Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Felix Ares de Blas. Telekomunikazio ingeniaria

«Lehen komunikazio teknologia hitza da»

Ares de Blasek hitza du komunikazioaren teknologiaren abiapuntutzat, eta Interneterainoko ibilbideaz mintzatu da. Teknologien garapenak etorkizun oparoa ekartzea gizakien esku dagoela dio.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2018ko abuztuak 28

Komunikazioaren teknologien historia. Txalapartatik Twitterrera. Horixe izan du mintzagai Felix Ares de Blasek (Madrid, 1947) asteburuan Auritzen (Nafarroa), Garaitzeko Asi elkarteak gonbidatuta. Informatikan doktorea eta telekomunikazio ingeniaria da, Eureka zientzia museoko zuzendari ohia, eta EHUn irakasle aritutakoa. Komunikatzea maite du.

Ez dago zu aurkitzerik sare sozialetan. Ez zaude?

Bai, sartuta nago, baina kamuflaturik, ez dut nire izena jartzen. Ez da kapritxo bat, arazoak izan ditut. Zientziaz hitz egiten duzunean beti molestatuko duzu norbait.

Twitterren edo beste sare sozialetan ez daudenak ez daude txalapartarekin komunikatzeko garaian, ezta?

Ez, ez, argi dago ezetz. Gainera, sare sozialen aferak baditu arazo serioak. Normalean, lagunak dituzu Facebooken, eta horiek izaten dira zuk bezala pentsatzen dutenak. Hori oso arriskutsua da. Irlak sortzeko arriskua dago, norbera bakartu, eta denek norberak bezala pentsatzen dutela uste izatekoa.

Orain, gehiago edo gutxiago komunikatzen da gizakia?

Zaila da erantzutea. Batetik, bakartzen ari gara, baina nik uste dut gehiago komunikatzen garela. Ikerketa batzuen arabera, hegaldien %10 sarean ezagututako maitaleak bisitatzeko dira. Zenbat bilera egiten dira Interneti esker? Inoiz baino gehiago idazten da.

Teknologiak aurrera egin du. Komunikazioak ere bai?

Bai, denean egin dugu aurrera. Askok ezustean hartzen dute esaten dudanean lehenbiziko komunikazio teknologia hitza dela. Hitza gizakiak sortutako teknologia artifiziala da. Eta hori da garrantzitsuena, horri esker egin dugu aurrera alor guztietan. Hizkuntza konplexua duela 600.000 urte sortu zen. Iduri du ahotsak ez duela fosilik uzten, baina bai; aurkitzen jakin behar da.

Zein dira fosil horiek?

Ohartu bazara, te eta de ahoskatzeko, ongi sinkronizatu behar dira biriken mugimendua eta aho, mihi eta ezpainen posizioa. Koordinazio hori txinpantzeek ezin dute egin. Hori bizkar ornoen bidez lortzen da, nerbioak ateratzen diren zulotxoetatik. Horren tamainak agerian uzten du kontrolerako gaitasuna.

Hitza asmatu ondotik, zein gailur dira aipagarrienak?

Hurrengo gailurra pintura izan zen. Duela 70.000 eta 50.000 urte gertatu zen iraultza kognitiboa, eta hari esker hasi ginen sinboloak erabiltzen, lepokoak egiten eta flauta jotzen. Hurrengo salto handia idazkera da, jakinduria urte luzez gordetzeko aukera ematen duena, eta espazioa gainditzekoa mezulariaren memoriaren menpe egon gabe. Gero inprenta, telegrafoa, irratia, telefonoa, telebista eta Internet.

Azken iraultza handia da hori?

Inprenta iraultza izanik, Internet inolako dudarik gabe. Gainera, badago detaile garrantzitsu bat: liburu batek azaltzen ahal dizu nola egin ekuazio diferentzial bat, baina ordenagailuek egin egiten dute.

Adimen artifizialari buruz zer iritzi duzu?

Langabezia handia sor dezake, baina baita aberastasun handia ere. Edo biak batera. Honek eraman gaitzake paradisura edo esklaboen infernura, eta hori gure esku dago. Gogorra da gure esku egotea.

Horrek gizakiak lanarekin duen harremana guziz aldatuko luke?

Baietz uste dut. Etorkizuneko paradisu baten atarian gaudela uste dut, baina lortu behar dugu hori ez izatea gutxi batzuentzat. Uste dut inoiz baino hobeak garela: gerra gutxiago daude, indarkeriazko heriotza gutxiago, errespetu eta elkartasun gehiago... Baina Trump presidente izendatu dute. Beraz, espero dut azkenean sentimendu onek irabaztea.

Zer etorriko da komunikazio teknologiaren garapenean?

Uste dut deus gutxi gehiago. Kontua da orain duguna muturreraino garatuko dela. Orain sei urte esan nuen 2025ean autoak bakarrik gidatuko zirela. Hori dagoeneko existitzen da. Orain 3D inprimagailuak ditugu, gauza txikiak egiten dituztenak, baina inprimagailu handiak garatzen ari dira. Pentsa, etxeak egin ditzakeen inprimagailu bat. Eta biologiara eramanda, iraultza harrigarria da. Badago inprimatutako organoei esker bizi denik. Adimen artifiziala edozeri lotuta, emaitza liluragarria da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

«Gezurra esango nuke izozkigile bokazioa nuela esango banu»

«Gezurra esango nuke izozkigile bokazioa nuela esango banu»

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza

Afizioz surflaria, ofizioz ostalaria eta garraiolaria izandakoa, eta orain, izozkigilea da Alberdi. Ez daramatza urte asko sektore horretan, baina bere lekutxoa egiten asmatu du. Hainbat lehiaketa irabazi ditu jada, eta Espainiako final bat jokatuko du aurki.

Donostiako kaian dago ibilaldiko bigarren geldialdia, arrain saltzaileen inprobisazioak gogoratzeko. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bidaia bat bertsolaritzara

Ane Insausti

'Bertsolaritza Donostian barrena' izeneko ibilbidea sortu du Bagera elkarteak. Parte Zaharrean zortzi geldialdi egitea proposatzen dute, bertsolaritzari buruzko istorioak entzuteko.

Joseba Aurkenerena eta Xerar Urrutia idazleek sortu dute Urruñako aldizkari berria. ©URTZI URKIZU

Kultur aldizkari bat Urruñan

Urtzi Urkizu

Artikuluen %90 baino gehiago euskaraz dira, eta urtean bi zenbaki argitaratuko dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria