ATZEKOZ AURRERA. Maddi Irazoki. Artista

«Pila bat gozatzen dut pintatzeko unea»

Udan pintura tailerrak emanen ditu Irazokik bere tailerrean. Talde txikietan aritzea maite du, bakoitzaren beharrak aditu eta aintzat hartzeko. Jostetaren aldekoa da, eta oraina bizitzen ikasi duela dio.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Iker Tubia.
2021eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Tailer berria ireki du Maddi Irazokik (Bera, Nafarroa, 1977) bere herrian, eta gaurtik aurrera beste pertsona batzuk hartuko ditu han, Sortzen deitutako eskoletan. Haur eta helduak ariko dira berarekin batera lanean, eta, haien beharrei jarraikiz, haien sormen lanen bidelagun izaten saiatuko da Irazoki.

Tailer berria duzu. Zer dela-eta aldatu zara?

Aurrekoa tailer luze bat zen, hezea. Oraingoak izkina egiten du, eta lau beirate handi ditu; beraz, argia sartzen da lepo. Gero, bestea errepide nazionalaren ondoan zegoen, eta burrunba zegoen. Orain ez da kale nagusi bat: bertze lasaitasun bat du.

Argia eta lasaitasuna. Zerbait gehiago behar da tailerrerako?

Nire lan egiteko moduan, beharrezkoa dut entzutea nola dagoen bertzea. 19 urtez ibili nintzen Seaskan, Urruñan [Lapurdi]. Hagitz gustura, anitz ikasi nuen, baina taldeak handiak ziren, eta 50 minutuko saio bat astean. Hain denbora gutxian ezin dut jakin zer behar duzun.

Horregatik aldatu zenuen irakasteko manera?

Bai, hurbiltasunean sinesten dudalako. Modu horretan, zure beharra entzun dezaket. Interesatzen zaidana da bidelagun izatea. Batzuek bultzatzea behar dute, beti daudelako beldurtuak edo segurtasun faltarekin; beste batzuek frenoabehar dute. Hori talde txikian baizik ezin da eskaini.

Nola egiten da lan entzunez?

Proposatzen duzu ideia bat, gai bat, teknika bat... baina entzumenetik lan eginez gero, bakoitzak nonbaitera eramanen du hori. Nire helburua ez da denek zuhaitz bat egitea, eta denek horrela. Lortuko ditugulako agian zuhaitz oso politak, baina denak nahiko antzekoak, eta horrek ez dut uste deus ekartzen digunik. Gidatuegia denean, ez zaigu horrenbertze gelditzen gure barrenean: gure barreneko hazi hori ez zaigu hain sendo gelditzen. Inportanteagoa da bidea, pentsatzea, erabakitzea eta begiratu berriz, atzera, pausa. Hori dena da polita.

Zuregana etortzen den jendeak zer asmo izaten du?

Normalean, gogoz etortzen dira. Jostatu nahi dute, eta ongi pasatu, eta hori oso inportantea da, jostatu gabe ez baitago deus egiterik. Bizian orokorrean esango nuke jokoa dela ikasteko modurik onena.

Nola hasi zinen tailer hauekin?

Etxeko tailerra irekitzen hasi nintzen, nire espazio pribatua. Jendea nire etxera etortzen zen espazioa konpartitzera. Anitzetan, igual, martxan jartzen dut jokoa eta ikusten dut badoazela bakoitza berera, eta ni neroni ere hasten naiz nire saltsan pintatzen. Behar banaute, sekula ez diet erantzun bakarrik ematen, eta horrek hasieran pixka bat erotzen ditu. Ideiak ematen dizkiet, eta esaten diet agian beraiek bertze ideia batzuk dituztela.

Espazio berean besteekin egoteak eskaintzen dizu zerbait?

Gauza anitz: plantatzen zaizkit aitzinean pentsatu ere ez nituen gauzak, eta hori ere mugimendua da, eta mugimendua bizia da.

Udan zure lanekin ariko zara?

Larunbatean zabaldu genuen erakusketa kolektibo bat Lesakako Labiaga ikastolako ikasle ohiek. Orain, enkargu pare bat bukatzen ari naiz, eta baditut beste lan batzuk.

Uda garai ona da sorkuntzarako?

Argia ona da, bai. Uste dut denak baduela berea. Orain, udan, gogo gehien ematen du kanpora ateratzeko, baina ona da argitasun hau tailerrean egoteko. Anitz ateratzen gara kanpora ere.

Antzerkiarena utzia duzue Itzel konpainiarekin?

Pandemiagatik gelditu zen, baina pausa bat bertzerik ez da.

Zer ikasi duzu antzerkian?

Oholtzak ekartzen dizu momentuari erabat lotua egotea:orain eta hemen. Horrek gehitu dio edo aldatu du nire pintatzeko modua. Lehen, nire mundura joateko pintatzen nuen, nire espazio pribatu batera, eskapu bezala. Antzerkian hasi nintzenetik, pila bat gozatzen dut pintatzeko unea: pintzelaren arrastoa, oihalari egiten dion forma...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.