Disko zaharren esentziatik

Garai bateko diskoen doinuetatik abiatuta sortu du izen propioa M. Ward musikari estatubatuarrak. Azpeitian izango da gaur
M. Ward Azpeitiko Sanagustin aretoan ariko da gaur.
M. Ward Azpeitiko Sanagustin aretoan ariko da gaur. BERRIA

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko maiatzak 17
«Nire kantu guztiak eragin didaten diskoetatik datoz, eta disko zaharrak dira eragin didatenak; antzinako ekoizpen teknikekin grabatutakoak eta beste garai bateko gitarra estiloak dituztenak. Horrela izan da beti». Iraganeko esentzietan aurkitzen du lanerako inspirazioa M. Ward musikariak, aurretik beste musikariek landu izan dituzten moldeak bere egiten ditu; hor biltzen ditu 1950eko hamarkadako rock-and-rolla, 60ko urteetako popa zein 70etako folka. Bluesa, country berrituaren eta rock indiearen estetikekin uztartzen jakin izan du gero, eta hala bihurtu da AEBetako herri kantak azken hamarkadetan eman duen musikaririk emankorrenetako bat.

Matthew Stephen Ward du sortzezko izena. 1974an jaio zen Kalifornian, baina Oregongo Portland hiriari lotuta dago gehiago haren izena. 1999an kaleratu zuen Duet for Guitars bakarkako lehen lana, eta Post-War (2006) seigarrenarekin bildu zuen, bereziki, kritikaren arreta eta oihartzun mediatikoa. Bere izenpean bederatzi disko kaleratu ditu orain artean, eta duela bi urtekoa du horietan azkena: More Rain. Bakarka ariko da heldu den ostegunean ere Sanagustin kulturgunean emango duen kontzertuan, Azpeitian (Gipuzkoa).

Aurreko diskoetan egin bezalaxe, More Rain-en ere beste musikari batzuen kolaborazioak izan ditu; Neko Case abeslariarena eta REMeko Peter Buck gitarristarena, besteak beste. Kantuak grabatzetik gehien maite duena, hain justu, horixe dela esana du estatubatuarrak, beste musikari batzuekin elkarlanean aritzea: «Beti dakarte espero ez duzun zerbait, zuk zeure kabuz, bakarka, sortu ezin duzuna. Talentu handiko lagunak izatearen zortea dut».

Analogikoari fidel

Bakarkako bidea garatu bitartean, hamaika musika proiektutan hartu izan du parte hark ere. Esaterako, Zooewy Deschanel aktorearekin batera sorturiko She&Him —bost disko kaleratu dituzte 2008-2014 urte artean— eta Monsters of Folk izen bereko diskoa atera zuten 2009an—. Musikan abiatu zenetik etenik gabeko jarduna izan du, hala, M.Wardek. Berriena duen lanetik argi-itzalen arteko oreka nabarmendu du kritikak; doinurik malenkoniatsuenen eta kantu «arinenen» arteko oreka. Kaliforniakoak elkarrizketa batean aitortu zuenez, oreka hori da kanturik onenek dutena; «ez bakarrik kantuek, baita margolanek, eleberriek eta pelikulek ere».

Disko bakoitzarekin hiruzpalau urte igarotzen ditu M.Wardek. 2012. eta 2015. urteen artean grabatu zuen azkena, hainbat saiotan. Bilatzen duena lortu arteko «esperimentuak» egiten ditu tarte horretan. «Batzuetan kantu bera berriz grabatu behar duzu beste inguru batean eta musikari ezberdin batzuekin. Musikaren funtsezko zati bat, egiazki, saiatzearen eta kale egitearen prozesua bera da». Abiapuntu bat ez du inoiz aldatzen, halere: fidel eusten dio modu analogikoan grabatzeari. Ez ditu grabazio digitalen soinuak gustuko; ahotsenak, gitarrenak eta bateriarenak, bereziki. «Modu analogikoan grabatzea da bide bakarra nire diskoak ondo entzun daitezen».

KONTZERTUA

Non. Sanagustin kulturgunean, Azpeitian (Gipuzkoa)

Noiz. 21:30ean

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna