Poesia arnasarako bidaia denean

Jon Iñaki Lasa literatur plazara itzuli da 35 urteren ostean, 'Bidaiak' hirugarren poema liburua argitaratuta. Heriotza du ardatz nagusi
Jon Iñaki Lasa, atzo, Donostian, <em>Bidaiak</em> liburua aurkeztu aurretik.
Jon Iñaki Lasa, atzo, Donostian, Bidaiak liburua aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2017ko irailak 13
Oso gazte zela kolpatu zuen poesiaren harrak Jon Iñaki Lasa (Gernika, Bizkaia, 1963). Hogeiak bete gabe zituela argitaratu zuen Alizia eta biok (Ustela) lehen poema lana, 1982an, eta bi urte geroago, 1984an, Andaluziari ene bilduma (Susa-Kandela), bigarrena; eta kritikaren nahiz irakurleen artean harrera ona izan zuten. Ondoren, ordea, bere ibilbide literarioan etena eta isilunea iritsi ziren. Eten eta isilune luzeak, nahiz eta aldez edo moldez, beti jarraitu duen letra eta literatur kontuei loturik. Hizkuntzak eta literatura irakatsi ditu, besteak beste UNED-en, Lea Artibai Ikastetxean edo Mondragon Unibertsitatean, eta Komatxo artean literatur saioaren zuzendari eta aurkezle izan zen Bizkaia Irratian, 2002. eta 2006. urteen artean.

Eta duela gutxi berriro poesiaren kolpea; lehenik enkarguz jasoa, eta ondoren berak zizelkatu eta ondua. «Ez nintzen argitaratzeko asmoz idazten hasi. Osabari esan zioten gaixo zela, minbizia zuela. Bera ere literaturazalea zen, eta esan zidan ea zergatik ez nuen idazten gaixotasuna abiaburu hartuta», azaldu zuen Jon Iñaki Lasak berak atzo Bidaiak liburu berria aurkezteko Donostian egindako aurkezpenean. Osabaren gonbita erakargarri egin zitzaion, eta idazten hasi zen. Idazten hasi zitzaion. Osabari. «Aitzakia bat zen berekin egoteko, berekin bide bat egiteko, elkarrekin poesiaz eta beste kontuez aritzeko».

Poema bat idatzi, eta osabari bidaltzen zion, eta astean behin elkartzen ziren ondoren hartaz hitz egiteko. «Oso poesia irakurle ona zen. Eta haluzinatu ere egiten nuen bere irakurketekin. Eta ikusten nuen hain gustura: 'Arnasa ematen dit idazten duzunak», esaten zidan. Eta ikusten nuen hunkitu egiten zela batzuetan. Eta ni neroni ere hunkitu egiten nintzen. Eta jarraitzeko indarra eman zidan».

Poesiak arnasa eman zien bai osabari eta bai Jon Iñaki Lasari, eta berak ere poesiari arnasa ematea deliberatu zuen. Honela dio liburuko Sorrow poemaren amaierak: «Arnasa eskaintzen diozunean/ maite zaitut esaten dizu/ maite zaitut esaten diozu/ eta esku zuriren batek/ oharrez betetzen du marjina/ zorren koadernoan/ eta erauzten dizu zati bat».

«Gustura nengoen idatzitakoarekin, prozesuarekin, eta argitaratzeko gogoa sartu zitzaidan. Osabari galdetu nion ea zer irizten zion. Primeran iruditu zitzaion». Hala, Pamiela argitaletxearekin harremanetan jarri eta udazken bezpera honetan plazaratu du Bidaiak, osabari omenaldia eginez. «1958an jaio zen osaba. 58 urterekin hil zen, eta 58 poema bildu ditut liburuan».

Kanpotik barnerako bidaia

Osabak ez zuen liburua argitaratuta ikusterik izan, baina poema guztiak irakurri ahal izan zituen. «Osabak bere gaixotasunaren berri eman zidanean hainbat galdera etorri zitzaizkidan burura. Zein da gure bidaia? Zer sentituko nuke nik, esango balidate hiltzera noala. Galduta sentitu nintzen, eta erantzun bila autore eta erreferente bila hasi nintzen». Eta horregatik, agertzen dira bidaia fisikoak, Alemaniara, Estoniara edo Finlandiara egindakoak, baina baita barnerantz egindakoak ere. «Bidaia askoren nahasketa agertzen da liburuan, baina batez ere nahi nuen nire ahots propioa bilatu». Oin hotsak izeneko poema da ondorengoa: «Elurrak abar gazteak abailtzen dituen bezalaxe/ abaildu nau arrats beherak/ eta ez dakit ba/ bedatsean indarberrituko naizen./ Ez dakit/ bedatsean sendo egingo dudan gorantz,/ tinko, eta lerden,/ abar gazteek egiten duten bezalaxe./ Ez dakit ba./ Gaua etxe barruraino sartu da,/ geratzen zaizkidan ondasun apurren azokara./ Orain kanpotiko irudiak dira ulua, orroa eta hotza./ Eta mamuen oin hotsak ere bai».

Ez zaio askotan gertatu izan. Bere poemak irakurri eta hunkitzea. «Hitzak sentitzen badituzu, hitzak baino gehiago dira».Eta hitz horiek besteek ere euren egin ditzaten saiatu da, «denontzat baliagarria den poesia baten bila».

Tere Irastortza idazle eta adiskideak egin dio hitzaurrea liburuari. Haren hitzetan, «amodiozko bidaia» bat dago liburuaren funtsean, eta, aurreko bere liburuetan bezala «hizkuntz indarra eta trebezia nabarmenak» diren arren, «oraingoan, poesiaren beraren emana da gailentzen dena, modu iradokitzailean gainera».

Eta zera gehitzen du hitzaurrean: «Agian, poesia edo bizitza ez direlako emanak, jasoak baino. Ez dira emanak eta ez dute jabegorik onartzen. Beste bati, eskaintzeko jasoak, izatekotan. Ezin dira saldu eta erosi, etxabere batzuk bezala... Jaso bezala edota jasota baino hobe itzuli behar zaizkio hurrengoari».

Lasak osabarengandik jaso zuen, besteak beste, poesia emaria. Jose Mari Lasa zuen izena, baina Giussepe Arroyo ezizenez idazten baitzituen poemak hark ere. Hil aurretik ere utzi zizkion poema batzuk idatzita ilobari, haietako asko bereei erantzunez. «Oraindik ez, baina aurrerago argitaratuko ditugu, akaso».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna