ATZEKOZ AURRERA. Agus Barandiaran. Korrontzi taldeko trikitilaria

«Trikitiak nortasuna galdu duela uste dut»

Kopla berriak eta zaharrak bildu ditu Korrontzi taldeak hamargarren diskoan: 'Koplariak'. Abenduan hasi ziren aurkezpen kontzertuekin, eta taldekideak «oso pozik» daude publikoaren erantzunarekin.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Koplariak disko berriaren aurkezpen kontzertuekin aurrera eta atzera dabil Agus Barandiaran trikitilaria (Jatabe, Bizkaia, 1975). 2020rako aurreikusiak zituzten kontzertu guztiak bertan behera geratu ondoren, inoiz baino gehiago ari da gozatzen oholtza gainean Korrontzi taldeko trikitilaria. Gaur arratsaldean dute hurrengo kontzertua: Hondarribiko Itsas Etxea auditoriumean (Gipuzkoa).

Hamargarren diskoa kaleratu du Korrontzi taldeak. Nolako harrera egin dizue publikoak?

Pandemia dela eta, publikoa entregatuago dagoela iruditzen zait. Jendea kultura gosez dago, ondo pasatzeko gogoz dator, eta hori asko nabaritu dugu kontzertuetan. Txalo zaparrada handiak jasotzen ditugu,eta oso gustura gaude jendea ematen ari den erantzunarekin.

Zuen musika oso dantzagarria bada ere, ikusleek ezin dute dantzan egin... Gogorra da publikoa horrela ikustea?

Egia da orain ohituago gaudela, baina itxialdiaren ondoren eman genuen lehenengo kontzertuan, harrituta geratu ginen. Oholtza gainetik publikoa begiratu, eta guztiak musukoaren atzean ikustea gogorra izan zen. Hala ere, bizi garen egoera kontuan hartuta, jendea inoiz baino txalo gehiago egiten ari da, edukiera mugatua izan arren, sarrera guztiak amaitzen ari dira... Jendea musika gosez dago, eta gu saiatzen gara publikoa dantzarazten eta gozarazten.

Musikaren mundua bereziki astindu du pandemiak. Zuen kasuan, nolako eragina izan du?

Hasteko, 2020rako aurreikusita genituen kontzertu gehienak bertan behera geratu ziren. Hala ere, uztailean berriro ere martxan jartzeko aukera izan genuen, eta, udazkenera begira, hainbat kontzertu eman ditugu. Hortaz, alde horretatik, ezin gara kexatu. Disko berriari begira ere, astero aurkezpen kontzertu bat edo bi ditugu zuzenean, eta hori gauza handia da bizi garen garai honetan. Hala ere, talde moduan, asko ukitu gaitu pandemia honek, nahiko gogorra izan da, baina denon artean borondatea dugu kultura berriro ere zutik jartzeko.

Itxialdia diskoaren grabazioa egiteko aprobetxatu zenuten. Alde horretatik, esan daiteke pandemia ondo etorri zaizuela?

Egia esan, Korrontziren eta Xabier Amurizaren arteko elkarlana duela lau bat urte hasi zen. Hala ere, esan daiteke, itxialdiari esker, denbora gehiago hartu dugula diskoa prestatzeko, eta emaitza ere hobea dela. Gainera, iruditzen zait hori islatzen eta nabaritzen dela soinu aldetik, teknika aldetik...

Tradizioa baztertu gabe, berritzeko nahia erakutsi du beti Korrontzik. Nolakoa da tradizioaren eta berrikuntzaren arteko lotura hori?

Nik tradizioa maitatu, errespetatu eta hausnartu egiten dut. Hala ere, musikari moduan, proposamen berriak egiteko nahia duzu, eta, pixkanaka, ekarpen berriak egiten hasten zara. Guk ez dugu musika tradizionala egiten, guk proposamen berriak botatzen ditugu. Hau da, tradizio kutsua duten abestiak egiten ditugu, baina tradizioari jantzi berriak jartzen dizkiogu, ekarpenak egiten ditugulako.

Nola ikusten duzu trikiti mundua?

Osasuntsu. 1970eko hamarkadan, trikitia zaharren eta baserritarren gauzatzat hartzen zen, baina, orain, oso normalizatuta dago. Hala ere, nolabait, bere nortasuna galdu duela iruditzen zait. Orain, beste instrumentu bat balitz bezala hartzen da, baina uste dut beharrezkoa dela instrumentu horrenganako maitasuna eta grina transmititzea.

Zuk zeuk, nola bizi izan duzu pandemia egoera?

Nik, zorionez, musika irakaslea ere banaizenez, soldata bermatua izan dut. Hala ere, lankide askok oso gaizki pasatu dute. Itxialdian geundenean, oso gogorra izan zen ikustea kontzertu guztiak bertan behera geratzen ari zirela banan-banan. Inoiz baino buruhauste gehiago izan ditugu, eta inoiz baino buelta gehiago eman dizkiogu buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.