Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Miriam Otxotorena. Artzaina eta gaztagilea

«Udaberritik dator egungo lehortea»

Artzaina da, eta ardien begiak ditu: larreak ikusten dituenean, ea janaria, belarra duten edo ez behatzen du. Aurtengo baldintzak ohiko bihurtuz gero bizimodua aldatu beharko dutela dio.

IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2022ko abuztuak 31

Artzaina, gaztagilea eta NNPEK Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidentea da Miriam Otxotorena (Iruñea, 1972). Ardiak eta haragitarako behorrak ditu Andiako eta Urbasako mendilerroko larre lehorretan. Iturgoienen bizi da (Nafarroa), eta han du gaztandegia: Axuribeltz gaztak egiten ditu. Lehorteari aurre egiten ari zaio.

«Mendia oso lehorra dago», diote denek. Baina zer esan nahi du zuentzat mendia lehorra egoteak?

Larre bat ikusten dudanean, ardi batek bezala ikusten dut: janaria ikusten dut. Une honetan ez dago janaririk, belarrik, gure ohiko lekuetan, Urbasan eta Andian.

Batzuek esan dute sekula ez dutela ikusi horrelakorik. Zuk bai?

Ezagutu dut gu gauden eremua lehorra abuztuaren bukaeran edo irailaren hasieran. Gauza bat da lehorra egotea; beste bat nondik gatozen.

Udaberri lehor batetik.

Denbora pila bat daramagu euririk gabe. Lehortea udaberritik dator: udaberrian ez zen belarra atera, edo ohi baino belar gutxiago atera zen. Animaliek jan dute belar hori.

Lehortutako belarra jaten dute?

Bai.

Belarrik gabe, zer egiten dute ardiek? Zeren bila joaten dira?

Aurten txilarra gutxiago atera da, baina haren lorea jan dute. Nire bildotsak ikusi ditut elorri beltzaren hostoak ere jaten. Lehorte hau dela eta, pagoek hosto berdeak bota zituzten duela hilabete, eta horiek ere jaten dituzte, ez dutelako besterik. Harrapatzen duten edozer gauza jaten dute. Hau da miseria.

Janaririk ez badute, eman egin beharko diezue.

Gure inguruan, urtea lehorra izan denean edo irailaren hasieran lehortea izan denean, abeltzainek janaria igo diete behiei. Baina irailean. Aurten uztailean hasi dira.

Zer egin duzue zuek?

Ardiak eta behorrak mendiz aldatu ditugu, neguan eraman ohi ditugun mendi batera. Normalean, udaberrian, negurako bazka pilatzen eta gordetzen da. Aurten askoz ere bazka gutxiago egon da udaberrian, eta, abuztuan hasten baldin bagara belarra igotzen, ez dugu belarrik izango udazkena eta negua pasatzeko.

Ardiek badute edateko ura?

Zenbait tokitan arazoak dituzte, ur gutxi dagoelako edo iturri batzuk lehortu egin direlako. Guk ura badaukagu, baina ikusten da iturriak eta putzuak behera egiten ari direla.

Ardiak argalago egongo dira.

Saiatu gara ardiek eta behorrek pisua galdu ez dezaten. Uda ardiak estaltzeko garaia da; baina ez dira estaltzen osasuntsu, indartsu eta lodi ez badaude. Horrek esan nahi du ez duzula izango ez axuririk, ez esnerik.

Ardiak jezten jarraitu duzue, edo utzi egin behar izan diozue?

Ekainean utzi genion, ez lehorteagatik, hala egiten dugulako baizik.

Noiz hasiko zarete berriro?

Gauzak ondo joanez gero, abenduaren bukaeran eta urtarrilean.

Horrelako uda txarrak eragina izan dezake esne eta gazta ekoizpenean?

Arazoa ez umatzea da. Orain da umatzeko garaia. Arazo hori egongo da behorretan eta behietan ere. Datorren udaberrian umatu behar dutenak estalita daude, eta, janari gutxi badago, abortatu egiten dute, berek bizirauteko.

Badirudi batzuk uda honetan jabetu direla klima aldaketaz. Zer da zuretzat klima aldaketa?

Klima aldaketa aurtengo baldintzak edo baldintza gogorragoak ohiko bihurtzea bada, gure bizimodua aldatu egingo da. Mendiei esker bizi gara. Abereak elikatzeko hilabete gehienetan bazka erosi behar badugu, ezinezkoa izango da irautea.

Gaztandegirako bisitak antolatzen dituzue. Zuen bizimoduari buruzko ezjakintasun handia dago? Amildegi bat dago herri eta hirien eta landa eremuaren artean?

Ezezagutza hori edo bi munduen arteko talka ikusten da, bai haurretan, bai helduetan. Nire belaunaldian jada handitu egin zen landa eremuaren eta hiriaren arteko etena, eta gero eta handiagoa da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA/ FOKU

«Ez da gaztetxearen inguruko film soil bat»

Amaia Jimenez Larrea

'Mari. Isilik nahi gaituztenan' Oñatiko Antixena gaztetxearen hamargarren urteurrenaren harira sortutako film bat da, fikziozkoa. Datorren astean estreinatuko da, Oñatin eta Durangoko Azokan.
Hilabete honetan bi aldiz agertu da Belharra, Donibane Lohizune parean. Europako uhinik handiena da. Matt Etxebarne ageri da argazkian, foil taula <em>hegalaria</em> lagun. ©FRANCK LAPUYADE

Belharra: hogei urteko mugarria

Ainize Madariga

Hogei urte bete dira Donibane Lohizuneko Belharra uhin erraldoiaren gainean surf egin zutela lehen aldikoz. Axi Muniainek arraunean ere igan zuen lehentze, 2013. urtean. Gero eta haboro dira ausartzen direnak orain: Matt Etxebarne da haietako bat. Baina denek oroitarazi dute lanjer handia.

 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Hemengo irrati batzuk hasiak dira jolasten adimen artifizialarekin»

Urtzi Urkizu

Adimen artifizialarekin narrazioak sortu, eta horiek 'Zero eta bat' podcastera eramaten ditu Erezumak. Gaur sareratuko du hirugarren atala. «Esperimentatzen jarraituko dut».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jakes Goikoetxea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...