ATZEKOZ AURRERA. Elias Portela. Poeta

«Erotismo eta maitasun ez-kanonikoak daude nire poemen oinarrian»

«Poesiaren marinela» dela dio Portelak. 'Knörr' sinadurapean argitaratzen ditu olerkiak, islandieraz eta galegoz. Itsasontzi bikingoak erreferentziatzat hartuta, aurreiritziak uxatzeko darabil ezizena.
LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2019ko urtarrilak 18
Italia zuen helburu, baina kasualitatez Islandian bukatu zuen Elias Portelak (Cangas de Morrazo, Galizia, 1981). Filologia erromanikoa ikasten zebilela, Erasmus bekaren bidez egin zuen lehen egonaldia Reykjaviken. Bost poema liburu argitaratu ditu islandieraz eta galegoz, Elias Knörr izenordea erabilita. Euskal Herrira egindako bigarren bidaian, errezitala egin du Bilboko Anti liburu dendan, gaztelaniaz eta islandieraz.

Izenorde batekin sinatzen dituzu liburuak. Nor da Elias Knörr?

Lehen liburua argitaratzear nengoela, argitaletxeko arduradunak eta liburu saltzaileak galdera bera egin zidaten: baina emakume bat da? Izenorde bat erabiltzen du atzean ezkutatzeko? Islandian ere antzeko egoera bizi izan nuen. Are, emakume idazle jakin bat zuten buruan, Elias Knörr izenaren atzean egon zitekeena.

Zure olerkietan lesbianismoak duen protagonismoagatik ote?

Egia da nahiko gai usua dela. Ahots ez-konbentzionalak bilatzen ditut. Gizartearen zati bati, beharbada, ez zaio egokia iruditzen hein handi batean ni lesbianismoarekin identifikatua sentitzea. Beharbada, egiten dudan bakarra zakila ukatzea da. Zakila kentzen duzunean, aldatu egiten da ikuspuntua. Erotismo eta maitasun ez-kanonikoa daude nire poemen oinarrian. Gainera, maitasuna, Mendebaldean, Safo Lesbosekoak asmatu zuen, eta berak andreei idazten zien gehienbat. Emakume olerkari askoren izenak galdu ditugu, baina ahots femeninoa hor dago. Azken batean, adimena irekitzea da nire olerkien helburua.

Eta zergatik Knörr?

Aurreiritziak saihesteko erabili nuen. Islandian sarri esaten dute etorkinen literaturarik ez dutela, baina, gero, gutxietsi egiten dute. Oso izen adierazgarria da. Knörr Erdi Aroko hitz bat da. Oso deitura zaharkitua eta ezohikoa da Islandian.

Esanahirik ba al du abizenak?

Knörr bat Erdi Aroko itsasontzi bat da, oso zabala eta oso handia. Jendeak iparraldeko Europako herrialdeetako Erdi Aroaz duen irudia bikingoetan oinarritzen da. Egia esan, bikingoak piratak, lapurrak eta bortxatzaileak ziren. Beraz, ez ziren adibide morala. Nik ez dut basakeria horren gorazarre egin nahi. Baina, aldi berean, bikingoak poetak eta merkatariak ere baziren. Knörr bat ez zen gerra itsasontzi bat, merkataritza barku bat baizik. Ni neu poesiaren marinela naiz: itsas bidaiaren metafora erabiltzen dut sarri.

Galiziarra zara jatorriz, baina Islandian pasatu dituzu azken urteak. Nolatan?

Istripu kate bat izan zen. Nire benetako xedea Italian bizitzea zen, filologia erromanikoa ikasi eta horretan espezializatzea. Gero, Erasmus beka zela medio, urrutira joan nahi nuela erabaki nuen, Italiara geroago joango nintzela. Urruti hura izan zen Islandia.

Poemak galizieraz eta islandieraz idazten dituzu. Bata ama hizkuntza duzu; bigarrena, ordea, ez.

Zaila da, eta idatzi nahi dudanaren araberakoa ere bada. Nire poemen oinarrian irudiak daude, eta hitzek ematen dituzten aukerak, fonikoak eta esanahiari dagozkionak. Asko birziklatzen dut. Abiapuntua hori izanda, bide ziurragoa egiten hasten naiz. Edo, gutxienez, nireagoa den bide bat. Beste kontu bat ere badago: kostako herri txiki batekoa naiz, eta ez naiz inoiz galego estandarrean mintzatu. Beraz, harrikadak toki guztietatik jasotzera ohitu naiz. Agian, gaztelaniaz idaztea litzateke bide ziurrena, baina ez dut ezer argitaratu gaztelaniaz.

Eta, behin idazten jarrita, zergatik aukeratu zenuen poesia?

Denboraren oso pertzepzio eskasa dut. Poesian, eleberrian baino sinpleagoa da denbora. Nik neure burua ez dut ikusten nobela bat idazten; nahiago dut hitz gutxi batzuekin jostatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Uxue Gutierrez Lorenzo

Informazio osagarria