ATZEKOZ AURRERA. Joxean Iglesias, 'Blami'. Artista

«Material dena berrerabilia da»

Blami material berrerabiliaz baliatzen da bere lanak egiteko. Orain, Andoainen ari da hurrengo erakusketa prestatzen, Martin Ugalde kultur parkean. 'Hitzjasotzailea' da haren obraren ardatza.

June Romatet Ibarguren.
Andoain
2019ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Joxean Iglesias Blami (Donostia, Gipuzkoa, 1970). Euskal Herrian jaio arren, denbora asko pasatu zuen Bartzelonan, estudio batekin kolaboratzen. Gainera, moda egileekin ere lanean aritu da. Orain Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) erakusketa bat antolatzen ari da.

Polifazetikoa zarela diozu. Zer aurpegi duzu nahiago?

Hau [argazkian daraman maskara seinalatuz]. Aurpegi guztiak oro har. Bakoitzak alde onak eta txarrak dauzka, eta, gizarte honetan artista baten bizitza zaila denez, guztiak izan behar dira eskura.

Nola sortu zen Martin Ugalde kultur parkeko proiektua ?

Proiektu hau modu naturalean sortu zen, niri gustatzen zaidan bezala. Bada urtebete Martin Ugalden jarri genuela tailerra, eta urte honetan jende asko ezagutu dugu. Baimena eman ziguten erakusketa parkean egiteko. Hasiera batean, parke guztia zuri zegoenez, pareta guztiak zuriak baitira, kolorea jarri nahi genion, eta, esan bezala, natural hasi zen dena.

Zer sentiarazten dizu parkea libre erabiltzeko aukera izateak?

Luxu bat da, leku hau sinestezina baita. Gure asmoa parkea koloreztatzea da, baita jendearentzat ezagunagoa egitea ere.

Kultur parkean dauden lan guztiak zureak dira?

Lan batzuk neureak dira; beste batzuk nire lankide Arantxa San Romanek egin ditu, eta beste batzuk bionak dira.

Nola aurkeztuko duzue Martin Ugaldeko erakusketa?

Uda osoan obra ikusteko aukera izango da, asteburuetan. Hemen egongo naiz gauzak azaltzeko. Erosteko aukera ere egongo da, batez ere Hitzjasotzailea [argazkiko obra]. Letra bakoitza erosteko aukera izango da, koadro batean eramatekoa.

Zer material erabiltzen duzue?

Edozein material erabiltzen dugu gure lanetarako. Hala ere, material dena berrerabilia da. Noizean behin buelta batzuk ematen ditugu materiala topatzeko. Adibidez, maskarak marko denda batek botatako laginekin eginikoak dira.

Zer tresna duzu ezinbestekoa?

Landu nahi denaren arabera aldatzen dira tresnak, baina niretzat ezinbestekoa da kuterra. Egurra, beira eta beste material asko lantzeko erabiltzen dut.

Musika erabiltzen duzu lanerako?

Ahal izanez gero, beti erabiltzen dut musika: lagundu egiten dit lanerako, eta asko gustatzen zait. Lanbide honen alde ona hori da: lanerako baldintzak hauta ditzaket, eta, horregatik, musikarekin egiten dut lan gehienetan.

Nola duzu nahiago zure lan mahaia, ordenatuta ala ez?

Artista bakoitzak bere modus operandi-a du. Ni beti ordenatuta hasten naiz, baina gero denak desordenaturik bukatzen du. Une batzuetan berriz ere ordenatzeko beharra sentitzen dut. Artista bera eroso egotea da garrantzitsua.

Gustatzen zaizu beste artista batzuekin lan egitea?

Bai eta ez. Normalean ez ditut kolaborazioak egiten. Baina egin izanditudanean lagunekin naturalki sortutakoak izan dira, ez dut interesagatik egiten. Nire ustez, ondo datorkit, egingo ez nituzkeen gauzak egiten ditudalako beste artista batzuen alboan lan eginez.

Nola dakizu obra bat amaitu duzula? Eta bukatzean, zer?

Badakit amaitu dudala ikuslea iristen denean eta obra begiratzen duenean, obra kontsumitzen denean, alegia. Hori sentitzen badut, zuzenean beste lan bat hasten dut.

Kamisetekin lanean aritu zinen? Horren falta sumatzen duzu?

Azkenekoz kamisetekin lanean aritu nintzen lagun batzuek Donostian kamiseta denda bat ireki nahi izan zutelako. Nahiz eta gustura aritu nintzen Loreak Mendian eta beste hainbat etxerekin, ez dut horren falta sumatzen. Hemen ere berrerabilitako arropekin lan egiten dugu, jendeak behar ez dituenak landuz eta margotuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.