ATZEKOZ AURRERA. Olatz Ovejero. Zinema zuzendaria

«Langileen arteko elkarlana zaila da»

Iaz, Tarragonako petrokimika fabrika batean izandako leherketak hiru lagun hil zituen, bai eta mobilizazioak eragin ere. Egoera hartaz dihardu Ovejerok zuzendutako dokumentalak: 'A cambio de tu vida.

CLAUDIA RUIZ CARO/ #BARRA_ABILDUA#RUIZCAROFOTO.
amaia igartua aristondo
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
2020ko urtarrilean, Iqoxe petrokimika enpresaren Tarragonako fabrikan (Katalunia) gertatutako leherketa batek hiru lagun hil zituen. Ondorioz, langileek protestak antolatu zituzten, eta horiek agertzen ditu A cambio de tu vida dokumental laburrak (2020). Olatz Ovejerok zuzendu du (Iruñea, 1995), Clara Lopezekin, Aurora Baezekin eta Sebastian Ramirezekin batera, eta Bilboko LAN jaialdian proiektatuko dute gaur, 19:00etan, Bilborocken.

Eztandarekin hasi zen dena.

Bartzelonan geunden, eta fabrikara hurbildu ginen ikusteko zer gertatu zen. Bizilagunekin hitz egin genuen hasieran, eta haiek zuten dikotomia azaldu ziguten: batetik, osasunaren eta ekologismoaren aldetik, kaltegarria iruditzen zaie petrokimikafabrika batetik hurbil bizitzea, baina, bestetik, %90 horretatik bizi dira. Langileekin ere hitz egiten saiatu ginen, baina beldur ziren.

Istripua mugarria izan zen langileen antolakuntzarentzat.

Urtebete lehenago beste leherketa bat egon zen, eta mugitzen hasi ziren pixka bat, baina langile batzuk kaleratu egin zituzten, agertzen zirelako sare sozialetan jarritako manifestazioen bideoetan. Zerrenda beltz batean sartzeko arriskua zegoen: hori enpresaz enpresa pasatu, eta ez zuten lanik topatzen. Iqoxen gertatu zena mugarria izan zen, konturatu zirelako elkartu beharra zutela. Baina sindikaturik ere ez zegoen, eta gero lortutakoa suntsitu egin zuen pandemiak. Ia urtebete ondoren, sindikatu independente bat sortzen ari dira.

Kasu jakin batek ardazten du filma, baina paradigmatikoa da.

Hori da langileek esaten zigutena, askotan gertatzen direla istripuak: urtebete lehenago lagun bat hil zen, eta, dokumentala muntatzen ari ginenean, beste bat hil zen eztanda gertatutako fabrika berean. Arazo handi bat dago: lan arriskutsuak direnez, ezer larririk gertatzen ez bada, enpresak sariak edo diru laguntzak ematen dizkie, eta istripuak ezkutatzen saiatzen da.

Era berean, ez da petrokimika industriaren kontua bakarrik.

Guk ez genuen petrokimika industriaz hitz egin nahi, baizik eta langileen egoera unibertsalaz. Nire aitona Gipuzkoan bizi zen, eta, zortzi orduko lanaldiaren alde egitearren, hilabete egon zen lanera joan gabe, lau seme-alabarekin, jakin gabe ea botako zuten. Gaur egun, zaila da imajinatzea elkarlan hori. Egoera jorratu nahi genuen, eta salatu zein zaila den langileak elkar daitezen.

Fabrikan, zein zen oztopoa?

Langileek kontatu ziguten soldata ezberdinak kobratzen dituztela, azpikontratatuak daudela... batzuek 1.000 euro jasotzen dituzte, besteek 1.500 edo 2.000; gehien kobratzenduenari ez zaio inporta gutxiago kobratzen duena. Enpresen estrategia da langileak soldataren bidez bereiztea.

Zuek izan zenuten arazorik enpresarekin?

Hasieran, gure ideia zen fabrika horien barruan sartzea, baina ezinezkoa izan zen. Modu zintzoan egiten saiatu ginen, azalduta dokumental bat egiten ari ginela; gero, esan genien ikerketa bat egitera gindoazela, baina ezta ere. Gainera, han egon ginen leherketa gertatu eta astebetera, eta segurtasunekoak behartu gintuen grabatutako guztia ezabatzera, ez ziguten utzi ezta kanpotik grabatzen ere. Modu zuzenean ez dugu arazorik eduki, langileak ez zirelako soilik Iqoxekoak, baizik eta enpresa askotakoak: BASF, Dow, Repsol, Covestro... Arazoa petrokimika industria osoan dago zabalduta.

Hausnarketa etikorik egingo zenuten. Nola komunikatu ezbehar bat, kaltetuak zainduta?

Horren inguruan asko hitz egin genuen: gu ahalegindu ginen haien egoera erakusten, baina ikusita zer beldur ematen zien, erabaki genuen dokumentalaren gainetik zegoela haien nahia. Iazko uztailean topaketa bat egin genuen dokumentalean agertzen diren gehienekin: filmeko irudi batzuk ikusi, eta galdetu genien ea agertu nahi zuten. Ez da gure pelikula, haiena baizik; laguntza izan nahi dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.