ATZEKOZ AURRERA. Estibaliz Agirre Lopez de Munain. Ilustratzailea

«Argazkilaritza, ilustrazioa eta euskara uztartzen ditu liburuak»

'Paperbizi' arte liburuak Gasteizko dozenaka bizilagunen marrazkiak bildu ditu, haien leku kuttunetan kokatuta. Estibaliz Agirrek garatu du proiektua. Zailena finantzaketa lortzea izan dela esan du.

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Sorkuntza partekatuan oinarritutako arte liburua aurkeztuko du bihar Estibaliz Agirre Lopez de Munainek (Gasteiz, 1993). Ilustratzailea da Agirre, eta Oihaneder Euskararen Etxeak egindako deialdi bat baliatuta garatu du Paperbizi proiektua. Deialdian parte hartzeko, proposatutako proiektua lankidetzan oinarrituta egon behar zuen. Paperbizi-n 80 pertsonatik gora daude ordezkatuta, Agirreren proposamena onartu ondoren. Aurkezpena Gasteizko Oihanederren izango da, 20:00etan, beste proiektu batekin batera: Kauldi Iriondoren Euskaldun berriak?

Zer da Paperbizi liburua?

Liburua Batera deialdiaren bidez egin dut. Deialdi horrek laguntza ekonomiko bat ematen du, baina ez proiektua garatzeko adina; deialdi horretan diote zati bat finantzaketa kolektibo bidez lortu behar dela.

Zer moduzkoa izan da finantzaketa mota horretara jotzea?

Iruditu zait zailena. Zaila ikusten nuen jendeak dirua ematea nik nire proiektua gara nezan. Interesa izan behar zuten... Baina, azkenean, ondo atera da!

Diru ekarpena ez ezik, parte hartze zuzena ere eskatu diezu diruz lagun dizuten horiei.

Diru ekarpenarekin bermatzen zen haien parte hartzea, nolabait. Pentsatu nuen agian hori traba izan zitekeela norbaitentzat, baina, behin erabakia hartua nuela, aurrera! Norbait engainatuko nuela pentsatu nuen!

Ez dira gutxi izan «engainatu» dituzun horiek...

Bai... Bakarka parte hartzeko aukera asko eman nituen, baina jendeak, batez ere, taldeka hartu du parte: bikoteka... Hasieran 40 argazki biltzea nuen buruan, baina 24 izango dira azkenean.

Zein izan da parte hartu duten horiei eskatzen zeniena. Nola izan da prozesua?

Paperbizi arte liburu bat da. Argazkilaritza, ilustrazioa eta euskara uztartzen ditu. Ikasketa prozesu bat izan da; parte hartzaileei, agian, lan apur bat eskatu die, eta hasieratik ez diet oso argi azaldu zer nuen buruan.

Zeintzuk izan dira pausoak?

Parte hartzen zuten horiei beren argazki bat eskatu diet. Argazki hori baliatuta, marrazkiak egin ditut, eta itzuli egin dizkiet. Hurrengo pausoa zen haiek marrazkia Gasteizko beren toki kuttun batean jartzea, eta horren argazkia ateratzea. Argazki hori bidali didate, baita testutxo bat ere: esaldi bat, titulu bat, testu bat, olerki bat...

Zer jaso duzu bueltan?

Pozik nago. Argazkietarako aukeratu duten leku bakar bat ere ez da errepikatu: hiria, Alde Zaharra, parkeak... Saiatu dira ohiko txokoak ez ateratzen, eta baten bat berezia da. Testuak ere interesgarriak izan dira, askotarikoak.

Zenbat marrazki egin dituzu?

Liburua egiteko 78 pertsona marraztu ditut, hiru katu eta bi txakur. Eta guztiei eskerrak eman behar dizkiet proiektuan parte hartzeagatik.

Zer egingo duzu argitaratuko diren aleekin?

Parte hartzaileen artean banatuko ditugu, eta beste batzuk Oihanederren utziko ditut. 80 ale egin ditugu guztira.

Zergatik erabaki zenuen mota horretako proiektu bat egitea?

Duela bi urte inguru hasi nintzen ideiarekin bueltaka. Oporretan joan nintzen bi lagunekin, eta bururatu zitzaidan tontakeria hori egitea. Gu hirurak marraztu, eta hondartzan jartzen genituen. Ideia asko gustatu zitzaien, eta bertan aukera bat egon zitekeela ikusi nuen. Gerora ikusi nuen Batera deialdia, eta,oso zabala zenez, ba...

Zergatik jo zenuen deialdi horretara?

Aurretik Oihanederreko lehiaketa batean parte hartu nuen. Ez nuen irabazi, baina Batera deialdian parte hartzera animatu ninduten. Oso zabala denez, hor aurkitu dut tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.