Khimki 99. Retabet Bilbo Basket 78

Berak egin du huts

Khimkik minutu askoan hankapean ibili ondoren, Eurokopatik kanpo gelditu da Retabet Bilbo Basket. Fuenlabradak berea egin du etxean

unai zubeldia
2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Khimki. Rowland (10), Shved (18), Monia (8), Boungou Colo (11), M. Todorovic (8) —hasierako bostekoa—; Pullen, Brown (7), Zaitsev (10), Vialtsev (7), Sokolov (6), Ilnitski (8) eta Likhodei (6).

Retabet Bilbo Basket. Tabu, Lapornik (6), Mumbru (4), Hervelle (10), Eric (15) —hasierako bostekoa—; Bamforth (5), Borg (2), D. Todorovic (10), Buva (18), Nikolic (8), Mendia.

Markagailua. 27-10, 55-32 (atsedenaldian); 77-57 eta 99-78.

Epaileak. Shemmesh, Juras eta Silva. Khimkiko Monia kanporatu zuten bost faltarekin.

Bestelakoak. 2.000 ikusle Khimkiko pabiloian (Errusia).

Zortzi jardunaldiko ligaxka amaituta, ezin da hasi ondokoari begira. Erregulartasuna saritzen du Eurokopako multzoen faseak, eta gogorregia ere ez zen hasierako erronka: bost taldeko multzoan, azken postuari ihes egitea. Retabet Bilbo Basketek, ordea, oker ekin zion ligaxkari, etxean Alba Berlinen aurka 77-85 galduta, eta are okerrago amaitu zuen atzo, Khimkiren kantxan amore emanda (99-78). Minutu askoan noraezean ibili ziren bilbotarrak, defentsan eta erasoan Eurokopak eskatzen duen gutxieneko mailatik urrun.

Errusian galduta, Madrilera begiratzea zen azken aukera, eta Fuenlabradak ez zuen huts egin zaleen aurrean, Lietuvos Rytasen aurka (81-70). Hasterako, Eurokopatik kanpo gelditu dira bilbotarrak, hiru partida irabazi eta bost galduta. Joan den astean bilbotarrek astindua eman zioten Fuenlabradari (97-83), joaneko partidako puntu aldea bere eginda —Fuenlabradak 89-78 irabazi zion Bilbo Basketi etxean—.

Baina ligaxka guztiko ezinaren adibide argia izan zen atzoko partida. Hervellen bi saskiratzerekin, bilbotarrek 0-5eko partziala lortu zuten lehen segundoetan, baina 24-2ko partziala jaso zuten jarraian (24-7). Hortxe amaitu zen partida. Lehen sei hirukoak saskiratuta, Khimkik batez besteko harrigarria lortu zuen atsedenaldira bidean. Bilbo Basketek, berriz, hamasei saiakera egin eta lau besterik ez zituen saskiratu. Halabeharrez, 55-32 iritsi ziren atsedenaldira, eta errusiarrek 32 puntuko aldea ere izan zuten hirugarren laurdenean sartuta (69-37). Markagailua pixka bat txukunduta ere (99-78), astindu handia jasota amaitu dira Bilbo Basketen Europako lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.