Barruan daramalako

Lehen urtea du Osertz Aldaik entrenatzaile gisa, eta Isuntzan egin du estreinaldia. Bazuen harra barrenean, eta aukerari heldu dio. Gustura ari da Lekeitioko taldean.

Isuntzako arraunlariak, ahalegin betean, aurtengo estropada batean; behean, eskuinean, Osertz Aldai. JOSEJU OLASAGASTI.
Aitor Manterola Garate.
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Denboraldi bat amaitu eta segituan, edo lehenago batzuetan, arraunlarien mugimenduak hasten dira. Fitxaketak, alegia. Aurreko udazkenean, Osertz Aldairena (Hondarribia, Gipuzkoa, 1976) izan zen lekualdatze deigarrienetako bat. Bizitza osoan herriko taldean arraun egin eta gero, Isuntzara joatea erabaki zuen, KAE1 ligara. Horrekin batera, beste gauza batek ere eman zuen atentzioa: entrenatzaile lana egitera ere bazihoan.

Hor dabil Lekeitioko taldean, hankean arraunean eta arraunlarien gidari ere bai. «Barruan sentitu izan dut beti entrenatzaile izan nintekeela, eta aukera atera zitzaidan udazkenean; baiezkoa eman nion». Joan dira hilabete batzuk baiezko hartatik, eta ondo gogoan dauka zer sentitu zuen segituan: «Errespetua», esaten du. «Baina oso ondo hartu naute klubean eta taldean; laguntza handia ari zaizkit ematen, eta erraza da Isuntza taldea eramatea, ilusioa ere gainezka daukate eta».

Arraunlari soila izatearen eta entrenatzaile ere izatearen artean aldea dagoela dio. Batez ere, honako honetan: «Ardurak dauzkat orain. Lehen, arraunlari moduan, helburu bakarra izaten nuen: entrenamendu eta estropada ona egitea. Baina, orain, erabakiak ere hartu behar izaten ditut, eta hori da aldea».

Aldaketak aipatzen hasita, bat eta handia egin behar izan du Isuntzan: «Arraunketa erabat aldatu dugu: azken urteetan erabilitako motza utzi, eta luzearen alde egin dugu». Arrazoia argi asko azaldu du, eta arraunlariei ere hala esan zien lehen entrenamenduan: «Nik arraunketa luzea bakarrik ezagutzen dut, eta horren bidez ulertzen dut arrauna. Hori ari gara erabiltzen». Aldaketa handia zen arraunlarientzat, baina ondo ari dira moldatzen: «Horixe zen helburu handietako bat denboraldi honetarako, eta ari gara». Hala ere, oraindik ere batzuetan lehengora bueltatzeko joera dutela esan du Aldaik: «Estropadaren batean, momentu txarra pasatu izan dugunean, buruak lehengo arraunketara eramanarazi ditu arraunlariak, baina, urte askoan horrela jardun eta gero, ez da harrigarria».

Kontuak kontu, lehen helburua nahikoa bideratua dauka entrenatzaileak. Beste asmoa lehiaketarekin lotuta dago, aurkariekin: «Azken txandan finkatu nahi dugu, eta horretan saiatzen ari gara. Ez da erraza, sekulako berdintasuna dago-eta ligan». Berdintasun horren barruan, ondo baino hobeto daki zer ez duen egin behar taldeak: «Okerrik ezin da egin, bestela puntu pila bat galtzen baita sailkapenean».

Oraingoz, laugarren da Isuntza, eta lau puntura dauka bigarren sailkatua, Getaria. Urrunago du Ondarroa liderra, hamasei puntura. Lehen biek jokatuko dute San Miguel ligara igotzeko kanporaketa, iraileko hirugarren asteburuan. Baina Aldaik ez du aipatu ere egin aukera hori; zuhurra da, eta ohorezko txandan ibiltzeari eusten dio bere jardunean.

Zuhurtasun hori bere jatorrizko taldearen ezaugarrietako bat da, eta Hondarribiaz ere hitz egin du, noski: «Oso ondo ari dira, iaz bezala, eta beste taldeak baino puntu bat gorago daude. Gainera, talde zabala dauka, eta arraunlari aldaketekin ondo ari da moldatzen taldea».

Pedreñan, gaur eta bihar

Asteburu bihurria daukate Aldaik eta KAE1 ligako beste arraunlariek. Pedreñako (Espainia) eremu bihurrian ariko dira gaur (19:00) eta bihar (19:30): «Zortea beharko dugu emaitza ona ateratzeko», esan du Isuntzako entrenatzaileak. Bi egunetan banatuko dira ligarako puntuak, baina bandera bi egunetako denborak kontuan hartuz erabakiko da.

Pedreñako lanak gutxi ez, eta etzi Euskadiko Txapelketan ariko da Isuntza, Lekeition bertan (18:00). Aldaik garbi dauka nola erabiliko duen taldea asteburu honetan: «Erabaki dugu arraunlari guztiei ematea aukera arraun egiteko, hiru egunean hiru estropada dauzkagu eta». Horra, entrenatzaile berria erabakiak hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.