Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Juan Pablo Roura. Villa Maria Luisa loradendako arduraduna

«Bokaziozko lan bat da loradendakoa; oso dinamikoa»

Donostiako Villa Maria Luisa loradendak 100 urte bete ditu Hernani kalean. Negozioa «asko» aldatu dela adierazi du arduradunak.
MAIALEN ANDRES / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Jimenez Larrea -

2023ko urtarrilak 25 - Donostia

Sartu bezain laster bezeroa erakartzeko gaitasuna du Donostiako Villa Maria Luisa loradendak. Ez zirrikitu bakoitzean dituen loreen usain gozoarengatik bakarrik, baita bere historiagatik ere. 100 urte bete ditu hiriko Hernani kalean, eta, hori gutxi balitz bezala, 144 urteko ibilbidea du. 2019tik, Juan Pablo Roura (Donostia, 1979) da dendaren arduraduna, Elena de la Peña jabeak erretiroa hartu ostean.

Horrelako negozio batek 100 urte leku berean betetzea ez da lan makala.

Hala da. Ez da beti hemen egon, ordea. Lehenengo, Askatasunaren Hiribidean egon zen; gero, Etxaide kalean; eta, azkenik, hemen jarri zuten, Hernani kalean. Urte batzuk igaro ondoren, eraikina bota zuten, gaur egungo denda ez baita hasierakoa bezalakoa, eta denda txikiagoa geratu zen, orain bezalakoa.

Zenbatek egiten duzue lan hemen? Nolakoa izaten da zuen lana?

Hiru lagun ibiltzen gara lanean. Normalean, agenda bat izaten dugu, eta enkargu batzuk izaten ditugu programatuta: ezkontzak, San Valentin, Santu Guztien Eguna, Eguberriak, amaren eguna... Planifikatutako horretaz gain, unean unekoa ere izaten dugu; hiletak edo jaiotzak, adibidez.

Lan mugitua da, beraz.

Bai. Batzuetan lasaiago egon gaitezke, baina, hala ere, beti dago egiteko zerbait. Adibidez, igande goizean kendu genuen San Sebastian eguna zela-eta jarria genuen erakusleihoa, eta orain San Valentinekoa jarri dugu. Leku lasaia eta polita dirudi, eta polita da lan gisa, baina atzetik dagoen lan karga askotan ez da ikusten.

Zuk zenbat denbora daramazu mundu horretan lanean?

Ni landareen haztegi batean hasi nintzen, eta hamahiru urtez egon nintzen bertan lanean. 2010ean hasi nintzen hemen. Elenak [de la Peña] erretiroa hartu zuenean, dendaren ardura nik hartu nuen, 2019an.

Zer da zuretzat negozio honen gauzarik bereziena?

Oso lan polita dela esango nuke. Landarez eta lorez inguratuta igarotzen dugu eguna. Gustatu behar zaizun zerbait dela uste dut. Bokaziozko lan bat da, eta oso dinamikoa.

Jendeak erosten al ditu loreak gaur egun?

Bai. Geroz eta leku gehiagotan erosi daitezke loreak: loradendetan, merkatuetan... Etxera eramateko loreak erosten dituenak, normalean, merkatuetan erosten ditu. Zerbait bereziagoa edo pertsonalizatuagoa nahi duenak, berriz, loradendetara jotzen du.

Zer-nolako bezeroak izaten dituzue?

60 bat urtetik gorakoak izaten dira, batez beste.

Gazteek, beraz, ez dute loreak erosteko hainbesteko ohiturarik.

Modernizatzen saiatu gara: sare sozialetan gaude, baita Tiktoken ere. Beste publiko batzuengana iristea da orain gure erronka. Kaktusak ditugu, bonsaiak, iraupen luzeko arrosak... Bezero gazteagoei zuzendutako produktuak dira.

Nolako loreak izaten dituzue?

Guk lore sorta klasikoagoekin egiten dugu lan, normalean: margaritak, gerberak, astromeliak, peoniak, hortentsiak...Baita garaian garaiko lore eta landareekin ere. Esan beharra dago orain ia denetik dagoela sasoi guztietan, leku desberdinetatik ekartzen dizkigutelako loreak.

Negua garai ona al da loreak saltzeko?

Badaude garai hobeak, baina, hala ere, badaude salmenta handiak izaten ditugun garaiak; Gabonak, adibidez. Urtarrila nahiko hilabete lasaia izaten da. San Valentinekin ere zertxobait igotzen dira salmentak otsailean, baina garai motel samarra izaten da.

Noiz hasten da hobetzen hori?

Aste Santutik aurrera, apirilean. Jendea gehiago animatzen da, gehiago irteten da kalera, egunak luzeagoak direlako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ondarroako (Bizkaia) Kamiñazpi auzoan dagoen murala, Lian artistarena. ©Berria

Lian muralgilearen Ondarroako artelana, munduko hiru onenen artean

Paulo Ostolaza

Bozketa egin dute 2022an munduan egin diren ehun muralik onenen artean, eta hirugarren postua lortu du Kataluniako artistaren lanak. Kamiñazpi auzoan dago.

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Amaia Jimenez Larrea

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...