Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Klasiko agorrezina ahots goran

Ramon Saizarbitoriaren 'Martutene' obra irakurri dute berrehun bat lagunek Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen irakurraldi jarraituaren hamabosgarren aldian.
Lara Izagirre zinema zuzendaria <em>Martutene</em> liburuko pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian.
Lara Izagirre zinema zuzendaria Martutene liburuko pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2022ko ekainak 9 - Bilbo

Amarekin duen harremanaz hausnartzen ari da Julia bere semearen galdera aditu duenean. «Zer da solipsismoa?». Pentsamenduaren jarioa eten dio Zigorren itaunak, eta orobat gelditu du kontakizuna. Momentu horretan, emakumearengan ardaztuta dago Martutene (Erein, 2012) eleberriko narrazioa: uztartu egiten dira Juliak pentsatu, ikusi eta entzuten dituenak zehar estilo librean, eta txertatu egiten da bortizki esaldi luze baten erdian andreari bat-batean etorri zaion oroitzapenen bat.

Martutene eleberriko pasarte hori irakurtzen ari da Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasle bat. Izan ere, atzo Ramon Saizarbitoriaren liburua irakurri zuten Bilboko Arriaga antzokiko foyerrean, euskaltegiak antolatzen duen irrakurraldi jarraituaren hamabosgarren aldian. Korapilatsua suerta daitekeen moldea du Saizarbitoriaren obra mardulak, eta mataza hori askatzea egokitu zitzaien berrehun bat pertsonari, guztira; batzuk telematikoki aritu ziren. Euskaltegiko ikasle eta irakasleek, kazetariek, idazleek, enpresa, erakunde eta instituzio publikoetako ordezkariek eta euskaltzainek hartu zuten parte, besteak beste, eta sei orduz txandakatu ziren obrako pasarteak ahots goran irakurtzeko. Arriaga plazan pantaila handi bat ipini zuten, irakurraldia kanpotik ere jarraitu ahal izateko, eta zuzeneko emanaldia eskaini zuen eitb.eus-ek.

Irakurtzen jarraitu du ikasleak. Komak eta parentesiak baino ez ditu ohartzeko gaia aldatu dela, gertatu ahala ematen baititu narratzaileak gogoetak, sentsazioak eta, are, interpelazioak ere, ordena jakinik gabe: Juliak eta amak ez diote elkarri hitzik egiten parean dauden arren, eta Juliaren senarrak zalantzak entziklopedian kontsultatzeko esan ohi dio Zigorri; dena nahas-mahasean. Pasartea bukatu, eta euskaltegiko ikaskide bati utzi dio tokia atrilean. Hark ere heldu die Juliaren kezkei, ahalegindu da Ramon Saizarbitoriaren estiloan ez galtzen. Eta haren atzetik, beste dozenaka lagunek agertu dituzte gainontzeko pertsonaien ikuspuntuak ere: Martin, Pilar, Abaitua eta Lynn.

Irakurketa lauagoa egin dute batzuek, prosodia landuagoa erakutsi dute besteek. Abiadura hartu, eta proposizio batekin egin dute tupust zenbaitek; testuaren izaera entziklopedikoaz jabetuta, irakurketa moteldu dute gehienek. Silabaz silaba ahoskatu dute interdaktilar hitza; «Garondoan bi», esan, eta geldiune nabarmena egon da «tiro» berba ebaki baino lehen. Arnasa sakon hartzen entzun zaie ia denei.

«Bertigoa» eragiten du

Martutene argitaratu zenetik hamar urte bete dira aurten, eta lanak amaiera ematen dio garai bati; horregatik hautatu du euskaltegiak irakurraldirako. Kaleratu zenetik klasikotzat jo zuten, eta, hori horrela, literaturazale askoren jomugan dago. Steilas sindikatuko kide Ana Perezek irakurri gabe du liburua, baina horretarako gogoa du orain, egokitutako pasartea leitu eta beste batzuk gainbegiratu ondoren. Epe muga ipini dio jada bere buruari. «Ea datorren urterako irakurtzen dudan».

Baina Martutene-k «bertigoa» ematen diola aitortu du. «Esaldiak luzatuz doaz, parentesi artekoak ere luzeak dira, eta galdu egiten zara». Eta 800 orri ditu ia. «Denbora behar da, eta gogoa, halako istorio luze eta sendo batean sartzeko». Hala ere, ez du uste zaila denik; euskara batuan egoteak bidea errazten duela esan du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / @FOKU

«Askotan, baimena eskatzea baino hobe da barkamena eskatzea»

Naroa Torralba Rodriguez

Munduko muralik onenetan hirugarrena Ondarroan dago, Kamiñazpin. Lian Monserrate da egilea, eta gaztetatik ari da gizarte gaiak hormetara eramaten. Memoria ariketa bat egin nahi izan du obra horrekin.
1 ©LABAYRU FUNDAZIOA / EZEZAGUNA

Itsasoko ezkutuko lana

Amaia Jimenez Larrea

Emakumeek itsasoan egindako lanaren balioa aldarrikatzeko, Labayru fundazioak 'Geu be bagara itsasoa' liburua argitaratu du. Zenbait belaunalditako hogei emakumeren testigantzak bildu dituzte.

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.

<em>Te falta un Teleberri</em> saio berria. ©ETB

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.