ATZEKOZ AURRERA. Christina Kaufmann. DJa

«Sexu aurreiritziak, zoritxarrez, edozein industriatan daude»

Frau Kafmann disko jartzaile alemanak Ozetan joko du hilaren 7tik 9ra ospatuko den Harrikada musika elektronikoaren festibalean. Techno-house estiloko nahasketekin girotzen jardungo du.

Gasteiz
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Christina Kaufmannek (Prien am Chiemsee, Alemania, 1989) Ozetan (Araba) hilaren 7tik 9ra ospatuko den Harrikada festibalean joko du. FrauKaufmann izenez ezaguna da, eta musika elektronikoaren zaleak dantzan jarriko ditu, techno-house estiloko musika nahastuz. Festibalean, Alemaniako eta Euskal Herriko DJak arituko dira. Kontzertu akustikoak, hitzaldiak eta ikastaroak ere egongo dira.

Nola hasi zinen disko jartzaile?

Orain dela sei urte hasi nintzen DJ, Daniel nire lagun minarekin.23 urte nituen. Lehen saioak haren etxean egiten genituen. Pazientzia handiko irakaslea izan zen. Hasieran, dibertitzeko soilik jartzen genuen musika, baina, laster,nire jaioterriko Rosenheim hiriko lokal txiki batean jotzeko aukera izan nuen. Egun hartatik aurrera, astero jotzen nuen hobetzeko asmoz, nire lehen kontzertua iritsi zen arte.

Nola deskubritu zenuen musika elektronikoa?

Lagunekin joaten nintzen klub eta festibaletara, eta, bertan, musika elektronikoa deskubritu nuen. Asko gustatzen zitzaidan musika horren konposizio eta generoen konbinazioa. Bestalde, hip-hopak hasieratik erakarri nau; horren eragina dute nire lehen lanek.

Aldatu al duzu musika estiloa hasi zinenetik?

Hasieran, erritmo mantsoagoak jartzen nituen, eta house estilokoak: ahotsa asko erabiltzen nuen melodietarako. Esango nuke gaur egun energia handiagoa duen estilo bat lantzen dudala, techno-house estiloan. Musika mota hori askoz gehiago sentitzen dut orain.

Zer sentitzen duzu festibaletan jotzean?

Animal Farm festibalean jo dut soilik, iaz. Berlindik gertu egiten da. Festibal batean jotzea gauza handia da, jakina, eta, egia esan, saioaren hasi aurretik urduri egoten naiz. Desberdina da aire zabalean jotzea. Halako lekuetan jotzean, beti sortzen da atmosfera berezi bat, magia puntu bat duena.

Non gustatuko litzaizuke jotzea?

Egun, pozik nago dauzkadan aukerekin. Gainera, Berlingo klub ospetsuetan jotzeko aukera dut: Watergate, Ritter Butzke edo Sisyphos klubetan, esaterako. Niretzat ez da garrantzitsua klubaren tamaina edo izena; garrantzi handiagoa du giroak. Azken finean, espazioak ez du axola: momentu bereziak edozein lekutan sor daitezke.

Nolakoa espero duzu izatea Harrikada Festibala?

Harrikada zerbait esanguratsua da niretzat. Lagunek antolatu dute, maitasun eta esfortzu handiarekin. Festibal horretan kultura eta herrialde askotako jendea egongo da. Nik sinisten dut musikak boterea duela jendea konektatzeko eta edozein muga gainditzeko. Harrikadan guztiok izan gaitezke gu geu, eta, ororen gainetik, denok momentu on bat bizitzea nahi dut.

Lehen aldia al da Euskal Herrira etortzen zarena?

Harrikadarako trailerra grabatzera eta festibala prestatzera etorri nintzenean ezagutu nuen jendea oso adeitsua eta abegikorra iruditu zitzaidan. Ez dut ezagutzen Euskal Herria nahi nukeen bezain ondo, baina gehiago ikastea espero dut herrialde zoragarri honen eta bertako kulturaren inguruan.

Gogorra edo zaila al da emakumea eta DJa izatea?

Emakumea izateagatik gutxiesten zaituzten sentsazioa eduki izan dut. DJen eszena gizonek dominatzen dute, baina nik aurreiritziak nire alde jartzen ditut: energia handiko soinuak jartzen ditut, eta jendea harriturik utzi. Sexua edozein dela ere, arrakasta lortzea erronka da guztiontzat, talentu handiko DJak baitaude. Baina, genero aurreiritziak, zoritxarrez, edozein industriatan daude. Hala ere, denak ez dira berdinak: badira halako jarrerarik hartzen ez duten pertsonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.