75. Musika Hamabostaldia

Opereta bat, Luis Mariano omentzeko

'De Irún al mundo'-k kantariaren bizitzako pasarteak oroituko ditu, Irunen,.Facundo Muñoz tenorrak jokatuko du rol nagusia

Trio Hapao hirukoa osatzen duten musikariak, Miramar jauregian ariko dira etzi. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Luis Mariano kantariaren jaiotzaren lehen mendeurrena gogora ekarriz —1914ko abuztuaren 13an jaio zen, Irunen (Gipuzkoa)—, haren bizitzari begiratua emango dio gaur De Irún al mundo opereta biografikoak, Irungo Ficoba aretoan, 22:00etan, Donostiako Musika Hamabostaldiko Musika Aitzakia zikloaren barruan. Luis Marianori Opereten printzea deitzen zioten, eta ez arrazoirik gabe, ez baita laburra hark egindako opereten zerrenda. Irunera film bat grabatzeko asmoz joandako ekoizpen etxe bat du abiapuntu gaur estreinatuko den operetak, eta, hortik abiatuta, haren bizitzako pasarte nagusietako batzuk aletzen ditu. Facundo Muñoz tenorrak interpretatuko du Luis Marianoren rola, eta artistak gertuen izan zituen lagunen interpretazioak ere egingo dituzte: Patxi Lacan (Jon Etxeberria), Carmen Sevilla (Begoña Alvarez), Francis Lopez (Marc Lafaurie), Luis Marianoren ama (Maria Jesus Gurrutxaga), fikzioko filmaren zuzendaria (Josean Garcia)… Haiekin batera ariko dira Ametsa abesbatza, Irun Hiria musika banda eta Luis Mariano Orkestra.

Angel Pazosek zuzendu eta idatzi du De Irún al mundo opereta biografikoa. Haren esanetan, ikuskizun «interaktiboa» izango da: «Publikoarekin harreman zuzena sortzen ahaleginduko gara, eta emanaldian zehar hainbat sorpresa izango dira». Musika eta dantzarekin batera, Luis Marianok egindako hainbat filmetako zatiak ere tartekatuko dira ikuskizunean. Jose Antonio Irastorzak zuzenduko du opereta. Konposizio originalei ahalik eta fidelen izaten ahalegindu dela adierazi du, eta egin dituen egokitzapenak, hargatik, «klasikoak» direlagaineratu du.

Musika Aitzakia zikloaren egitarauko beste kontzertu bat ere izango da gaur, 19:45ean, Leireko monasterioan (Nafarroa). Miren Urbieta Vega sopranoak, Jose Ignazio Ansorenak eta Koro Saenz organistak emango dute kontzertua, eta Charles-Marie Widor, Aita Donostia, Tomas Garbizu, Isidro Ansorena, Jose Ignazio Ansorena, Luis Aranburu eta Pablo Sorozabalen lanak emango dituzte. Jose Ignazio Ansorenaren Elkarren bila da, esaterako, emanaldirako iragarritako obretako bat. Abuztuaren 7an estreinatu zuten interprete berberek, Hamabostaldiaren barruan orduan ere, Debako (Gipuzkoa) Andra Mari elizan; Ansorenak Hamabostaldiaren enkarguz sortutako obra da, RSBAP Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren 250. urteurrena gogoratzen eta ohoratzen duena. Gaurkoa Leireko monasterioko organo berria estreinatuko duen kontzertua izango dela jakinarazi dute Hamabostaldiko antolatzaileek.

Hamabostaldiaren asteburuko programazioak, horretaz gain, La bohème opera zuzenean ikusteko eta entzuteko bigarren aukera eskainiko du, Kursaal auditoriumean, bihar, igandea, 19:00etan.

Interprete gazteak

Trio Hapaoren kontzertuak irekiko du etzi, hilak 18, astelehenarekin, Hamabostaldiko Interprete Gazteen Zikloa, 19:00etan, Donostiako Miramar jauregian. Olga Morral, Patricia Aller eta Jaime Atristainek osatzen dute hirukoa, eta, akordeoia, saxofoia eta perkusioa jotzen dituzte hurrenez hurren. Hilaren 23ra arte iraungo du zikloak, eta honako talde hauen emanaldiak daude iragarrita Trio Hapaorenaren ondotik: Quinteto Hirubi, hilaren 19an; Albert Mena pianista, hilaren 20an; Cuarteto Laukene, hilaren 21ean; Duo 2028, hilaren 22an; eta Carla Cottini, Tanit Bono, Konstantin Derri, hilaren 23an. Emanaldi guztiak Miramar jauregian izango dira, 19:00etan, Trio Hapaorena bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.