ATZEKOZ AURRERA

Gutizia bihurtu den tradizioa

Bi mendeko historia duen gozotegia da Martina Zuricalday. Transmisioaren katebegia seigarren belaunaldira iritsi da, eta Gabonen produkzio etengabean sartuta dago Nikole Bayo egunotan.

Bilboko Martina Zuricalday gozotegiaren erakusleihoa, errege opilez betea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
Bilbo
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Errege egunaren bezperan ohikoak diren ilarek apaintzen dute Martina Zuricalday gozotegiaren sarrera Bilboko Ercilla kalean. Asko dira enkargua aurretiaz hartuta, eskariaren bila zuzenean etorri direnak, baina badira azkenera arte itxaron dutenak ere. «Gaur egingo dituztenak gozoagoak egongo dira bihar gosaritan», dio ilararen erdian dagoen andre batek: «Azken unean etorrita, gelditu zintezke nahi duzun tamainako edo osagaiko opilik gabe, baina merezi du itxarotea».

Euskal gozogintzaren aitzindaritzat jotzen dute askok dendari izena ematen dion emakumea. 1839an jaio zen, eta haren gurasoek Posta kalean izan zuten txokolate dendan hazi zen. Aita hil zenean, 1882an, Martina izan zen bost neba-arrebetatik familia negozioan interesa izan zuen bakarra, eta Jose Bayo senarrarekin Kapelagile kalera lekualdatu zuten. Gozo denda horri haren izena jarri zion, eta sona handia hartu zuen XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran.

1896an alargundu zen, eta negozioa bere seme Ramon Bayoren izenean jarri behar izan zuen, garaiko araudiaren ondorioz emakume bat ezin baitzen negozio baten jabe izan. Horrek ez zion eragotzi, ordea, negozioa zuzentzen segitzea.

141 urteren ondoren, seigarren belaunaldiak hartu du erreleboa. Martinaren bilobaren birbilobak daude egun negozioaren kargu, eta, garaiak aldatu diren arren, «funtsean, berbera» dela aipatu du Nikole Bayok. Kalitatea eta bezeroekiko tratua zaintzen segitzea da sekretua, haren ustetan. Garrantzitsu irizten dio, hala ere, «punta-puntako» hornitzaile eta lehengaiak izateari: «Gure produktuak eskuz eta banan-banan egiten dira goizero gure tailerrean, 1830az geroztik gure ohiko errezeta baliatuz». Ezinbestekoa iruditzen zaio tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka mantentzea, baina, sare sozialek gozogintzan izan duten eraldaketaz harago, haurren eskakizunek nahiko antzekoak dira gaur egun ere: «Gurean ez dira modaz pasatu txokolatezko palmerak eta gurinezko opilak».

Tradizioan oinarritua

Gabon garaietan lan karga handitu ohi zaien arren, «pazientzia eta lan handiarekin» egiten diote aurre: «Gozagarria da guretzat jendeak gure produktuak aukeratzea ospakizunetarako, eskerrak emateko edo barkamena eskatzeko. Zuricaldayko gozo asko familia askoren parte dira».

Horietako bat da gaur eskaparatea hornitzen duen errege opila. Errezeta sekretua den arren, Bayok aitortu du ez dela ia aldatu: «Osagai tradizionalak ditu, laranja loreen ura eta fruta natural konfitatuekin. Gure gozokietatikurtean gehien espero direnetako bat da, eta estimurik handienetakoa dutenetako bat». Askotarikoak egiten dituzte, gainera: naturala, kremaz betea, esne gain betegarriarekin edota trufazkoarekin eskatu daiteke.

Prezioak gora egin du produkzio kate osoan, eta aurten bost zenbakidun opil handienak 50 euro inguru balioko du. Horrek bezero asko beste kate merkeago batzuetara eramaten ditu, baina «fideltasuna» ere nabaritzen dutela aipatu du gozogileak.

Eskari handiak izan dituzte, eta eguneroko produkzioari garaian garaiko jakiak gehitzen zaizkio. Bayok adierazi du aste honetan ordu eta erdiro 35 kilo inguruko sorta bat egiten dihardutela.

Gozo honen sekreturik gordeenetakoa da ezkutaturik duen indaba alea topatzea. Tradizioak dio topatzen duenak ordaindu behar duela opila, baina Bayok dio ez dela hala: «Gehienetan, emakumeek ordaintzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.