KRITIKA. Zinema

Bidearen mintzoa

Drive My Car filmak gidoirik onenaren saria eta Fiprescirena irabazi zituen Cannesko zinemaldian. BERRIA.
Andoni Imaz.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

'Drive My Car'



Zuzendaria: Ryusuke Hamaguchi. Aktoreak: Hidetoshi Nishijima, Toko Miura, Reika Kirishima, Masaki Okada. Herrialdea: Japonia. Iraupena: 179 minutu.

Dagoeneko inor gutxik jartzen du zalantzan 2021a Ryusuke Hamaguchiren urtea izan dela. Kritikak balentriatzat hartu du hilabete gutxian Berlingo eta Cannesko zinemaldiak konkistatu izana Guzen to sozo (Wheel of Fortune and Fantasy) eta Drive My Car filmekin, eta ez da gutxiagorako.

Hamaguchik, Haruki Murakamiren 30 orrialde eskaseko Drive My Car ipuina moldatu, eta hiru orduko film bat sortu du, mamiari helduz eta han ez dagoen mundu oso bat irudikatuz. Koska bat estututa, esan liteke filma bera moldatzearen ideiari buruzko obra handi bat dela.

Egiturak arduratzen du zinemagilea, aurretik egindako lanetan ere erakutsia du hori, eta aldamio garden bat altxatu du oraingoan. Kredituak 40. minutuan ezarri ditu, funtzio narratibo batekin: sarrera eta ekintza banatzeko.

Sarrerak Oto (Reika Kirishima) eta Yusuke (Hidetoshi Nishijima) bikotearen bizitza kontatzen du —sexuala, bereziki—, Oto hiltzen den arte. Handik bi urtera, Yusuke Anton Txekhoven Osaba Vania antzezlana zuzentzera gonbidatzen dute Hiroshimako jaialdi batera. Misaki (Toko Miura) gidaria jarriko diote han.

Zauri bat eta haren osatze geldoa —non eta Hiroshiman—. Yusukeren eta Misakiren harremanak agerian jartzen ditu hildakoek bizirik daudenengan utzitako arrastoak, Hamaguchik sinesten duelako hitzak balio duela, sendatzeko ez ezik, ikusi ezin dena adierazteko ere, lerroarteko misterioetara iristeko. Bestalde, Txekhoven obra, fikzioaren barruko fikzioa, pertsonaien bizitzan sartzen da, haien emozioak aditzera emateko batzuetan, antzezpenaz eta eguneroko gezur ezkutuez gogoeta egiteko besteetan. Hitzak hizkuntza gainditzen du, gainera, antzezlanean ikusten denez.

Filmatzeko estilo barea du Hamaguchik. Elkarrizketa garrantzitsu batzuk autoan kokatu ditu, gauez, mundutik aparte, baita zinematik ere ia, ez baitu irudirik sortzeko beharrik ekintzari eta intimitateari eusteko. Nabarmentzeko modukoak dira, bestalde, afariko eszena gozoa eta elurretako une katartikoa, non emozioa paisaia osora hedatzen den lau plano dotoreren bidez: besarkada bizkarrez, aurrez aurre, inguruaren plano orokorra, autoa hutsik.

Ahobatezko arrakastaren atzean egon liteke begirada mendebaldezale bat —Txekhov, Murakami, bolantea ezkerrean duen Saab 900 autoa—, baita pandemian girotutako epilogo misteriotsuarekin lotutako batasun mezu xaloa ere. Nolanahi ere, filmaren jario garbia, eta bereziki Osaba Vania-ko Soniaren bakarrizketaren planteamendua, gai dira onarpen mingotsa erakustaldi sendagarri bihurtzeko. «Zer egingo dugu, ba? Bizi beharra dago!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.