ATZEKOZ AURRERA. Txus Egilaz. Perkusio jotzailea

«Dena erabil daiteke perkusio tresna gisa»

Erritmoa paratu du bere bizitzaren eta lanaren erdigunean. Egilazek atzealdetik aurrera eraman nahi du perkusioa. Musika tresnekiko eta partiturekiko menpekotasuna hautsita ohartu zen ez zela mugarik.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Irunberri
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ahoa, oinak, gainerako gorputz atalak, eguneroko objektuak... edozer perkusio musika-tresna bihurtzen da Txus Egilazen eskuetan (Tutera, Nafarroa, 1984). Bide zurrunak aspaldi utzi zituen bere baitako erritmoari jarraitzeko. Bihar, 18:00etan, Peke-toko-pás ikuskizuna aurkeztuko du Iruñean, Nak musika garaikideko jaialdian.

Ikuskizun-tailer bat zer da?

Publikoa emaitzaren parte garrantzitsua da; ez datoz ikustera, parte hartzera baizik. Parte hartzerik gabe ikuskizuna eraitsiko litzateke.

Erraza da jendeak parte hartzea?

Bai. Ez ditugu fokuak pizten eta denak zutiarazi; progresiboa da: ogi apurrak paratuz zoaz. Konfiantza izan behar dute, eta eroso sentitu.

Nak jaialdian parte hartzea zer da du zuretzat?

Musika garaikidea ez dut normalean lantzen; erronka handia da.

Haurrekin erritmoak lantzen dituzu tailerretan. Zaila da?

Niretzat zailagoa da helduen mundua: oztopo eta filtro gehiago daude. Haurrekin dena zuzenagoa da. Zorrotzagoa ere bada: ez badute gustuko, argi uzten dizute.

Bakoitza bere erritmoan joan behar dela esaten da.

Noski, denek ez ditugu gaitasun eta erraztasun berak, baina askotan hor geratzen da behin haurra zinenean ez zenuela balio esan zizutenekoa. Erlaxatu, aurreiritziak alboratu eta ausartuta, askotan emaitzak harrigarriak izan daitezke.

Horrelako ikuskizunek zer ematen diote ikusle-parte hartzaileari?

Energia, erritmoa zentzu guzietan eta arte eszenikoa herabetasunik gabe ulertzeko modua. Eta musikari gainetik kentzea kontserbatorioan erakusten diren patroi formal batzuk. Noski, beharrezkoak dira teknikari eta estrukturari dagokionez, baina hori ez da bide bakarra.

Gorputza, objektuak... guziarekin egin daiteke musika?

Obsesio moduko bat dut: paseoan nabilelarik dena iruditzen zait soinu edo tinbre bat ateratzeko modukoa. Probatuz gero, bai, dena erabil daiteke perkusio tresna moduan.

Kontserbatorioa bukatuta, zergatik hartu zenuen beste bide bat?

Sentitu nuen soilik perkusio tresnekin aritzeak mugatzen ninduela. Instrumentuarekin dugun lotura zuzen hori puskatu eta erritmoaren oinarrira joanda gorputza, objektuak, beatbox-a edo klakea, esaterako, bide asko ireki zitzaizkidan.

Klakea eta dantza irlandarrak egiten dituzu. Erritmorik gabe dantzarik ez. Edo bai?

Erritmoa dantzarekin lotzea izan zen niretzat aurkikuntza nagusia. Kontserbatorioko musikariek normalean badute maitasun-gorroto harreman bat atrilarekin; batere sanoa ez den dependentzia bat. Dantzan ez du zentzurik: partitura batekin ezin da dantzatu, zure gorputza baita tresna. Publikoarekin, oholtzarekin eta musikarekin lotzen zaituena gorputza da. Hor ohartu nintzen ez zela inolako mugarik.

Zu zeu musika tresna bat zara?

Ni, zu eta grabagailu hau ere izan daiteke. Dena da instrumentu bat. Kontua da gozamena bilatzea eta egiten duzuna zorroztasunez egitea: teknika eta lana beharrezkoak dira. Ezin da azaleko zerbait izan.

Perkusioa beti atzean dago: orkestretan, bandetan, taldeetan... Aurrera eraman nahi duzu?

Orkestrakoek atzera begiratzen dute soilik zerbaitek huts egiten duenean. Berdin teknikariekin: soinua edo argia itzaltzen bada, denek atzera begiratuko dute. Bitartean, laguntzaile dira, hein handi batean. Bakarlarientzako obra asko daude, bai, baina badu puntu hori. Ezkutuan egoten da, baina izan daiteke protagonista, eta ez une jakin batean, baizik eta beti. Horretan ari gara.

Horrelako ikuskizunek, gainera, harrera ona izaten dute, ezta?

Oraindik harritzen garelako instrumentu melodikorik gabe zerbait magikoa ikustean. Erritmoak indar handia du, transformatzen du eta bibrazioek indarra ematen dute.

Musika garaikidea eta perkusioa ez dira oso mainstream.

Tradizionalki elitistaren klixea izan du, baina gauza asko egin daitezke musika garaikidearekin. Estiloen artean ez litzateke mugarik egon behar. Estilo guziak irisgarri egin behar ditugu, oinarrira jaitsita: musika, erritmoa eta gozamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.