ATZEKOZ AURRERA. Igor Otxoa. Tosta Bandako zuzendari artistikoa

«Gurea orkestra informal bat da»

Tosta Banda «hizkuntza gutxituen bozgorailu txiki bat» da, Otxoaren hitzetan. Zazpi herrialdetako hamar musikarik osatzen dute orkestra, eta kontzertua emango dute gaur, Donostiako Aste Nagusian.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Izaro Zinkunegi Barandiaran -

2019ko abuztuak 14
Igor Otxoa (Donostia, 1973) txalapartaria da; Oreka TX taldean aritu zen urteetan, baina duela zortzi urte utzi zuen oholtza. Egun, Tosta Bandako zuzendari artistikoa da; 2016an sortu zen Gales, Galizia, Frisia, Eskozia, Irlanda, Kornualles eta Euskal Herriko hamar musikarik osatutako talde hori. Donostiako Konstituzio plazan arituko da gaur, 23:30ean.

Donostia 2016ren harira sortu zen Tosta Banda. Zer eman dio Donostiak taldeari?

Aspaldi amestutako proiektu bat garatzeko aukera eman digu. Hizkuntza txikiak aintzat hartu nahi genituen. Taldeko musikariekin harremana genuen. Uste genuen denon artean aniztasunaren orkestra bat osa zitekeela, eta aukera sortu zen kultur hiriburutzarekin.

Eta Tosta Bandak Donostiari?

Donostiari ez dakit, baina euskarari eta gainerako hizkuntza gutxituei bozgorailu txiki bat eman die. Gurean baino balio handiagoa izan du beste komunitate linguistiko batzuetan; Kornuallesen, esaterako. Egoera larria da han: kornubieraz hitz egiten duten 500 pertsona inguru daude, eta beste 2.000 ari dira ikasten. Hangoentzat garrantzitsua izan da han kontzertu bat ematea eta hain gutxik hitz egiten duen hizkuntza batek protagonismoa izatea.

Nolakoa da zuen orkestra?

Gurea orkestra informal bat da. Kultura bakoitzeko musika tresna esanguratsuak ditugu; guretik txalaparta eta alboka daude. Gaita, biolina eta bandolina ere baditugu.

Nola moldatzen zarete elkartzeko?

Zaila da musikari guztiak koordinatzea; batzuk oso ezagunak dira euren herrialdean, eta hainbat taldetan jotzen dute. Baina beti gaude gogotsu eta prest. Internetek asko laguntzen digu entseguetarako. Gero, kontzertua baino bizpahiru egun lehenago elkartzen gara azken entseguak egiteko.

Festarako musika al da zuena?

Sustraietako musika egiten dugu. Momentu batzuk intimoagoak dira, baina badaude kantu biziak eta erritmo azkarrekoak ere. Dantzak ere ekarpen polita egiten du, eta ikuskizuna borobiltzen du.

Nolakoa izango da gaurko saioa?

Entzuleak kultura horietako kantu tradizionalak entzungo ditu, beste tresna eta ahots batzuekin gaurkotuak. Kukai dantza taldeko bi lagun ere arituko dira dantzan. Berrikuntzak ere izango dira; besteak beste, abesti berri batzuk joko ditugu.

Donostiako emanaldiaren ostean, zein da zuen ontziaren jomuga?

Tostak emanaldiekin jarraituko du, taldekideen herrialdeetan eta munduko beste jaialdietan. Bestalde, Oreka TX disko berria prestatzen ari da; ni produkzio lanetan nabil. Sei urte pasatu dira azken diskotik, eta jendea ari zen berria eskatzen.
Izaro Zinkunegi Barandiaran

Informazio osagarria