ATZEKOZ AURRERA

Eski estazioa egongelan

Ehunka pertsona bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan dagoen izotz pistan eta izotz txirristan. Ordu batez patinatzeko edota lerekin plazan behera egiteko tartea dute haur, gazte eta nagusiek.
Hainbat gazte, Andre Maria Zuriaren plazako izotz pistan patinatzen.
Hainbat gazte, Andre Maria Zuriaren plazako izotz pistan patinatzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon Rejado -

2019ko urtarrilak 5
Eski estazio batean egotea bezala da hau, bidaiatu gabe. Formigal egongelan izatea bezala da!». Irribarretsu daude Maitane Biguri eta Javier Sanchez, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Taberna batean daude, eguzkitan, baina txanoa eta eskularruak jantzita. «Ez hotzik, ezta berorik ere: zero gradu markatzen du kaleko termometroak», barre egin du Sanchezek. Mahaitxoan oliba batzuk dituzte, ardo zuri bana, eta laranjazko freskagarri bat, hasi gabe. «Semearena da, edan aurretik izotz pistara joan da, jende gutxi zegoelako», azaldu du Bigurik, plaza erdialdean dagoen azpiegitura handira begiratuz. «Hotz honekin, ez zaio edaria berotuko».

Milaka pertsona bildu dira Andre Mari Zuriaren plazako izotz pistara, abenduaren 15etik. Gabonetan jendetza erakarri arren, aurretik ere egon da irekita. «Gabonen aurretik, goizetan ez zegoen mugimendu handirik. Ikastetxeetako ikasleak etortzen ziren, batez ere», azaldu du izotz pistako langileetako batek. Gabonetan, ordea, jende asko biltzen da, goiz eta arratsalde: bai izotz pistan patinatzeko, bai plazaren iparraldetik hegoaldera jaisten den izotz txirristan.

Jende ilara bat dago izotz pistaren ondoko karpa handian, sartzeko zain. Barruan, tiketak saltzen dituzte, bai izotz pistarako, bai txirrista erabiltzeko: ordu batez patinatzeko tiketak 2,5 euro balio du, 14 urtetik beherakoentzat; eta 4 euro, nagusientzat; txirristatik behin jaisteko tiketak 0,50 zentimo balio du.

Ilaran, negoziazio sutsuak entzun daitezke, seme-alaben eta gurasoen artean. «Ez al duzu uste egokiagoa dela tiket bat erostea, eta, gehiago nahi baduzu, beste bat hartzea?», galdetu dio aita batek semeari. «Agian, ordu batekin nahikoa duzu, eta bi ordu luze egingo zaizkizu», gehitu du. Atzerago, neskatila batek txirristatik ahal beste aldiz jaitsi ahal izateko argudioak eman dizkio amonari, zorterik gabe. «Berdin dit zure gurasoekin zer egiten duzun. Bitan jaitsi, eta listo; eta gero, bazkaltzera, bada garaia eta».

Neguko ur parkea

Dozenaka haur daude, zain, izotz txirristatik jaisteko. Horretarako, aukeratu egin behar dute zer baliatuko duten: lera edo flotagailu borobil baten forma duten eserlekua. «Begira, ama! Udako oporretako ur parkeko donutsak bezalakoak dira! Hori hartuko dut; azkarrago joan baietz...», esan du 6 urte inguruko haur batek. Korrika batean igo da umea txirristaren goialdera. Gurasoak, bitartean, txirristaren amaieran geratu dira, zain, seme-alabak jaisten ikusteko prest dauden guraso eta aitona-amona guztiekin batera.

Izotz pistan, dozenaka pertsona ari dira, ahalik eta ondoena saiatzen. Batzuek nahikoa dute pista inguratzen duen hesia gogor heltzearekin, zutik irauteko. Gehienak ondo moldatzen dira, eta bueltak ematen dizkiote. Bakarren batek ohi baino trebezia handiagoa du, hesiari helduta daudenen harrigarri.

Izotz pistaren hesitik gertu, pertsona gutxi daude. Udalak pistaren kanpoko hegoaldeko zatia itxi egin du, istripurik egon ez dadin. Azken egunotan urtutako izotza espaloira erori da, eta gauez izotz geruza bat sortu da. «Ematen du izotz pistak hazi egin nahi duela, ezta?», barre egin du Javier Sanchezek. Udalak jarritako muga hori aitzakia gisa erabili du patinatzen dagoen semea apur bat urrunagotik ikusteko. Taberna bateko terrazatik egongelako estazioaz gozatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna