Uztaritzek ere badu bere kabalkada

Herriko dantza taldearen 50 urteen karietara dute muntatu. Bihar du lehen emanaldia, eta datorren igandean bigarren eta azkena
Kabalkadako uxerra, azken errepika nagusian.
Kabalkadako uxerra, azken errepika nagusian. BOB EDME

Nora Arbelbide Lete -

2018ko urriak 12
Azken urte hauetan kabalkada andana bat ari da muntatzen Lapurdi eta Baxenabarren gaindi. Dela Urruñan, dela Itsasun, dela Makean, dela Irisarrin, dela Saran, dela Bidarrain, besteak beste. Eta, horra orain, Uztaritzeko Kabalkada. Bihar eta datorren igandean, urriaren 21ean, emanen dute. Bi aldietan, 16:00etan, Bilguneko plazan. Euria ari badu, Kiroletan.

Anartean ez dute gauza handirik salatu nahi beren kabalkadaz uztariztarrek. «Sorpresa atxikitzeko. Gustukoa dugulako sorpresa», esplikatu du kabalkadako antzerkilari eta antzerkiaren idazle Aritz Bidegainek.

Bizkitartean, interesgarria izan daiteke ikustea proiektua nola pentsatu duten, zergatik egiten duten. Hasteko, kabalkada batek herri baten federatzeko ukan dezakeen gaitasuna garrantzitsua zaie uztariztarrei. Belaunaldi guztiak batzea. Eta hala gertatu delako pozik dira antolatzaileak. Funtsean, kabalkada bera herriko Izartxo dantza taldearen 50 urteen ospatzeko aitzakiarekin muntatu dute. Dantzari belaunaldi guztiak ordezkatzea izan da ideia, eta lortu dute. Orotara, 70 bat dantzari dira. 16 bat urte ditu gazteenak, 70 bat urtetik hurbil zaharrenak. «Biziki aberatsa da ikustea dantzak nola zeharkatu dituen gorputzak belaunaldi ezberdinetan», azaldu du Arantxa Lannesek, koreografia lanetan arituak.

Dantzetan ere elkartu dituzte, hain zuzen, belaunaldi ezberdinen ekarpenak. Aspalditik inauteriek leku handia hartzen dute Uztaritzen, eta aspalditik dantza andana bat ematen ditu inauterien kasietara Izartxok. Eta kabalkadan dantza bakarrean elkartuko dituzte dantza horiek oro. Gero, izanen dira baita kabalkadarako asmatu ekarpen ere zenbait dantzatan. Mutxikoetan, adibidez. Espazioa galdekatu nahi dute. Baina hor ere ez du gehiegi mintzatu nahi Lannesek, hor ere sorpresa atxikitzeko.

Kabalkada, beraz, herri federatzaile bezala. Kabalkadaren barnean, aldiz, bada auzi forma hartzen duen antzerkia. Eta hor ere hautu hori egin dute. Kasu horretan, epailearen eta uxerraren pertsonaiak ere sartuak dituzte. Auzia sinbolikoa izanen dela, hori zehaztu nahi izan du Bidegainek. «Ez da pertsona bat izanen akusatua, auzi normal batean bezala. Baina eztabaida batzuk emanak izanen dira auzian». Gai bat baino gehiago jorratuko dituztela ere gehitu du: batzuk, Uztaritze hiriari lotuak; besteak, zabalagoak.

Baina, dena den, galdera hor da: nola egin auziak suposatzen duen kritika eta federatzeko gogoa elkartzeko. Gauzak errateko gogoa, baina, aldi berean, federatzeko nahiak sor dezakeen nehor ez mintzeko gogo hori, nehor ez gaitzitzearen hori: «Kabalkada baten umorea nahi eta nahi ez probokatzailea da pixka bat, satirikoa. Hori behar da atxiki. Gero, gaitzitzearena... bortxaz baduzu arrisku hori. Baina kasu egin dugu gauza batzuei. Bestela, federatzeko partez hausteko arriskua bada. Helburua ez da hori ere. Uste dut badela halako muga bat umorean, eta horrekin jostatzen ikasi behar dela. Entseatzen gara oreka bat atzematen», azaldu du Bidegainek. Halere, argi utzi nahi du: «Erraten ditugu gauzak. Baina gai batzuetan kasu egin behar da gauza batzuk nola tratatzen diren. Ez da probokatu behar probokatzeko. Fina izan behar da».

Hori bai, umoreari garrantzia ematen diote uztariztarrek: «Bai. Gero, kabalkada batean, demagun oren batez ariko garela hiru partetan banaturik, ez da baitezpada dena zapart egingarria izanen. Baina zentzuz betea bai, ene ustez».

Konkretuki, Bidegain aritu da eszenen idazten, aitzineko bilkuretan antzerkilarien artean erranak izan direnak kontuan hartuz. Denek elkarrekin irakurri dituztenak, bakoitzak bere iritzia emanez. Baina paperetik abiatzen dira: «Gero, errepiketan gauzak alda daitezke. Hor ikusten da zerk funtzionatzen duen, eta zerk ez».

Eta hori dena euskaraz. Ez dena detaile bat agian. Konparazione, antzerkilari berdintsuek ematen duten inauterietako zanpantzarren auzian antzerkiaren %80 euskaraz da; gainerakoa, frantsesez: «Galdegina zaigu tarteka han-hemenka frantsesezko erranaldi batzuk sartzea». Antzerki jokoan sartuz frantsesa. «Euskara ulertzen ez duenak istorioa segitu ahal izateko. Zaila izan da onartzea. Pena liteke euskaldunak ez direnek ez ulertzea. Baitira mezu azkar batzuk». Euskara ez dakitenentzat erdarazko esplikazioekin esku orri batean emanez «sorpresa efektu hori galtzen da; horrek anitz baldintzatuko duke».

Kabalkadan, aldiz, esku orriaren hautua egin dute, non frantsesez sinopsia emanen duten: «Gai nagusia ulertzeko. Baina ez da denei emana izanen. Beharko da galdegin». Hastapenean ez zuten esku orririk nahi: «Baina batzuk kexatu dira. Behar zela pentsatu euskara ulertzen ez dutenekin». Eztabaida luze batzuk ukan dituzte: «Nahi bada euskalduna ez dena guregana ekarri, egia da behar direla hautsi-mautsi batzuk egin. Bestela, arriskua da batzuk elkarren aurka jartzea, eta, azkenean, ez duzu debatea aitzinarazten». Hautsi-mautsia esku orriarena izan du Uztaritzek. Hori bai, antzerkia osoki euskaraz izanik, «plazer handiagoa» ekartzen duela ez du dudatzen Bidegainek. «Jendeak behar du ulertu ere euskal kultura euskaraz egiten dela eta ez dela beti euskaldunei indar bat egitea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna