ATZEKOZ AURRERA

Areatzaren lehen abordatzea

Bilboko Aste Nagusirako gutxi falta da, konpartsek Areatzan argi utzi dutenez. Konpartsakide Eguna ospatu dute, begirada jaietan daukatela: azken bilerak egiteko aprobetxatu dute eguna.

Konpartsakideak Areatzan elkartu ziren atzo, eta Aste Nagusirako hilabete eskas falta dela ospatu zuten, jai giroan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Aste Nagusia hasteko hilabete falta bada ere, konpartsek eta festa giroak Bilboko Areatza hartu zuten atzo. Hamar gaueko jairik ez zen izan, baina motorrak berotzen hasteko lehen saioa izan zuten Konpartsakide Eguna. Txosnarik ez zegoen, ezta jendetza handirik ere, baina Bilboko konpartsa bakoitzak bere koloreak eta banderak eraman zituen Areatzara. «Bertara inguratzen hasi eta koloretako kamisetak ikusten hasi naizenean, sabel barrenean zerbait mugitzen hasi zait: Aste Nagusia gertuago dagoela erakusten dizu egun honek». Angie Alonsok Pinpilinpauxa konpartsaren kamiseta horia zeraman soinean, eta, urtebeteko etenaren ostean, gogotsu zegoen Bilboko jaiak gertuago nabaritzen dituelako.

Aste gutxi falta zaizkie konpartsakideei Areatzaren bigarren abordatzea egin eta txosnen egiturak muntatzen hasteko. «Dena pentsatuta daukagu, eta gauza guztiak antolatuta», esan zuen Miguel Donosti Pinpilinpauxako konpartsakideak. «Edarien eskariak eginda daude, baita purpurina ere; hala ez badago, jai duzu!». Atzoko egunean, konpartsakideek jaien aurreko bilera orokor bat egiteko aprobetxatu zuten, azken detaileak finduz joateko. Horregatik, Areatzan jai giroa bazegoen, baina Aste Nagusia zen hizketagai nagusia konpartsakide askoren artean.

Izan ere, hilabete falta den arren, antolatu beharreko asko daukate konpartsek. Metro batzuk urrunago zegoen Rosa Iturbe, Zaratas konpartsaren kamiseta arrosa soinean zeramala. Haiek ere gehiena antolatuta daukatela zioen, eta bilera egiteko aprobetxatu zuten atzoko eguna. Bide batez, urtean zehar elkar ikusi gabeko konpartsakideak agurtzen aritu zen. «Guretzat oso egun garrantzitsua da gaurkoa, jaiak amaitu zirenetik ikusi ez duzun jendearekin egoteko garaia baita hau». Horregatik, jai giro berezia zegoen atzo Bilboko Areatzan: aspaldiko lagunak elkar agurtzen zebiltzan asko, eta, topo egindakoan, horiek guztiek burua Aste Nagusian jartzen zuten.

Dena dela, Areatzan festa giroa zen nagusi, konpartsen arteko pintxo lehiaketa egiten ari baitziren kiosko parean. Kolore askotako kamisetak elkarren artean nahastuta, bakoitza bere janaria prestatzen zebilen. Baina pintxo horiek Areatzan bildutakoen sabelak asetzeko behar adina ematen ez zuenez, konpartsakideek mahaiz estali zuten inguru osoa, eta bakoitza bazkaria prestatzen ari zen mahai horien bueltan. Aspaldian ikusi gabeko kideak mahai baten bueltan topatzea izan zen, beraz, atzoko konpartsakideen plana.

Udalarekin haserrea

Aste honetan Konpartsakide Eguna aurkezteko egindako agerraldi publikoan, Bilboko Konpartsek udalarekiko haserrea erakutsi dute. Izan ere, gauero Areatza inguruan egiten den berbena plaza Biribilera eramatea erabaki du udalak, haiekin kontsultarik egin gabe, eta plazaren inguruan egon ohi diren txosnak Erripako kaira lekualdatu dituzte. Kezka eta haserre hori atzoko egunean ere presente egon zen. «Jauntxokeria hutsa izan da; azken unean jakin dugu honen guztiaren berri, eta modu txarrean, gainera. Hotel berri bat dagoelako hartu dute erabaki hori, antza denez; bada, jai hauek denontzat dira». Aldarrikapen hori ahotan zuen arren, Iturbek festak giro onean igarotzeko deia egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.