ATZEKOZ AURRERA. Antia Muiño. Musikaria

«Ken dezagun etiketa hori gainetik: galegoz ere lor daiteke arrakasta»

Muiño gitarra klasikoko ikasketak amaitzera etorri zen Euskal Herrira, eta Donostian gelditu da bizitzen. Jazzaldian aritu zen, eta Atlantikaldian ere ariko da. Ahots eztia da harena, gitarra biluziz eta galegoz emana.

VALERIA DIOS / BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Bossa nova eta jazz malenkonia dario haren gitarrari, eta galegoa telefonoz bestaldeko ahotsari. Morriña-k erasanda joana da Antia Muiño sorterrira (Coruña, Galizia, 1992), Santiagoko lagunak agurtu eta Costa da Morteko sendiarekin egotera. Donostiara ikastera joan, eta bertan egin du bizilekua. Errenteriako (Gipuzkoa) Atlantikaldia jaialdian ariko da, irailaren 24an.

Zer dira cantareira-k eta pandereteira-k?

Galiziako elkarte tradizionaletan aritzen diren emakumezkoak dira.

Han hasi zinen zu?

Txikitan hasi eta nerabezarora arte aritu nintzen cantareira. Baina parean jarritako guztia abesten nuen.

Garai hartatik datorkizu galiziar kulturarekiko atxikimendua?

Orduan jo eta abestu nituenen moldaketak egiten ditut orain. Hor barruan gelditzen den zerbait baita, eta ordukora bueltatzen naiz, beste ikuspegi batetik. Orduan bizi eta geroztik ikasi dudanaren bilgune bat da orain egiten dudana.

Poeta galiziarrak maite dituzu.

Musika eraikitzeko balio dit poesiak. Haiek idatzitakoak nire musika idazteko baliatzen ditut. Bertsoen musikaltasuna maite dut, eta oso erosoa egiten zait notak jartzea.

Zergatik gitarra klasikoa?

Kasualitatez. 12 urterekin hasi nintzen, gurasoek behartuta: 'Ume hau hemen dabil egunero kantuan; goazen instrumentu bat jartzea'. Musika eskolan gitarrarekin hasi nintzen, akorde batzuk ikasteko helburuarekin. Baina irakaslea oso ona zen;gitarra klasikoan sartu ninduen, eta halaxe segitu dut.

Galdetuko zizuten: baina lor daiteke arrakastarik galegoz abestuta?

Zergatik ez, bada? Kendu beharko dugu etiketa hori gainetik. Galegoz abestea naturala da niretzat. Egunero entzuten dugu musika ingelesez, frantsesez, portugesez... Zergatik ez du arrakastarik edukiko galegozko abesti batek? Carta Aberta nire abestiak 610.000 entzunaldi dauzka Spotify plataforman.

Nola daude hizkuntza eta kultur ekoizpena Galizian?

Musikari eta kulturari dagokionez, badago halako goraldi bat, badu galegoak garrantzi bat, prestigio bat. Gizarteari dagokionez, ordea, bazterrekoa da, hiztun kopurua behera ari da egiten gazteen artean.

Abokatu handi bat galdu dugu, ala musikari handi bat irabazi?

Ez dakit, egia esan [barrez]. Musikarekin jarraitzea erabaki nuenean, modu naturalean hartu nuen erabakia. Baina egia da zuzenbidea nota onekin amaitu nuela.

Buenos Airestik Madrilerako hegaldi batek izan zuen zerikusia?

[Barrez] Hegaldi luzea izan zen hura, geldialdi askokoa. Horietako batean, Argentinako bikote bat izan nuen alboan: cheto batzuk, aberaskume eta handiki batzuk. Herrialdearen egoeraz aritu ziren, krisiaren erantzuleak etorkinak zirela, haiena zela errua... Diskurtso erabat arrazista zuten, eta gizona diplomazialari bat zen. Garai hartan hartu behar nuen erabakia: nazioarteko harremanetan master bat egin, edo musikako goi mailako gradua. Seinale bat izan zen hura. Izan ere, hurrengo geldialdian, gitarrista brasildar bat izan nuen alboan. Mundu guztian ibilitakoa, gitarra klasikoa jotzen. Sekulako distira zuen begiradan eta kontakizunean. Pentsatu dezakezu zer erabaki hartu nuen.

Musikenera joatea?

Eta ez dut batere damurik. Esperientzia gogorra izan zen, baina ona. Lana ere topatu nuen Hondarribiko Musika Eskolan, eta Donostian bizitzen gelditu nintzen.

Eta Jazzaldiko esperientzia?

Inoiz egin dudan gauzarik garrantzitsuena izan da. Musika arnasten da egun horietan hirian. Katapulta plataformakoek aukeratu ninduten lehenengo —haiek garamatzate, eta erabat gustura nago haiekin—, eta Jazzaldiak sartu ninduen hurrena zerrendan. Sekulakoa izan zen: eszenatokia, ilunabarra, jendea...

Badator diskoa?

Bai, eta sekulako gogoa daukat unea iristeko. Gauzak ondo, 2022an aterako dut. Prozesu zaila da, baina eskuartean zerbait izan nahi dut, eta esan: «Hauxe da egiten dudana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.