ATZEKOZ AURRERA. Christina Kaufmann. DJa

«Sexu aurreiritziak, zoritxarrez, edozein industriatan daude»

Frau Kafmann disko jartzaile alemanak Ozetan joko du hilaren 7tik 9ra ospatuko den Harrikada musika elektronikoaren festibalean. Techno-house estiloko nahasketekin girotzen jardungo du.
BERRIA

Eider Etxeberria -

2018ko irailak 4
Christina Kaufmannek (Prien am Chiemsee, Alemania, 1989) Ozetan (Araba) hilaren 7tik 9ra ospatuko den Harrikada festibalean joko du. Frau Kaufmann izenez ezaguna da, eta musika elektronikoaren zaleak dantzan jarriko ditu, techno-house estiloko musika nahastuz. Festibalean, Alemaniako eta Euskal Herriko DJak arituko dira. Kontzertu akustikoak, hitzaldiak eta ikastaroak ere egongo dira.

Nola hasi zinen disko jartzaile?

Orain dela sei urte hasi nintzen DJ, Daniel nire lagun minarekin. 23 urte nituen. Lehen saioak haren etxean egiten genituen. Pazientzia handiko irakaslea izan zen. Hasieran, dibertitzeko soilik jartzen genuen musika, baina, laster, nire jaioterriko Rosenheim hiriko lokal txiki batean jotzeko aukera izan nuen. Egun hartatik aurrera, astero jotzen nuen hobetzeko asmoz, nire lehen kontzertua iritsi zen arte.

Nola deskubritu zenuen musika elektronikoa?

Lagunekin joaten nintzen klub eta festibaletara, eta, bertan, musika elektronikoa deskubritu nuen. Asko gustatzen zitzaidan musika horren konposizio eta generoen konbinazioa. Bestalde, hip-hopak hasieratik erakarri nau; horren eragina dute nire lehen lanek.

Aldatu al duzu musika estiloa hasi zinenetik?

Hasieran, erritmo mantsoagoak jartzen nituen, eta house estilokoak: ahotsa asko erabiltzen nuen melodietarako. Esango nuke gaur egun energia handiagoa duen estilo bat lantzen dudala, techno-house estiloan. Musika mota hori askoz gehiago sentitzen dut orain.

Zer sentitzen duzu festibaletan jotzean?

Animal Farm festibalean jo dut soilik, iaz. Berlindik gertu egiten da. Festibal batean jotzea gauza handia da, jakina, eta, egia esan, saioaren hasi aurretik urduri egoten naiz. Desberdina da aire zabalean jotzea. Halako lekuetan jotzean, beti sortzen da atmosfera berezi bat, magia puntu bat duena.

Non gustatuko litzaizuke jotzea?

Egun, pozik nago dauzkadan aukerekin. Gainera, Berlingo klub ospetsuetan jotzeko aukera dut: Watergate, Ritter Butzke edo Sisyphos klubetan, esaterako. Niretzat ez da garrantzitsua klubaren tamaina edo izena; garrantzi handiagoa du giroak. Azken finean, espazioak ez du axola: momentu bereziak edozein lekutan sor daitezke.

Nolakoa espero duzu izatea Harrikada Festibala?

Harrikada zerbait esanguratsua da niretzat. Lagunek antolatu dute, maitasun eta esfortzu handiarekin. Festibal horretan kultura eta herrialde askotako jendea egongo da. Nik sinisten dut musikak boterea duela jendea konektatzeko eta edozein muga gainditzeko. Harrikadan guztiok izan gaitezke gu geu, eta, ororen gainetik, denok momentu on bat bizitzea nahi dut.

Lehen aldia al da Euskal Herrira etortzen zarena?

Harrikadarako trailerra grabatzera eta festibala prestatzera etorri nintzenean ezagutu nuen jendea oso adeitsua eta abegikorra iruditu zitzaidan. Ez dut ezagutzen Euskal Herria nahi nukeen bezain ondo, baina gehiago ikastea espero dut herrialde zoragarri honen eta bertako kulturaren inguruan.

Gogorra edo zaila al da emakumea eta DJa izatea?

Emakumea izateagatik gutxiesten zaituzten sentsazioa eduki izan dut. DJen eszena gizonek dominatzen dute, baina nik aurreiritziak nire alde jartzen ditut: energia handiko soinuak jartzen ditut, eta jendea harriturik utzi. Sexua edozein dela ere, arrakasta lortzea erronka da guztiontzat, talentu handiko DJak baitaude. Baina, genero aurreiritziak, zoritxarrez, edozein industriatan daude. Hala ere, denak ez dira berdinak: badira halako jarrerarik hartzen ez duten pertsonak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna