Artolak ez du hotzik pasatu

Binakako Txapelketatik kanpo gelditu da aurten alegiarra, baina ez da abaildu, eta normalean baino gehiago entrenatzeko baliatu du negua. Buruz burukoan du jarria itxaropena.

Iñaki Artola Beotibar pilotalekuko aldagelan, Danel Elezkano eta Xabi Erostarberekin. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Erresilientzia modako kontzeptu bat da. Fisikan, metalek kolpeak jasotzeko duten erresistentzia da; eta, psikologian, egoera zailetara egokitzeko ahalmena, eta haiengandik irakaspena ateratzekoa. Krisi egoerak ikasteko erabili daitezkeela da bertute horren oinarria, eta hori da Iñaki Artolak (Alegia, Gipuzkoa, 1994) egin duena Binakako Txapelketatik kanpo gelditu den negu honetan. «Egia da hori pasatzen zaizunean nahiko bolada luzea egiten duzula ezkutuan, partida gutxiagorekin, baina kasu honetan ez dakit kalte edo mesede egin didan».

Artola patxadaz mintzo da Beotibar pilotalekuko harmailetatik, eta bere esaldi harrigarria luzeago azaldu du. «Lehiaketa eten honek, agian, mesede egin dit. Entrenamendu oso onak egin ditut, pilotalekuan normalean baino askoz ordu gehiago sartu ahal izan ditudalako. Txapelketan erabat sartuta bazaude, zaila da erreparatzea zein jokorekin zauden: zer hobetu behar duzun, zer ez, kostatzen zaizun hori hobetzeko lan egin... Txapelketan sartuta bazaude, ezin zara ia entrenatu». Negua gogorra izan da, baina pilotaleku eta gimnasioaren epeletan Artolak hotz gutxi pasatu du.

Entrenatzen pasatutako neguak fruituak eman dituela uste du. «Azken bizpahiru hilabeteetan inoiz baino joko gehiagorekin ibili naiz, baina jendearen bistatik kanpo. Partida onak jokatu ditut, baina ez dute hainbeste oihartzunik. Adibidez, orain, Albisurekin finalerdiak jokatu nituenean baino pilotari dezentez hobea naizela iruditzen zait». Sasoi horrek, gainera, gustukoen duen txapelketa prestatzen harrapatu du, eta konfiantzaz ekingo dio buruz burukoari, astelehenean, Danel Elezkanoren aurka. «Ondo ikusi dut neure burua. Lehenbizikoz, lesiorik edo eskuko arazorik gabe ekin ahalko diot». Lesioak aipatu ditu, normala, azken urte eta erdian hiru izan baititu: bana ezkerreko sorbaldan eta eskumuturrean, eta bat eskuineko ukondoan.

Anbizioz ekingo dio, gainera. «Buruz buru joka dezakedala erakutsi nahi nuke. Aurten ez bada, hurrengo urtean, edo hiru urte barru, baina buruz burukoan puntan egon naitekeela erakutsi nahiko nuke». Helburua jartzen ausartzen da? «Finalerdiak, azken bi urteetan final-laurdenetan galdu ondoren, koska bat gehiago igotzea. Helburu errazak jartzeak ez du balio. Baina auskalo, gerta liteke ere astelehenean partida txarra egin eta etxera joatea». Hilabeteak dira prestatzaile fisiko berri batekin dabilela, eta sakea eta sake-errestoa landu ditugu. «Lau eta erdikoan kosta egin zitzaizkigun horiei eman diegu egurra».

Ia lau urte dira Artolak debuta egin zuenetik, eta lehen urteak estelarrak jokatzen ondoren, orain lehia estua du Unai Laso eta Victor Estebanekin Asegarceren laugarren aurrelaria izateko. Berak, baina, ez dio horri begiratzen. «Pilotariek ez diogu horri begiratu behar. Txapelketan ikusi da zein denbora txikian alda daitekeen hori, edota zenbat aldagai dauden. Pilotariok enpresak hartzen dituen erabakietatik kanpo egoten jakin behar dugu, eguneroko lanean zentratuta». Buruz burukoa aldarrirako aukera izan daiteke harentzat, baina itsutu gabe. «Txapelketa garrantzitsuena delako motibatzen nau, baina baliteke nik aldarte berezi bat izatea, aspaldian ez dudalako horrelako partidarik jokatu. Jokatu ditut partida onak, baina ez punta-puntakoak».

Artolak bere burua aztertzeko ahalmen handia du. Eskarmentuaren lanak dira horiek. Bere urte berean Jokin Altunak eta Iker Irribarriak egin zuten debuta, eta haien bilakaerak distira handiagoa izan du. Alderaketak saihetsezinak direla badaki. «Bi horiek kasu oso bereziak dira, debutatu eta berehala gorakada ikaragarria izan dutenak. Baina haiek oso gora egin izanak ez du esan nahi zuk atzera egin duzunik», argitu du. «Debutatu nuenetik eginiko bideari erreparatu, eta zailtasunak zailtasun, lesioak tarteko, balantze ona egiten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.