Grecoren itzalaren berrikuspena

'Orgazko kondearen hobiratzea' koadroaren berrikuspenak bildu dituzte Oteiza museoan.Hamar artistaren lanak ikusteko aukera dago

Amondarainen lana, Grecoren Orgazko kondearen hobiratzea lanaren berrinterpretazioa. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Altzuza
2014ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Igaro dira 400 urtetik gora Domeenikos Theotokopoulos Greco-k El entierro del Conde de Orgaz (Orgazko kondearen hobiratzea) obra sortu zuenetik, Toledoko (Espainia) Santo Tome parrokiarentzat. XX. mendean abangoardia artistikoek ahantzita zegoen obra horren itzalari begira jarri ziren, haien artean, Jorge Oteiza. Hain zuzen ere, artista oriotarrak egindako berrikuspenetik abiatzen da Orgazko kondearen hobiratzea. Begiradaren translazioa erakusketa, Altzuzako (Nafarroa) Oteiza museoan. Beste bederatzi artistaren lanak ere bildu dituzte, eta irailaren 21era arte dago zabalik.

Gregorio Diaz Ereño museoko zuzendaria da erakusketaren komisarioa. Azaldu duenez, erakusketaren helburua bisitariekin jario handiko solasaldia izatea da. Oinarrian Grecoren margolan famatua, eta, horretarako, Oteiza, Pablo Picasso, Josep Renau, Val del Omar, Equipo Realidad, Equipo Cronica, Nerea de Diego, Jose Ramon Amondarain, Alvaro Matxinbarrena eta Kepa Garraza artisten berrikuspenak. «Erakusketa honetan oso garrantzitsua da 1970ko hamarkadako artista zaharren eta oraingoen arteko solasa», azaldu du Diaz Ereñok. Obra guziak «esanguratsuak» direla nabarmendu du, eta guzien baturak diskurtso bat sortzen dutela.

Solasa da, beraz, Oteiza museoaren helburuetako bat. Bisitariak ez dituzte ikusle soil gisa nahi. Horren zentzua azaldu du erakusketaren komisarioak: «Ez dugu soilik gogoeta egiteko elementu huts bat izaterik nahi, solasaldia beharrezkoa da. Solasaldi eta berrinterpretaziorik gabe artistaren lanak ez du zentzurik».

Oteizaren apunteak

Erakusketak Oteiza du abiapuntu, nahiz eta Grecoren lana oinarrian egon. Manuel Bartolome Cossiok Grecori buruz argitaratutako lana Oteizaren eskuetara ailegatu zen. «Testu hori oso garrantzitsua da erakusketa honetan, eta, horrekin batera, Oteizaren biblioteka». Liburu horiekin sakondu zuen Grecoren lanean, eta bere egin zuen obra. Handik ateratako oharrak abiatzen du, beraz, erakusketa.

1961ean El Bidasoa aldizkarian artikulu bat argitaratu zuen artista oriotarrak. Han, Grecoren mundu transzendentearen irudikapena eta bere Homenaje a Velázquez lana aurrez aurre jarri zituen. Beranduago, Goya mañana (Goya bihar) liburuan Orgazko kondearen hobiratzea lanaren analisian sakondu zuen.

Ondoren datoz hobiratzearen lehengo eta oraingo berrikuspenak. Haien artean, Picassok argitaratutako El entierro del conde de Orgaz (Orgazko kondearen hobiratzea, Gustavo Gili, 1969) alea, Rafael Albertiren aitzinsolasa duena. «Oso herrikoia da. Testuak punturik gabe eta ortografia akatsez josirik daude, eta irakurtzeko zailak dira, horregatik, oso oso azkar irakurri behar da, hitzak elkar biltzen baitira», azaldu du komisarioak.

Marrazkietan Grecoren pertsonaiak ageri dira artistaren kezkei begira, mitologiako pertsonaiekin batera. Gorputz biluziak dira nagusi «erotismo handiko» irudietan. Picassok estiloa aldatu zuen, baina gerraren ondoren Greco bazterrean utzi zuen Franco diktadorearen fetitxea baitzen. 1950eko hamarkadan, baina, Grecorengana itzuli zen.

Bi hamarkada geroagokoa da Josep Renauk egindako berreraikuntza. 1977an egin zuen Retorno a la madre (Amarengana itzultzea) obra. Bi argazkik osatzen dute fotomuntaketa, koloretakoa bata eta zuri-beltzekoa bestea, eta irudian mezu bat dago: «Margolariaren lana iluntasunean argi pixka bat jartzea da». Grecoren obraren muntaketari tximeletak gaineratu dizkio, heriotzaren eta bizitzaren arteko trantsizioaren metafora.

Equipo Realidad eta Equipo Cronica taldeen bertsioak ere ikus liteke Oteiza museoan. 1966 eta 1968an sortuak dira, hurrenez hurren. Lehenbizikoek pintura sozial konprometitua egin zuten erregimen frankistaren aurka. Entierro del estudiante de Orgaz (Orgazko ikaslearen hobiratzea) lanean, Grecoren koadroaren azpian ikasle baten hilotza ageri da lurrean, jomugaren barnean. «Heriotzak dakarren indarkeria eta bakardadea ikus liteke».

Equipo Cronicak, berriz, informalismotik alde egin zuen El happening del Conde de Orgaz (Orgazko kondearen happeninga) lanean. «Herri kulturatik ateratako irudia da, goi mailakotzat hartzen den artetik aldendua». Superman, Batman eta mozorroaren gudaria ikus litezke berezko koadroko pertsonaiekin batera.

Horretaz gainera, Jose Val del Omarren Fuego en Castilla (Sua Castillan) filma ikus liteke.

Egungo ikuspegitik

Solasaldia gaur egungo artistek egindako lanekin bukatzen da. Jose Ramon Amondarainek bi lan egin ditu. «Nire lana koadroaren iruditik abiatuta egitea pentsatu nuen, baina oso ikono indartsua da, eta zernahi eginda ere koadroak xurgatzen zuen», azaldu du egileak. Esaldi bat eta euskarririk gabeko pintura bat prestatu ditu. «Pentsatu nuen ideologia eraikitzailea behar zuela, ez hainbeste hobiratzea, itxialdia baizik».

Kepa Garrazak, berriz, fikzioko istorio bat sortu du hainbat hedabideetako azalak sortuz. «Ikono indartsu batekin solastatzeko arazoak nituen», aitortu du. Ikono hori ordurako egiten ari zen obretan txertatzea erabaki zuen. Espainiako ekonomia hondoratu eta estatua «anarkiak preso» duela irudikatu du, hobiratzearen koadroaren zati baten gainean anarkisten irudia margotuz.

Bukatzeko, Nerea de Diegok egindako El entierro (Hobiratzea) lanak Toledon dagoen margolana ikustera joan zirenen esaldiak biltzen ditu, baita argazki handi bat ere. Alvaro Matxinbarrenak, berriz, eszenografia erabili du Grecoren obra modu sakonean berrirakurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.