ATZEKOZ AURRERA. Fermin Aio. 'Ongi etorri' dokumentalaren zuzendaria

«Lekukotza guztiak bilduta kontaketa bakarra osatu da»

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolaturiko ekitaldi bat baliatuz, Aiok 25 lekukotza bildu ditu dokumental batean. Herritar ororen kontzientziak piztea izan da haren asmo nagusia.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Zihara Jainaga Larrinaga -

2019ko urtarrilak 24
Bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak errefuxiatuen aldeko martxa bat antolatu zuen 2017ko apirilaren 30ean Gernika-Lumon (Bizkaia). Ekitaldi haren dokumentala egin du Fermin Aiok (Getxo, 1970), han bildutako hainbat pertsonaren lekukotzekin. Eurasia International Monthly Film Festivalean, 40 minutu baino gehiagoko kategoriako dokumentalik onenaren saria lortu berri du. Atzo aurkeztu zuten, Bilborocken.

Zein zen iaz egin zen martxaren helburua?

Herritarrek, Gernikan egindako ekitaldian, migrazioaren politikekin ez daudela ados adierazi nahi izan zuten, eta martxa baliatu zuten gizarte osoari beren aldarrikapenak erakusteko. Halaber, antolatzaile eta parte hartzaileek migrazio politikak aldatzeko beharra premiazkoa dela azpimarratu zuten. Hainbat txokotatik jendetza bildu zen Gernika-Lumora; oso arrakastatsua izan zen.

Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?

Ekitaldia baino hilabete lehenago deitu ninduten Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako komunikazio lantaldetik, martxarekin zerbait egin nahi zutela esateko. Han gertatzen zena nolabait erregistratu nahi zuten. Orduan pentsatzen hasi ginen zein funtzio izan zezaketen bertan grabatutako irudiek, eta ohartu ginen, martxa erregistratzeko baino gehiago, kontzientzia pizteko zerbait egin zitekeela. Istorio indartsuak zituen jendea batuko zela baliatuta, elkarrizketak egiteko aprobetxatu genuen.

Zeren arabera aukeratu zenituzten elkarrizketatuak?

Guztira, 25 pertsona aukeratu genituen beren istorioak kontatzeko; lekukotza desberdinak nahi genituen: errefuxiatuak, migratzaileak, aktibistak, gernikarrak.

Zein mezu helarazi nahi da?

Lekukotza guztiek mezu argia eta bera dute: jendeak laguntza behar duenean derrigortuta gaudela laguntzera. Mezu hori dokumentala ikusten duen ororengana heltzea da gure helburua, horrela norbere kontzientziak piztu eta aldaketan nola lagundu daitekeen hausnartzeko.

Guztietatik, zein lekukotza nabarmenduko zenuke?

Zeinek esaten duen baino gehiago, zer esaten duen da nabarmentzekoa. Lekukotzek erakusten dute guztiok ditugula arazo berak, bizitza on bat nahi dugu guretzat eta gure seme-alabentzat. Ez da gehiegi eskatzen dena, eta errefuxiatuek ere hori lortu nahi dute.

Esan daiteke 25 lekukotzek kontaketa bakarra osatzen dutela?

Hala da. Dokumentalaren edizioa egitean, konturatu nintzen pertsona bakoitzari bere istorioa kontatzeko eskatu arren lekukotza guztiak bildu eta kontaketa bakarra osatzen zela: guztiz kohesionatua eta indartsua.

Lekukotzez gain, gerrako irudiak ere erabili dituzue dokumentalean. Zer lortu nahi zenuen irudi horiekin?

Ez zen lan xamurra izan irudiak lortzea. Lekukotza soilak ez izateko, kontatzen zuten hori irudien bidez erakutsi nahi genuen.

Etorkizunean migrazio politikak bermatuak daudela iruditzen zaizu?

Beldur naiz. Migrazioaren aurkako mezuak gailentzen ari dira gizartean; migrazioa kriminalizatzen duten politikak, hain zuzen. Eta ez dakit nahikoa egiten ari garen mezu horien aurka edo horiek aldatzeko. Uste dugun baino gertuago eta gehiago ditugu mezu horiek. Aldi berean, erantzukizuna ere sentitzen dut, ea nahiko egiten ari garen edo ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Zihara Jainaga Larrinaga

Informazio osagarria