ATZEKOZ AURRERA

Andreen haizeak jaso du zapia

Iruñeko Zapia saria eman diete Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa ginekologoei, sexu osasunaren eta emakumeen osasunaren esparruan egindako lanarengatik.
Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa ginekologoak, Iruñeko Zapia jantzirik, saria banatzeko ekitaldian.
Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa ginekologoak, Iruñeko Zapia jantzirik, saria banatzeko ekitaldian. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko irailak 8
Zurrunbilo handia izan da sexu osasunari eta sexu hezkuntzari lotutako gaia Nafarroan. Oraindik ere bada, neurri txikiagoan izan arren. Zurrunbilo horretan sortu zuten Andraize sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentroa Iruñean, 1978an, Hego Euskal Herrian antisorgailuak legeztatu eta gutxira. Zurrunbiloan bete-beterik sartu ziren Elisa Sesma, Pablo Sanchez-Valverde eta Mari Cruz Landa ginekologoak, legezko lehenbiziko abortuak egin baitzituzten. Jazarpen judizial, mediatiko eta soziala jasan zuten horregatik. Baina horrek ez zuen apaldu Andraize. Erreferentziazko zentroa izan da, eta bada oraindik ere. Azkenean, garaile izan da andreen zirimola, Iruñeko Zapia altxatzeraino.

Duela 595 urte Iruñeko hiru burguak batu zirela ospatuko dute gaur Nafarroako hiriburuan: Batasunaren Pribilegioa. Ekitaldi horren bueltan, Iruñeko Zapia saria banatzen du udalak 2016. urtetik. Aurten, Sesmari, Sanchez-Valverderi eta Landari eman diete, haien lan ibilbidearen balioa aitortuz. «Gaurko eguna garrantzitsua da, guzioi dagokigun borroka bat delako sexu eta ugalketa hezkuntzaren aldekoa», azaldu du Joseba Asiron alkateak saria emateko ekitaldian.

«Sexualitatea, emakumeen osasun eskubideak eta hezkuntza sexuala aldarrikatzea ia debekua zen garaian, herri mugimendutik sortu zen egitasmo hau [Andraize] haize freskoa izan zen iruindar askorentzat». Baina, bidea zaila izan da: «Konpromisoa ez zen merke atera. Jazarpen soziala jasan zuten ultraeskuineko taldeen aldetik: haien kontrako kereila kriminala aurkeztu zuten legez jokatzeagatik». Abortuak egiteagatik, hain zuzen ere.

Modu horretan, hiru lagun horiekiko zuen zorra kitatu du Iruñeko Udalak, hala onartu du alkateak. Esker hitzei esker hitzekin erantzun diete sarituek. Are, aitortza hori egitea «adoretsutzat» jo dute ginekologoek. Aretoa gonbidatuz bete da. Han izan dira zinegotziak ere, UPNkoak izan ezik. Ez daude sarituen lana aitortzearen alde.

Ez zuten amorerik eman

Banan-banan paratu die alkateak zapia hiru sarituei. Ondoren, eskultura bana jaso dute: Batasunaren Pribilegioaren alegoria. Orduan iritsi da hitza hartzeko unea. «Ez genuen hitz egiteko aukera alferrik galduko», adierazi du Sanchez-Valverdek. Ez dute egin, ez. Urte luzez indarrez defendatu dituzten eskubide eta ideiak zabaltzeko baliatu dituzte udaletxeko harrera aretoko mikrofonoak.

Premia pertsonal eta sozialei erantzun dietela gogorarazi du Landak. Sanchez-Valverderen hitzetan, Andraize «ilusio kolektibo bat» izan da: «Emakume eta gizon askok sexualitate alaia bizitzeko aukera izan dute horri esker, eta gai asko mahai gainean jarri dira, tabu izateari utzita». Sesmak gogoan izan du abortuak «kontzientziari jarraikiz» egiteagatik haien «izen onaren kontra» abiatutako «gorroto kanpaina». Horren ondorioz, Nafarroan ezin izan zen abortatu 30 urtez. «Tamalgarria da pertsona batzuk, oraindik, arreta hau behar duten emakumeak errespetatzeko gai ez izatea».

Tarteka, leihotik begiratu dute kazetari eta gonbidatu kuxkuxeroenek. Kanpoan ziren Sesmak aipatutakoak: 50 lagun, ginekologoei saria ematearen kontra. Isilik egon dira, leiho bat ireki den arte. «Bizitzari bai!» eta «Aborturik ez!» oihukatu dute orduan. Anekdota hutsa andreen haize ufadaren parean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna