TXAPELA BURUAN. Mikel Santiago. Polonian ikasten duen arrasatearra

«Zaila da poloniar bat barrezka ikustea»

Erasmus programaren barruan, Mikel Santiago Torun hirira (Polonia) joan zen zuzenbideko ikasketen hirugarren urtea egitera. Ikasturtea amaitzear dago jada, eta oso pozik dago bizitako esperientziarekin.

BERRIA.
Peru Azpillaga Diez.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hamar hilabete daramatza Polonian Mikel Santiagok (Arrasate, 1999). Amaitzear du egonaldia, eta, poloniarren izaera «oso hotza» dela deritzon arren, «pozik» dago bertan bizitako esperientziarekin. Zuzenbideko ikasketak egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Erasmus programaren barruan, Torunera joan da ikasketen hirugarren urtea hango unibertsitatean egitera.

Zergatik erabaki zenuen Poloniara joatea Erasmus programan?

Egia esan, ez nuen zuzenean aukeratu. Hasiera batean, Belgikara joatea zen nire asmoa, baina notengatik ezin izan nuen hara bidaiatu. Polonia zen nire bigarren aukera, eta, horregatik, hemen amaitu dut azkenean. Hamar hilabete daramatzat eta oso pozik nago; agian, Belgikan baino hobeto.

Zer iritzi zenuen herrialdearen inguruan joan baino lehenago?

Buruan nuen ideia zen bereziki hotzak zirela, isilak eta nahiko desatseginak. Hala eta guztizere, bigarren aukera modura jarri nuen. Batik bat, banekielako merkea zela bertako bizimodua. Gero, Torunera etorri, eta, egia esan behar badut, aurretik nuen ideia hori erabat berretsi dut: hotzak eta desatseginak dira, baina merkea da bizitza.

Nola moldatu zara polonieraz jakin gabe?

Etorri baino lehen jada esan zidaten hemen ez zutela ingeles askorik egiten, baina ezin nuen imajinatu ere egin benetan hain gutxi egingo zutenik. Jende nagusiaren partetik espero dezakezu, baina gure adinekoek ere oso maila baxua dute. Orduan, zaila da komunikatzea. Supermerkatura joateko ere, dakidan oinarrizko polonierarekin eta mimikarekin moldatu behar dut. Horregatik, batik bat, Erasmuseko jendearekin izan ditut harremanak.

Nolakoa da Torun?

Hiri zaharra da. Poloniako zaharrenetarikoa, gerran ez baitzuten bonbardatu. Horrez gain, unibertsitateari oso lotuta dago. Ikasleentzako hamabi egoitza daude, eta, beraz, ikaslez jositako hiria da Torun. Hala ere, ez dago aisialdirako eskaintza askorik; kirola egitea edota tabernetan ibiltzea, ezer gehiagorik ez dago egiteko. Alde horretatik, nahiko hiri alkoholizatua da, horretara bideratuta dagoelako aisialdi guztia, eta edatea oso merkea delako. Klimari lotuz berriz, hotza egiten du, baina espero baino gutxiago. Esate baterako, ez du ia elurrik egin.

Zer nabarmenduko zenuke Torungo bizimoduaz?

Oso serioak dira, eta bizitza ere halakoa da. Ez dakit zelan esan... Adibidez, benetan zaila da poloniar bat barrezka ikustea. Horregatik, kanpoko jendearekin ibili naiz batik bat. Hilabete inguru geratzen zait hemen egoteko, eta oztopoak oztopo, oso esperientzia ona izan da hau niretzat. Ez dakit hemengo kasua bakarrik den, baina, egia esan, Erasmuseko topiko guztiak bete dira. Horrekin batera, osasun krisiaren arazoarekin, oso ikasturte berezia izan da. Hala ere, ezinbestean errepikatuko nuke.

Nola bizi izan duzu koronabirusaren osasun krisia?

Hasi zenean ez nuen uste halako garrantzirik izango zuenik. Erasmus programan zegoen jendea alde egiten hasi zen, eta nik eta beste batzuek geratzea erabaki genuen. Ez genuen inondik inora espero gerora etorri zena. Egoitzan sartuta egon gara, irten ezinik, eta klaseak telematikoki egiten. Hala ere, beste herrialde batzuekin konparatuta, ez da hain larria izan hemengo egoera.

Gogorra da familiatik urrun bizitzea halako esperientzia bat?

Nahiago dut hemen lagunekin egotea 24 orduz, han gurasoekin egotea baino; horregatik ere erabaki nuen geratzea. Nire buruan ez zen sartzen lehenago itzultzearen ideia. Hemen taldetxo bat osatu genuen, eta, egia esan, nahiko ondo egon gara. Gainera, hasiak gara jada normaltasunera itzultzen; beraz, ez naiz inolaz ere damutzen hemen geratu izanaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.