ATZEKOZ AURRERA

Doinuek lagundutako bidaiak

Hamaika munduk bat egin dute Gasteizko kaleetan, jazzaldia dela-eta egunez egun kalean entzun diren kontzertuetan. Musika hirigunetik ere atera da, Iruña Brass Bandari eta Craig Kleini esker.

Ehunka pertsona bildu ohi dira Gasteizko Falerinako lorategian egiten diren kontzertuetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Baxu elektrikoa entzuten da beste instrumentuen gainetik, Gasteizko Falerinako lorategira gerturatu ahala. Hamaika eta erdiak dira, eta Gasteizko Alde Zaharraren goiko aldean eguzkiak indarrez jotzen du. Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko hainbat ikasle daude taula gainean; azken prestaketa lanetan ari dira, kontzertua hasi aurretik. Dozenaka aulki dituzte aurrean, eguzkipean, ondo lerrokatuta, entzuleak hartzeko prest. Egunotan, Jazzaldia dela-eta, jendetza atera da kalera, egunez dauden kontzertuak baliatuta musikarekin bidaiatzeko prest.

Biolinak sorrarazi zien zirrara dute mintzagai Antonio Ibarrak eta Izaskun Diazek. Mendizorrotzako osteguneko kontzertua aztertzen ari dira, Jesus Guridiko Musika Kontserbatorioko ikasleak hasi bitartean. Biek aitortu dute Gregory Porteren saioarekin pozik daudela, baina Regina Carterrekin «maitemindu» zirela. «Asmo handirik gabe ikustera joan, eta ezin dut burutik kendu», esan du Diazek. «Afrikako doinuak iradokitzen zituen kanta aurkitzen saiatzen ari naiz, zuzeneko magia izango ez duela jakinda ere», zehaztu du Ibarrak.

Itzalpeko entzunaldiak

Bateria erritmo sotilaren gainean melodia eraikitzen hasi dira Jesus Guridiko Bass Konboko kideak. Agertokia bete dute: hiru saxofoi, gitarra, baxu elektrikoak eta teklatu bat. Ordurako ez da aulki bakar bat ere geratzen taula aurrean. Entzuleek hartu dituzte, eta itzaletara eraman. Hori egin duenetako bat da Miguel Solis. Urteak dira Segoviatik (Espainia) Gasteizera bidaiatzen duela, Jazzaldia ikustera. «Kontzertu handietan jarri ohi da arreta, baina egunean egindako saio txikiagoek eta giroak ematen diote nortasun berezia Gasteizko Jazzaldiari». Ondoan du Claude Briand, Naonedeko (Bretainia) herritarra. Gasteizen elkar ezagutu zuten duela zazpi urte inguru, eta bertan egiten dute topo urtez urte.

Saxofoi jotzaile batek soloa amaitu du, eta txaloka hartu dute. «Ikasleentzat oso aukera ona da», azaldu du Joannes Ederrak, big band-a zuzendu duen Jesus Guridi Kontserbatorioko irakasleak. «Jende asko dago, eta leku aparta da ikasturtean egin duten ikasketa bidearen emaitza erakusteko». Konboko kide guztiak daude ikasketa profesionalen lehen eta hirugarren mailen artean. «Big bandeko kideak nagusiagoak dira», zehaztu du Carmen Martinezek, Jesus Guridiko zuzendariordeak. «Oso ondo egiteaz gain, oso pertsona onak dira», gaineratu du.

Jesus Guridiko big bandeko abeslariak ikusle asko eta asko gaztarora eraman ditu ahotsarekin; Un ramito de violetas abesten hasi, eta dozenaka ahots gehitu zaizkio segituan. Emakume bat zutik jarri da, dantzari ezin eutsi. «Amama, ez egin hori!», eskatu dio 5 urte inguruko bilobak. Ez dio jaramonik egin. Eskua luzatuta gerturatu zaio inguruan dagoen gizon bati.

Kontrabaxua entzun bitartean joan dira Falerinako ikusle batzuk, etxerako bidean. Gutxi batzuek musika gehiagorekin disfrutatu ahal izan dute bidean. Iruña Brass Band taldea Gasteiz hiribidean jotzen ari da; David eta Goliat izeneko bi kafetegien aurrean ari dira, Craig Klein New Orleanseko (AEB) tronboi jolearekin batera. Itzalpean daude, eguzkitik babesteko. Auzokide batzuk musika ari dira entzuten, irribarretsu. «Eskertzekoa da doinuak auzoetara ere heltzea», esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.