko dituen 111,9 kilometroko ibilbidean, eta ikusteko dago McNulty lidergoari eusteko gai den. Haren atzetik, Primoz Roglic (Jumbo) dago, 23 segundora; hirugarren, Jonas Vingegaard (Jumbo) da, 28ra; laugarren, Pello Bilbao (Bahrain), 36ra; eta bosgarren, Tadej Pogacar (UAE), 43 segundoko atzerapenarekin. Indarrak bezainbesteko garrantzia izango dute taldeen erabaki taktikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.