Albistea entzun

Arraunlari berriak datoz

Emakumezkoen beste hiru traineru izango dira udan: Hernani, Donostia Arraun Lagunak eta Oiartzungo Itsaslapurrak. Aurreneko biak Euskotren ligako sailkapenean ariko dira.
Hernaniko arraunlariak, denboraldi honetako lehen entrenamendu saioan.
Hernaniko arraunlariak, denboraldi honetako lehen entrenamendu saioan. XABIER GURRUTXAGA

Aitor Manterola -

2015eko maiatzak 15

Hiru traineru berri ikusiko dituzte arraunzaleek aurtengo udan emakumezkoen estropadetan. Ohikoez gain, Hernani, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Donostia Arraun Lagunak ariko dira lehian. Gipuzkoako Ligako estropada guztietan hartuko dute parte, baita Euskotren ligara sailkatzeko bi estropadetan ere hernaniarrek eta donostiarrek. Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartuko dute. Hiru traineru berri uretan izatea oso albiste ona da emakumeen estropadentzat, arraunarentzat oro har, eta kirolarentzat osotasunean.

Loraldi handia izan dute azken urteetan emakumezkoen traineru estropadek. Batez ere, Gipuzkoan, eta horkoak dira talde gehienak: hiru berri horiez gain, hor daude San Juan, Hibaika, Orio, Zarautz-Getaria eta Zumaia. Gero eta arraunlari gehiago daude lurralde horretan.

Ilusioz gainezka daude hernaniarrak eta donostiarrak ekimen berriarekin. Hala azaldu diote BERRIAri bi entrenatzaileek: Juanjo Etxartek (Hernani, Gipuzkoa, 1979) eta Patxi Olabek (Donostia, 1976). Hernanik Tolosako (Gipuzkoa) arraunlari batzuekin osatu du ontzia, eta arraunari kasu egiten dionak badaki ontzi txikietan lan ona egiten duten bi talde direla. Horri segida eman nahian osatu dute trainerua. Etxarteren hitzak dira ondorengoak: «Beharrak bultzatu gaitu trainerua ateratzera. Neska talde bat daukagu taldean, eta horiei aukera emateko izango gara uretan». Adinez, gazteak direla esan du entrenatzaileak: «Hiru izan ezik, gainontzeko guztiak gazte kategoriakoak dira. Berriak izango dira gehienak».

Berritasuna oinarri izanda, bi ondorio ageri dira garden eta garbi: batetik, luzerako egitasmoa izan beharko lukeela honek; eta, bestetik, gaztetasuna eta esperientziarik eza oztopo izango dituztela aurreneko urte honetan. Aurreneko zatiari helduz, hauxe da Etxarteren gogoeta: «Gure asmoa da hurrengo urtean ere trainerua uretan edukitzea, egitasmoak segida izatea». Bigarren gaiari dagokionez, Etxartek ez daki nolako maila emango duten: «Aurreneko estropadek esango digute non eta nola gauden, baina jakinaren gainean gaude esperientzia faltako zaigula eta, batez ere, itsasoko estropadetan nozituko dugula gabezia hori, ibaian bakarrik ibiliak direlako gure arraunlariak ontzi txikietan».

Hernanirena den traineruaren inguruan, bada berezitasun bat: Zumaiak traineru horrekin irabazi zuen Kontxako Bandera 2013an. Entrenatzaileak erronka bota: «Ea noizbait berriz irabazten duen, baina Hernanirekin».

Hernanitik kilometro gutxira ere lanean dabiltza traineruarekin. Donostia Arraun Lagunak taldekoak dira, Olabe entrenatzaile dutela. Bi pizgarri izan dituzte hauek emakumezkoen ontzia ateratzeko: «Batetik, gure neskei aukera ematea dago. Aulki mugikorrean ibiltzen dira, eta, gero, ez dute aukerarik izaten aulki finkoan aritzeko. Ikusi genuen klubean bertan eman geniezaiekeela aukera, eta horrela hasi ginen. Bestetik, urte hau berezia da Arraun Lagunak klubarentzat, 50 urte betetzen ari garelako klub gisa. Urte polita da hau trainerua ateratzeko».

Garaiz heldu zioten gaiari: «Iazko Kontxako estropadak bukatu eta segituan hasi ginen. Deialdia egin genuen, eta 26 arraunlari batu ginen. Erantzun bikaina jaso genuen». Etxekoek ez zekiten zer den traineruan ibiltzea, eta beste asko berriak ziren, arraunean inoiz egin gabeak. Horrek baldintzatu egin die prestakuntza: «Umeekin bezala hasi behar izan genuen, hutsetik. Beste taldeek neguko prestaketa fisikoa egin zuten bitartean, guk arlo teknikoa ere landu behar izan genuen, eta atzeratu egin gaitu horrek besteen aldean», esan du entrenatzaileak.

Emakumeen Donostiarra

Denborarekin, baina, hobetuz joan dira, eta, «orain, astean sei egunez entrenatzeko gai ere badira. Ari gara blokea osatzen». Aurtengo lehian, garbi dute non izango diren: «Atzekoekin ibiliko gara ezinbestean, eta ea horien artean aurrenak garen». Luzera begira, traineru honek garbi dauka zer izan behar duen: «Donostiarra traineruaren parekoa izan behar du. Donostiako arraunaren bilgunea, alegia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aritz Elustondo, Imanol Alguacil eta Mikel Merino, Zubietan egindako azken entrenamenduan. ©MANIX DIAZ DE RADA / REALA

Irabazteko garaia du

Jon Ander De la Hoz

Realak hiru puntuak behar ditu Sturm Grazen aurkako partidan, Europan ondo kokatzeko. Ustez, multzoko kontrariorik ahulena da

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Azken urte eta erdian asko sufritu dut; burumakur nengoen»

Mikel O. Iribar

Azken hamasei hilabeteak ez dira garairik samurrenak izan Zaratamokoarentzat, hainbat arrazoirengatik. Pixkanaka, sentipen «hobeagoak» ditu. Bihar, Lasoren aurkako partida erabakigarria jokatuko du, Zallan.
Tinara Moore Gernikako jokalaria, atzo, Malosten. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Gernikak ezin izan dio irabazi Roche Vendeeri, Eurokopan

Berria

Bizkaitarrek 78-90 galdu dute Frantziako taldearen aurka, Eurokopako bigarren jardunaldian, Malosten

Natalia Arroyo Realeko teknikaria, Levanteren aurkako neurketan. ©Gorka Rubio / FOKU

Arroyo: «Talde ona dugu, ilusioa pizten duena»

Jone Bastida Alzuru

Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak adierazi du Realaren proiektuan sinesten duela, eta azpimarratu horren parte izaten jarraitu nahi duela. Goiko postuetan egon nahi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.