ATZEKOZ AURRERA. Leire Etxezarreta. Musikaria

«Eroso sentitzen naiz formatu akustikoan»

Etxezarretak panderoarekin eta trikitiarekin egin zituen lehen urratsak musikaren arloan. Neomak eta Sarrabete taldeetako kidea da, baina bakarka ere badabil. Bihar kontzertua emango du Gasteizen.

JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean emango du kontzertua Leire Etxezarreta musikariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1997) bihar, 19:30ean. Egin leku! deialdiko hautatuetako bat da, eta Pello Herizekin batera arituko da. Formatu akustikoan dabil egun, bakarka, baina baditu beste musika proiektu batzuk ere.

Hautatua izan zara. Nola jaso zenuen berria?

Menorcan [Herrialde Katalanak] nengoen lagunekin, eta pozgarria izan zen. Deialdia aurrez ere ezagutzen nuen, baina batik bat gustatu zitzaidan saria kontzertua bera zela, eta, are, pandemiaren ondorioz bizi izan dugun egoerarengatik.

Prest al zaude?

Bai, baina ez naiz ni bakarrik egongo: Pello Heriz musikari eta artista arrasatearra ere alboan izango dut. Kasualitatez, orain gutxi hasi ginen elkarrekin entseatzen, eta deialdian parte hartzeko aukera suertatu zitzaidanean zuzenean galdetu nion ea animatuko litzatekeen nirekin jotzera. Baietz esan zidan; lehen aldia da elkarrekin joko dugula.

Zerbait aurreratzerik?

Egongo dira nire kantu batzuk, eta baita bere kanturen bat edo beste ere. Baita bertsio ezberdinak ere.

Bihar, Pellorekin arituko zara, baina bakarka ere egin duzu bidea.

Ez da denbora asko igaro bakarlari moduan hasi naizenetik, baina ematen ditut kontzertuak, batik bat inguruko jendeak deitzean.

Badituzu kanta propioak ere.

Bai. Batzuk baditut, eta banabil horiek lantzen eta plazaratzen ere.

Nola aritzen zara lanean?

Nire kasa ibiltzen naiz pixka bat. Niretzat, musika hobby bat da, eta baita nire abestiak sortzea ere. Nahi gabe gustatzen zaidan zerbait da.

Formatu akustikoan zabiltza, baina baita esperimentazioan ere?

Ez dakit nora joango den hau dena. Baina, printzipioz, eroso sentitzen naizen formatua akustikoa da; gitarrarekin sortzen ditut nire kantuak. Kasu honetan, Pellok gitarra eta pianoa jotzen ditu; beraz, nahasketa bat egingo dugu.

Hala ere, txikitatik zabiltza musikagintzan sartuta.

Panderoa ikasten hasi nintzen Arrasateko trikiti eskolan, eta gerora etorri zen trikitia. Nik uste dut horrek lotu ninduela musikara, eta, era batean edo bestean, beti egon naiz kateatuta. Egun, nahiz eta bakarlari gisa akustikoetan ibili, Neomak eta Sarrabete taldeetako kide ere banaiz, eta horiek gehiago daude lotuta trikitiarekin eta panderoarekin, folk estiloarekin.

Neomak, gainera, aurrez elkarrekin aritutakoek osatzen duzue.

Zazpi gara, eta aspalditik ezagutzen genuen elkar. Kepa Junkera eta Sorginak proiektuan hasi ginen, eta orain dela urtebete, gutxi gorabehera, berriro suertatu zitzaigun elkarrekin jotzeko aukera. Ohartu ginen denok geundela gogotsu itzultzeko; berriro sortu zitzaigun txinparta hori. Lagun talde bat gara.

Sarrabete ere hor dago.

Gorkak, Paulok eta hirurok osatzen dugu, eta, batzuetan, zuzenekoetan, dantzariak eta txalapartariak ere izaten ditugu. Haien partetik iritsi zitzaidan gonbidapen hori; ez genuen elkar ezagutzen, baina niretzako erronka berri bat izan zen musikalki orain arte bizi izan dudanarekin alderatuta.

Zer ezberdintasun dago bakarka eta taldean aritzearen artean?

Ez du zerikusirik, baina ezingo nuke aukeratu. Neomaken, adibidez, lagun talde bat izanik, elkarren artean lotura handia dago agertokian; elkar ulertze bat dago, eta hori bakarka ez dago. Baina, lekuaren eta unearen arabera, bata zein bestea hartzen ditut gustura.

Beraz, proiektu horiekin guztiekin jarraituko duzu aurrera?

Neomak eta Sarrabete taldeekin jarraituko dugu; baditugu ideiak, eta poliki-poliki joango gara erakusten. Nire bakarkako proiektuarekin ere jarraitzeko asmoa daukat; ez dakit nola eta norantz, baina, printzipioz, gustatzen zaidana da; ateak zabalik utziko dizkiet etortzen diren proposamenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.