Andrazkoen antzerkia taularatzen

Teatroan aritu diren emakumeak omenduko dituzte bihar Bilbon Antzerkizale Egunean.Begoña Foruriak jasoko du Antzerkizale saria

Desentxufatuak pieza eskainiko dute Antzerkizale Egunean. BERRIA.
Inigo Astiz
2014ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Zentrifugotik zentripetura pasatu dira Euskal Herriko Antzerkizale Elkartekoak (Ehaze). Kanpokoentzako baino gehiago, barrukoentzako antolatu dute horregatik aurtengo Antzerkizale Eguna. Antzerkizaleentzat, alegia. Itziar Elias elkarteko koordinatzaileak azaldu du zergatik: «Energia piloa eskatzen du ekitaldiak kanporako antolatzea, baina, askotan, egun horren kontsumitzaileak antzerkian gabiltzan jendea izaten gara, antzerkizaleak. Kalean harrapatzen dugun jendeari batzuetan eguna gainera etorri zaiola dirudi. Horregatik pentsatu genuen energia hori barrurantz bideratzea, eta benetan antzokian egon nahi duen jendearentzat antolatzea eguna». Bilboko Plaza Barrian antzezlan bat prestatu badute ere, Pabiloi 6 aretoan egingo dituzte bihar ekitaldirik gehienak. Doan, eta joan nahi duen ororentzat zabalik. Euskal antzerkian aritu diren emakumeak ere omenduko dituzte.

Orain lau urte hasi ziren Antzerkizale Eguna antolatzen, eta kalean antolatu izan dituzte saio gehienak orain arte. Aurten lehenengoz gala bat ere antolatuko dute, ordea, eta emakumezkoek euskal antzerkian egindako lana izango da saioaren ardatza. Eneritz Artetxe aktoreak eta Eliasek berak sortu dute testua, eta emakumezkoak izango dira oholtzan arituko diren guztiak. Hiru emakumek osatutako Mor More musika taldearekin batera, bost aktore izango dira agertokian: Zoila Berastegi, Aiora Senado, Johana Ocaña, Artetxe eta Elias. Onintza Enbeita bertsolaria ere aktore lanetan jarriko dutela aurreratu du Eliasek, baina ez du gidoiaren nondik norakorik zehaztu. «Sorpresa da», adierazi du. «Izenburuak azaltzen du zer izango den pieza: 'Geu gutaz'. Sei emakume gara oholtza gainean nola sentitzen garen adieraziz. Gutaz arituko gara».

Egunaren garrantzia azpimarratzen du Eliasek. «Antzerkiaren munduan gabiltzan guztiok elkartzeko eta antzerkia ospatzeko eguna da. Aktoreak, teknikariak, ikusleak...oso polita da antzerkia maite dugun guztiok batzen gaituen egun bat izatea. Oso polita da, eta osasuntsua». Ospakizunerako hautatutako antzokia ere ez dute kasualitatez hautatu. Antzerki munduko jendeak kudeatzen du Bilboko Pabiloi 6, eta, Eliasen hitzetan, espazio «bikaina» da antzerkirako. «Orain arte agian gaztelera erabili dute nagusiki, eta eguna han antolatzea bada euskara gune horretara eramateko modu bat ere, eta nik uste aurrera begira ere euskaraz gauzak egiteko gogoa ikusten zaiela. Hasiera puntu polita izango da».

Altxorra aurkitzea

Antzerkiari buruzko dokumentazio zentro bat sortzea. Hori da une honetan Ehazeren helburu nagusietariko bat, eta horretarako dokumentazio lana egiten zebiltzala egin zuten topo aurtengo Antzerkizale saria jasoko duen Begoña Foruriarekin. «Altxor bat aurkitu genuen». Izan ere, ibilbidea saritzen du Antzerkizale sariak, eta horregatik omenduko dute Foruria aurten. Kriselu antzerki taldearen sortzaile izan zen bera 1960ko hamarkadan, eta, Gabriel Arestiren laguntzaz, Bertolt Brecht, Ugo Betti eta beste hainbat nazioarteko autoreren lanak taularatu zituzten. Guztiak euskaraz. Emanaldi haietariko batzuen kartelak eta prentsa aipamenak gorde zituelako jarri ziren hasieran harremanetan harekin, eta gero ohartu ziren emakume haren lanaren garrantziaz.

Itzal xamarrean joan da Foruriaren historia, izan ere, eta bere susmoak aipatu ditu Eliasek: «Esanguratsua da Foruriaren kasua. Ziur nago Begoña Foruria deitu beharrean, adibidez, Aitor Foruria deituko balitz ezagunagoa izango litzatekeela». Berreskurapen lan bat ere bada horregatik aurtengo saria. «Ezinbestekotzat dugu dokumentazio zentro bat sortzea ere. Garrantzitsua da antzerki metodoak ikastea, baina baita Euskal Herriko historia ikastea ere, eta oraindik oso-oso gutxi dakigu horretaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.