TXAPELA BURUAN. Veronica Satrustegi. Perun dagoen iruindarra

«Ezagutu dudan jendeak egin du bidaia hau benetako bidaia»

Satrustegi Latinoamerikako herrialde ugaritan egon da azken urtean. «Zaila» egingo litzaioke bisitatu dituenen artean bat hautatzea; esperientziak dira garrantzitsuena iruindarrarentzat.

BERRIA.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Veronica Satrustegi (Iruñea, 1995) kazetaria da. Ikasketak bukatu zituenetik gutxi egon da Iruñean. Ingalaterran bi urtez egon ondoren, «bizimodu desberdinen» bila abiatu zen Hego Amerikara. Tarteka, erreportajeak idazten ditu hainbat mediotarako.

Zerk eraman zintuen atzerrira?

Gauza dezentek motibatutako erabaki bat izan zen. Karrera bukatutakoan, Ingalaterrara egin nuen salto, eta han ia bi urtez egon nintzen lanean. Asko ikasi nuen, baina bizitzeko modu desberdinak esploratu nahi nituen. Nire begiez ikusi nahi nituen bestelako errealitateak. Eta inolako konpromisorik ez nuenez, jakin-minak eta kuriositateak bultzatuta, bueltako txartelik gabeko abentura hau hastea erabaki nuen: 2019ko otsailean, beraz, Mexikorako bidea hartu nuen.

Eta zergatik Latinoamerika?

Azken urteetan piztu zait interesa, eta joateko momentua zela sentitu nuen. Gazteleraz aritzeko aukera asko baloratu nuen, modu horretan errazagoa baita partekatzea, komunikatzea, ikastea, barneratzea... Askoz ere intimoagoak eta hurbilagoak dira harremanak. Bertakoekin hitz egin ahal izateak bereziago bihurtzen du bidaia. Komunikabideetan saldu dizkigutenak beste modu batera ikusi ditut.

Zeure kabuz joan zinen?

Lagun batekin batera hasi nuen bidaia, baina bidean bakarrik jarraitzea erabaki genuen momentu jakin batean. Bi esperientziak izan ditut. Norbaitekin bidaiatzea sekulako konpromisoa da, eta are gehiago bidaia bera zehaztu gabe dagoenean. Baditu alde onak, baina baita oso gogorrak ere, eta bakarrik zoazenean, berdin. Bietatik asko ikasi dut.

Non egon zara hilabete hauetan?

Mexikon hasi nuen bidaia. Gero Guatemalan eta Kuban egon nintzen, eta, gero, Kolonbia, Peru eta Txile bisitatu ditut.

Horien artean zein gustatu zaizu gehien?

Oso zaila egiten zait bakarra aukeratzea. Mexiko, adibidez, oso berezia izan zen, lehenbiziko kontaktua izan zelako. Kubako egunak motz gelditu zitzaizkidan. Peruko janaria, jendea, paisaiak, sinesmenak... Txileko egoera politikoa nola bizi izan dugun ere nirekin eramango dut. Egoera bakoitzak jendea ezagutzera eraman nau. Bidean ezagutu dudan jendeak egin du bidaia hau benetako bidaia.

Freelance zabiltza kazetari modura. Zeri buruz idatzi duzu?

Guatemalan egon nintzenean, bertako Garifuna herri indigenen inguruko erreportaje bat egin nuen, adibidez. Eta Txilen eta Kuban elkarrizketa batzuk egin izan ditut, bertako egoera soziopolitikoa ardatz.

Erraza al zaizu artikuluak hedabideei saltzea?

Erreportajeak egin ditut gehienbat, eta horiek ez dute toki handirik hedabideetan. Hala ere, horiek egiten izan dudan esperientzia pertsonalekin eta profesionalarekin geratzen naiz.

Non harrapatu zaitu pandemiak?

Liman nago orain. Egitekoak sobran ditut. Bestela ere, serieekin, liburuekin, sareekin entretenitzen naiz. Bizilagunarekin ere hitz egitera ateratzen naiz leihora, eta, honek luzaroan irauten badu, saltsa dantzari petoa izango naiz larrialdi egoera bukatu orduko.

Bidaia erabat moldatu beharko zenuen. Orain zer asmo?

Ematen du egoerak bizitza gelditzera behartu gaituela. Gustura jarraituko nuke hemen, baina uste dut Euskal Herrira bueltatuko naizela. Bueltatzeko beharra sentitzen dut, baita beste helburu batzuetan arreta jartzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.