ATZEKOZ AURRERA. Amaia Castorene. 'Apetitu-on' blogaren sortzailea

«Gure elikatzeko era monotonoa da»

Sukaldaritza «pasioa» da Castorenerentzat, eta pasio hori elikatzeko bloga sortu du; lehen, ingurukoekin soilik partekatzen zuena orain publiko zabalari eskaintzea du xedea.
BOB EDME / BERRIA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko abuztuak 2
Norberaren gorputza ezagutzea eta hari behar duena behar duen momentuan ematea garrantzitsua iruditzen zaio Amaia Castoreneri (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1988). Denetariko errezetak eta elikadurari buruzko artikuluak irakur daitezke Apetitu-on bere blogean. Heldu den irailetik goiti, irakurtzeko ez ezik, haren errezetak ikusteko aukera ere izango da, Euskal Telebistako Txoriene saioan kolaboratzen hasiko baita.

Osasuntsu jatea aspergarria dela esan ohi da.

Ni horren kontra naiz. Ez dut batere debekatzen gantza, ezta azukrea ere, baina azken mendean sartu dizkiguten produktu findu horiei —irinak, azukre zuria...— kasu emanez. Gure elikatzeko era monotonoa da: supermerkatura goaz, eta zereal gisa bada garia, arto pixka bat, eta deus besterik; baina badira ehunka zereal munduan askoz interesgarriagoak eta osasuntsuagoak.

Blogean denetarik proposatzen dut: badira errezeta tradizionalak, beste batzuk glutenik gabekoak, beganoak... bakoitzak nahi duena hartzeko. Ez da bat beganoa delako besteentzat debekatua dela, eta ez du erran nahi zaporerik ez dutenik: probatzera animatu nahi dut jendea; harritua izanen da.

Kulpabilitaterik gabeko cookies-ak izena duen errezeta baduzu...

Ezin dut egun bat pasatu gozorik jan gabe, eta, batzuetan, badakit ez dela biziki ona. Hor da erakusteko gauza sanoekin ere, fruituen azukrea erabiliz, egiten ahal direla cookie batzuk. Zuk kozinatzen baduzu, badakizu zer den barnean.

Errezetak zerorrek sortzen dituzu?

Anitz irakurtzen dut gaiaren inguruan, eta segur naiz inspiratzen nauela. Buruan baditut neurri batzuk, hainbat irin behar dela edo hainbat likido; baina irinak aldatzen dituzularik, errezeta egokitu behar da. Gainera, beti nire ukitua ematen diet; beraz, nireak direla erraten ahal dut.

Proba asko egiten dituzu blogean sartu aurretik?

Denbora anitz hartzen dut; blogean ezartzeko, zinez presio anitz ezartzen diot neure buruari. Ez da berdin behin egitea eta funtzionatzen duela ikustea. Jendeak etxean egiteko eta euren etxean ere funtzionatuko diela segurtatzeko, bizpahirutan egiten dut errezeta bera.

Elikagaiak nondik hartzen dituzu errezetak prestatzeko?

Amak baratze bat badu, eta bientzat hornitzen du, eta, gero, nik ia dena biologikoa erosten dut merkatuan, Biocoopen eta Interneten. Ez dut %100 bio kontsumitzen; gainera, horren inguruan badira gauzak aipatzeko. Bio eta bio daude. Filosofia oso bat da bio jatea.

Zer da zuretzat sukaldea?

Etxe bat erosiko dudalarik anitzetan begiratuko dudan txokoa, hori segur. Baina, gero, partekatzeko tokia da, elkartzeko toki bat... Zerbait berezia sortzen du. Bizirik irauteko gure behar bat plazer bat izatea harrigarria da; arnasa hartzen dugularik, ez dugu plazer hartzen; jaten dugularik, bai; beraz, bada zerbait.

Gizarte honek daraman bizitza azkarra eta elikadura osasuntsua bateragarriak al dira?

Uste dut baietz; nik super bizitza azkarra dut! Antolaketa kontua da. Astean behin erosketak egin, eta gauzak hozkailuan edo izozkailuan prest edukitzea da kontua. Asteburuetan, asko kozinatzen dut, eta aste barruan, guti. Sinetsarazi digute sinpleago dela supermerkatura joan eta prest den taboule bat erostea; baina behin asko egiten baduzu, gero fite egina da.

Thailandian izan berri zara. Handik errezeta berriak egiteko ideiekin sartu zara?

Bidaiak horregatik gustatzen zaizkit ikaragarri, produktu berriak eta kozinatzeko moduak ikusteko, probatzeko, eta horretatik ere inspiratzen naiz. Orduak pasatuko nituzke merkatuetan.

Aurrera begira zein asmo dituzu?

Nire asmoa da egun batez nire lana uztea, edo, behintzat, denbora erdiz aritzea nire pasioari denbora gehiago utzi ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna