ATZEKOZ AURRERA. Maitane San Nicolas. Aktorea eta intimitate koordinatzailea

«Aktoreok ez dugu ezetz esan nahi izaten»

Zuzendarien eta aktoreen artean bitartekari lana egiten du San Nicolasek. Eszena intimoak aldez aurretik adostea eta koreografiatzea da haren egitekoa, «botere abusuak» eragozteko eta «gune seguruak» sortzeko.

enekoitz telleria sarriegi
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Aktore gisa badu eskarmentua Maitane San Nicolasek (Bilbo, 1985). Jorge Doradoren Objetos lanean aritu da azkena, baina intimitate koordinatzaile gisa egin dio gainezka lanak. Berria da figura, zaharra konpondu nahi duen arazoa.

Nor da intimitate koordinatzailea?

Aktoreei eta filmazioko talde osoari segurtasuna ematen dion figura bat da. Bitartekari bat da, helburu gisa duena filmaziorako tokia gune seguru bat izan dadila.

Eta zertan laguntzen du?

Eszena intimoak koreografiatzen laguntzen du. Eszena intimoak sexu simulatua dutenak dira, baina aktore bat zaurgarri sentitu daitekeen edozein izan liteke.

Eta non ikasten da hori?

SAG-AFTRA AEBetako aktoreen sindikatuak sustatu du figura hori. Zazpi eskola ditu akreditatuak munduan. Lehen formazioa egin dut, eta orain, irailean, New Yorkera noa, presentziala amaitzera.

Zergatik hasi zinen horretan?

Aktoreen aholkulari gisa ere egiten dut lan. Telesail batean ari nintzen lanean, protagonistaren aholkulari gisa, eta ekoiztetxetik deitu zidaten. Amazonekin ari ziren lanean, eta proposatu zieten intimitate koordinatzaile bat kontratatzea. Informatu nintzen, eta online ikastaro bat egin nuen Amanda Blumenthallekin.

Me Too mugimenduak zerikusia izan du figura horren sorreran?

Bai. Hollywooden gertatzen den arte, badirudi ez dela existitzen. Harvey Wensteinen jazarpen kasuak hasi ziren salatzen, baina ez zen hori bakarrik: zaurgarritasun eta botere abusuko kasuak ziren kontatzen zirenak. Botere abusu horiei buruz hitz egiten da asko intimitate koordinazioaren alorrean.

Zergatik gertatzen dira?

Aktoreok lan egin nahi dugulako, ez dugulako ezetz esan nahi izaten. Ez dugu sentitu nahi ez digutela berriro deituko.

Hollywooden gertatu zena gurean ere gertatzen da?

Litekeena da, baina ez dut halako kasurik ezagutzen. Esaten da hemen ere egon izan direla...

Baina...

Lan egin izan dut emakumezko aktore helduekin, eta esan izan didate: «Gazteagoa nintzenean existitu izan bazina...». Horrekin jada gauza asko ari zaizkizu esaten.

Gertatu direla botere abusu horiek, alegia?

Presio handia dago. Ekoiztetxeak aurrera atera nahi du lana, arrakasta nahi du, eta uste du sexuak beste edozerk baino gehiago saltzen duela. Aktoreak, izan gizonezkoak zein emakumezkoak, ezetz ez esateagatik edo bitartekari bat ez edukitzeagatik, egin egiten du, eta etxera oso gorputzaldi txarrarekin joaten da.

Gogorra izan behar du horrek.

Nik beti esaten dut: «Eszena bat ongi edo gaizki dekoratuta dagoen, ikusi egiten da. Aktorea etxera gaizki badoa, ez du inork ikusten».

«Baina, egiten ez badut, ez didate berriro deituko!».

Gertatzen da hori. Nik entzun izan diot zuzendari bati esaten: «Berdin zait nola dagoen aktorea; nik aurrera atera nahi dut eszena». Baina zuzendaria ez da gaiztoa eta aktoreak zintzoak. Ez dago gaiztorik eta zintzorik. Komunikazio falta, horixe dago, eta interesa, botere abusua, eta hau esatea: «Zuk ez baduzu egiten, beste batek egingo du, zeren zerrenda luzea baitut zain». Hori niri ere esan zidan behin zuzendari batek.

Nork eskatzen du zure figura?

Plataformek eta ekoiztetxeek. Nirekin bilera bat egiten dute, esaten didate nolako eszenak dituzten, eta gidoiak pasatzen dizkidate, konfidentzialtasun akordio batekin.

Eta zuk hura xehatzen duzu?

Eta ikusi zeintzuk diren eszena intimoak. Izan ere, haientzat, sexu simulatua eszena intimoa baino ez da izaten, baina nik zaurgarriak diren eszena gehiago ikus ditzaket.

Eta halaxe esaten diezu?

Berriz biltzen naiz zuzendariarekin, eta adostu. Izan ere, gidoi batean, ez da erabat deskribatzen zer egingo den. Jartzen du, adibidez: «Larrua joz amaitzen dute». Horrek gauza asko inplikatzen ditu: gorputz jarrerak, kameren kokalekua... Gertatu izan zait, ordea, zuzendariak azken orduan larru jotzearen eszena aldatu eta cunnilingus bat bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.